Hondakinen etxola kiskalita agertu da

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 14a, 12:28
Adunan sailkatutako hondakinak biltzeko erabiltzen zuten etxola kiskalita agertu da. Udalak jakinarazi du hondakinak bertara botatzen zituzten 15 familiei oraingoz, atez ate bilduko dizkietela.

Oria ibaiaren ondoan zegoen etxola erreta azaldu da. Suhiltzaileak astelehenean 22:30ak aldera bertaratu ziren sua itzaltzera eta esan dutenez, ezin daiteke jakin sua nahita sortu zen ala ez.

Udalak jakinarazi duenez, atez ate bilduko dizkiete hondakinak bertara joaten ziren 15 familiei, eta ahal den azkarren jakinaraziko dute zer egingo duten etxolarekin.

Tolosaldeko Mankomunitateak ere, hondakinen kudeatzaile denez, 15 familia horiei hondakinak gaika saillkatuta atera eta bilduak izango direla bermatuko diela jakinarazi du.

Azaroa erdialdean hasi ziren hondakinen bilketa sistema berriarekin, eta ordutik saririk ere eskuratu du Adunak. Izan ere, Conama Fundazioak hondakinen kudeaketa planagatik saritu zuen herria. Estatuko herri txiki eta ertainen iraunkortasuna nabarmentzen du egitasmo honek eta Espainiako Fisikarien Eskola Ofizialak sorturiko fundazioa da Conama.


Adunak 469 biztanle ditu eta 5.000 biztanletik beherako mailari dagozkion akzesitetako bat eman zioten, besteak beste, «herri hondakinen kudeaketa integral eta arduratsuagatik». Herrian orain arte aurrera eramandako egitasmoak saritu ditu Conamak, izan ere, Adunako herritar gehienek egiten dute konposta hondakin organikoekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!