Zineforuma eta gatazken kudeaketari buruzko ikastaroa Berdinbidean programaren bidez

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 29a, 12:55
'Hysteria' filmaren irudi bat.

Bi pelikula ikusteko aukera izango da, eztabaida eta guzti, eta ikastaroak sei saio izango ditu. Gaur izango da zineforumaren lehenengo emanaldia, Hysteria filmarekin. Ekimenak dinamizatuko dituen Susana Manzanedok eman du horien berri Ataria irratian.

Berdinbidean programaren bidez, Alegian zineforuma eta Gatazken kudeaketa izeneko ikastaro bat eskainiko dira datozen asteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Eudelen eta Emakunderen laguntzarekin antolatzen duen programa da Berdinbidean.

Zineforumak bi saio izango ditu. Lehena gaur izango da, eta Hysteria filma ikusi ahal izango da kultur etxean 21:00etatik aurrera eta jarraian solasaldia izango da. Sortzen aholkularitzako Susana Manzanedok dinamizatutako du eztabaida. «2011n egindako film britainiarra da, komedia giroan, eta emakumearen sexualitateari buruz egon diren ikuspuntuak aztertuko ditugu», azaldu du Manzanedok. «Filman agertzen diren genero rolak gaur egungoekin alderatuko ditugu, eta klasea eta generoa nola lotu diren aztertzeko aukera izango dugu. Pelikulak histeria trastornoaren inguruan hitz egiten du, nola emakumeak histerikotzat jotzen zituztenean zer-nolako tratamenduak garatu ziren. Komedia puntu horretan, bibradoreen sorrera aztertzen du».

Bigarren filma azaroaren 13an eskainiko da. Egun horretan El Cairo 678 filma ikusi ahalko da. Kultur etxean izango da hau ere, 21:00etan, eta ondoren ere eztabaida izango da. «2010eko film egiptoarra da. Benetan gertatutako gauza bat aztertzen du, eta emakumeek jasaten duten sexu jazarpena eta indarkeria aztertuko dugu. Eta indarkeri horren aurrean hartzen diren erantzun ezberdinak jorratzeko aukera emango digu», zehaztu du Manzanedok. Zineforumaren helburua «ikusten dugun filma aztertzerako orduan gure bizitzan bizi ditugun hainbat momentuez hausnartzeko aukera ematea da. Eta horixe da solasaldian jorratu nahi duguna».

Emozioen kudeaketa lantzea

Gatazken kudeaketa izeneko ikastaroa azaroan 5ean hasiko da eta beste bost saio eskainiko dira: azaroaren 12an, 19an eta 26an eta abenduaren 3an eta 10ean. 18:30etik 20:30era izango dira saioak eta Susana Manzanedok berak emango du. «Adimen emozionalari buruz ariko gara, komunikazioa aztertuko dugu, asertibitatea landu...», esan du Manzanedok. «Orokorrean emozioen kudeaketa landuko dugu, eta kudeaketa horren ondoren bizi ditugun gatazkak nola ebatzi ditzakegun lantzea da helburua».

Emakumeei zuzendutako ikastaroa izango da eta horren inguruan informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko Alegiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo edo 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu beharko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!