Pello Añorga: «Kontatzeko espaziorik onena begiradaren konfiantzatik hasten da»

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 16a, 10:45

Kultur egitaraua ireki du Pello Añorgak 'Elkar entzuteko gunea sortzen etxean: liburuak eta ipuinak lagun' izeneko ikastaroarekin. Entzun Ataria Irratian eginiko elkarrizketa osoa.

Zein izan da ikastaroaren helburua?
Urte asko daramatzat kontu honekin, hau da, ipuinak nola kontatu behar diren azalduz. Baina azken urteotan konturatu naiz estrategiak eta baliabideak ezagutzea ondo dagoela, baina hutsune larriena dugu espazioan. Nahi baduzu ipuin bat edo liburu bat partekatu, ikusi behar da denborarekin zer-nolako harreman dugun. Ia egunero bizi gara denboraren kontra, eta benetan ipuinaren eta liburuaren bitartez haurrarekin komunikatu nahi badugu, denboraren alde egin beharko dugu.

Asko kostatzen zaigu elkar entzutea?
Denbora hartzen dugunean eta hor presentzia guztiarekin gaudenean hasiko gara entzuten. Kostatzen zaigu presente egotea, orainaldian. Ondo entzuteko jarrera hori izatea kostatzen zaigu. Lehen esan bezala denboraren kontra aritzen gara. Espazio batean gaude, baina aldi berean gaude mila gauzetan, baina ipuinak emoziotik kontatu behar dira, jakin beharko dugu hor egoten. Garai batean ondo bereizten ziren kontatzeko aldi onak eta txarrak. Uda ez zen aldi ona kontatzeko, jendea oso okupatua zegoelako, gauza asko zituen esku artean. Gaur egun denbora guztian gaude erabat okupatuta, eta denbora eta espazioa erabat betea dugu. Beraz, gaur egun erronkarik handiena da nola hartu denbora eta partekatu ipuinak. Kontatzeko espaziorik onena begiradaren konfiantza izatea da, denbora hartu eta kontatu.  

Haurrentzako oso erakargarriak dira ipuinak. Zergatik uste duzu gertatzen dela?
Nik uste dut ipuinek ez dutela adinik. Helduok emozioak behar ditugu bizitzeko, baina haurrak emoziotik hurbilago daude. Atrebentzia ez bada, nire ustez helduok sentimenduak-eta bai, baina emozioak askoz ere primarioagoak ditugu sentimenduak baino. Eta haurrak gertuago daude emoziotik sentimenduetatik baino. Orduan, ipuinek emozioak era gordinean agertzen dituzte, instantean. Haur txikientzako badira, sinpleak izango dira, bainan ezin dugu ahaztu munduan eman diren jakinduriarik sakonenak gauza sinpleen bitartez eman izan direla, ipuin sinpleen bitartez.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!