San Tomas azokan, herritarrak protagonista

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 19a, 11:22

Bihar egingo dute feria, goizean, plazan; arratsaldean mus txapelketa elkartean. Argitxu Zabala guraso elkarteko kideak eman du azokaren berri.

 

Urte batzuk badira, hamar behintzat bai, San Tomas azoka antolatzen duela Txalburu eskolako guraso elkarteak. Argitxu Zabala bertako kideak azaldu duenez, «herriari bizi pixka bat emateko asmoz hasi zen antolatzen. Hor ateratzen den dirua Txalburu eskolarentzat izaten da».

Hamar bat postu izango dira: barazkiak, arrautzak, loreak, bertako produktuak, Ogi Berriren postua... «Ikasleek ere euren postua jartzen dute, eta hortik ateratzen duten dirua beraien artean banatzen dute», zehaztu du Zabalak. «Ilusioarekin aritzen dira, larunbata iristeko gogoz daude». Beste postu guztiak gurasoek jartzen dituzte. «Herrian giro berezia sortzen da eta oso polita izaten da», gaineratu du Zabalak. Bertsolariak eta trikitilariak ere izaten dira giroa goxatzen.

Goizean azoka izango da, eta arratsalderako ere beste ekitaldi bat egingo dute herrian: mus txapelketa Larrunarri elkartean. «25. aldia da antolatzen dela txapelketa», azaldu du Zabalak. «Abendu bukaeran izan ohi da beti mus txapelketa, eta saiatzen gara azokaren egun berean egiten eta festa luzatzen».

Izena emateko epea ordubete aurretik irekiko da, eta antolatzaileek garbi utzi dute bikote bakoitzeko parte hartzaileetako bat gutxienez herrikoa izan behar dela. Lehenengo hiru bikoteek izango dituzte sariak.

Urtean bi mus txapelketa egiten dituzten elkartean. Horietako bat herriko festetan izaten da, sanjoanetan, eta bestea abenduan. «Biak bereziak izaten dira eta abenduko honetan jende askok eman ohi du izena».

Egitaraua

Abenduak 20, larunbata

10:00. San Tomas azoka plazan (eguraldi txarra izanez gero, frontoian). Bertsolariek eta trikitilariek giroa alaituko dute.

15:30. Mus txapelketa Larrunarri elkartean. Bikote bakoitzeko parte hartzaileetako bat gutxienez Abaltzisketakoa izan behar du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!