Bazkideekin ospatuko du bere eguna Txintxarri abesbatzak

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 23a, 10:14

Elizan emanaldia eskainiko dute larunbatean; aurretik meza eta gero afaria dituzte. Ataria Irratian hitz egin du Garbiñe Orbegozo Txintxarri abesbatzako zuzendariak.

Larunbatean Txintxarri Eguna ospatuko dute. Badira urte batzuk, hamasei zehazki, lehenengo aldiz antolatu zenetik, eta urtero eutsi diote ospakizunari. Garbiñe Orbegozo Txintxarri Abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, «bazkideei bereziki eskaintzen zaien emanaldia izaten da». Abesbatzan ibilitako jendea bildu eta urtean behin ospakizuna egitea da asmoa.

Txintxarri Abesbatzak 54 urte beteko ditu aurten, eta hain justu abesbatzaren sortzailea izan zen Joxe Gastesik berak bultzatu zuen eguna antolatzearena. «Egun hori martxan jarri genuen, eta iruditzen zaigu egun polita dela, eta mantentzeko asmoa dugu», esan du Orbegozok.

Egunaren egitarauari begiratuz, lehenengo ekitaldia meza izango da, 19:00etan. Abesbatzan aritu direnen alde ateratzen da. «54 urte hauetan jende asko igaro da abesbatzatik eta horietako batzuk ez daude gure artean, eta hauek oroituz mezan abesten dugu». Ondoren 20:00etan emanaldia egingo dute, elizan bertan.

Estilo ezberdineko abestiak

Txintxarri Abesbatzak eta Txintxarri Txiki abesbatzak eskainiko dute kontzertua. Biak zuzentzen Orbegozo ariko da: «Lehenengo aldia izango da txikiak zuzenduko ditudala, eta ilusioz gaude emanaldirako». Hamahiru haur daude egun Txintxarri Txiki abesbatzan. «Gehiago izatea komeniko zen, baina daudenak indartsuak dira, beraz, nik uste polita aterako dela».

Kontzertuaren egitarauari dagokionez, Txintxarri Txikikoek bost abesti kantatuko dituzte, helduek sei kanta abestuko dituzte eta bi abesbatzek batera bi abesti eskainiko dituzte, Sorotan Beleren Arratsalde honetan eta Ken Zazpiren Haizea, hain justu. «Emanaldiari bukaera alai bat eman nahi zaio horrekin».

Haurrek bakarrik abestuko dituzten bost abestiak euskaldunak dira. Javier Busto, Josu Elberdin eta Xabier Sarasolak moldatutakoak dira, tartean, Kaia barrenian, Baserritarrak eta Kolore kolore. Helduen abesbatzak abesti espiritual pare bat egingo dituzte, Hear us, o Lord eta Give me that old time religion, beste hiru euskaldun, tartean Amak ezkondu ninduen, eta kantu italiar bat, Gobbo so pare. «Estilo ezberdineko abestiekin osatu dugu, beraz, egitaraua, zerbait atsegina eta entzuteko erraza izan dadin». Emanaldira jende dezente joaten dela gaineratu du Orbegozok: «Haurrak eta helduak izanik kantari, herriak ondo erantzuten du».

Kontzertuan piano jole moduan Mariaje Rekondo ariko da. «Gurekin lan asko egiten du eta asko laguntzen digu», azaldu du abesbatzako zuzendariak.

Emanaldia bukatu eta gero, afaria egingo dute Eizmendi Enea jatetxean. Hor ere abestiek bere lekua izango dute: «Nahikoa da norbait animatzea gero denek jarraitzeko. Batzuetan gehiago kostatzen da, beste batzuetan gutxiago, baina mahai baten inguruan beti animatzen gara. Gainera, edozeinek abestu ditzakeen abestiak izaten dira, ez bakarrik abesbatzan egiten ditugunak, eta giro polita sortzen da».

Abesbatzako ateak irekita

Txintxarri Abesbatzan egun 30 abeslari daude. «Oso kopuru polita da», dio Orbegozok. «Alegiak duen biztanle kopurua ikusita, kopuru aldetik ondo dago». Kide gazteenak 18 urte ditu eta batzuk badaude erretirodunak direnak. «Adinean denetatik dago, eta guretzako oso ona da gazteak ere sartzea eta hor mantentzea».

Abesbatza utzi duen norbait berriro bueltatzea «zaila» izaten dela esan du Txintxarriko zuzendariak. «Hor daudela jakitea ere, bazkide bezala, adibidez, edo laguntzen, eskertzekoa da». Orbegozok gaineratu duenez, ateak irekita daude nahi duenarentzat Txintxarri abesbatzan sartzeko. Gainera, kide guztiak ez direla alegiarrak zehaztu du. Izan ere, heren bat herritik kanpokoa da. Inguruetako herrietakoaz aparte, Andoain, Añorga, Urnieta eta Hernaniko kideak ere badaude abesbatzan.

Parte hartzeko interesa dutenek, beraz, etzi izango dute aukera Txintxarri abesbatzaren eta Txintxarri Txiki abesbatzaren jarduna entzuteko eta emanaldiaz gozatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!