Alegiako Gaztelekua: nerabeak euren dinamika sortzen

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 30a, 09:15

Azarotik dago martxan zerbitzua, eta Franconi etxeko bi gela erabiltzen dituzte. Mikel Agirrezabala ibartarra da bertako dinamizatzailea.

Alegiako Udalak urteetan zehar zeraman haur, nerabe eta gazteak barne hartuko lukeen proiektua martxan jartzeko asmoarekin, eta egun Gaztelekua dago herrian. Lehengo urtean jarri zen martxan proiektua, Foru Aldundia eta Alegiako Udalaren arteko hitzarmenaren bitartez. Izan ere, Aldundiak parte hartzeari begirako apustua egin du, eta horren barruan finantziatu du proiektua.

Gaztelekuko dinamizatzailea den Mikel Agirrezabalak azaldu duenez, haur eta nerabeentzako zerbitzu bat izateko beharra udal teknikariek eta udal gobernuak ikusten zuten. «Proiektuari bultzada emateko esan behar da oso garrantzitsuak izan direla bi eskaera. Batetik, nerabe talde batek egun Gaztelekua dagoen etxea erabiltzeko egindakoa. Bestetik, gurasoen aldetik ere eskaria iritsi zen udalera, larunbat arratsaldetan hiru orduz eta bi astez behin neguan zehar zerbait antolatzeko».

Azaroaren hasieran ireki baziren ere Gaztelekuaren ateak, aurretik lanketa bat egin zuten herrian. «Nerabeekin eta haurrekin saioak egin genituen, eta adin tarte horien inguruan lanean aritzen direnekin ere elkarrizketak egin genituen», dio Agirrezabalak. «Hortik guztiagatik atera da nerabeen eta haurren diagnostiko bat, herri dinamikaren diagnostiko bat». Azken helburua herri dinamika bat sortu dela gaineratu du. Diagonostiko horretatik sortu da lan proposamen bat eta hori pausoka doaz garatzen.

Diagnostikoaren ondorio nabarmenetako bat herri gaztea dela izan da. «Haur, nerabe eta gazteen kopurua handia da. 12-16 urte artean, esaterako, 112 dira», esan du Agirrezabalak.

Bestetik, nerabeak ez direla geldi egotekoak esan du: «Gizarte mailan esan ohi da nerabeak geldi egoten direla. Diagnostikoa egiterakoan mugitzen direla antzeman dugu, eta ez dela errealitatea gizartearen irakurketa ezkor hori». Bestalde, herrian ekitaldiak egiteko eskaintza ugaria eta ona dutela ere ondorioztatu da. «Nerabe baten agenda hartzen baduzu, garbi ikusten da betea dagoela, eta arnasa hartzeko leku gutxi dagoela».

Franconi etxean dago Gaztelekua. Zehazki hegaletako batean dago, eta hor bi lokal daude eta baingugela ere bai. «Leku aproposa da, batez ere udaberri eta uda garairako belazeak ditu, erreka ondoan dago, oinez hurbiltzeko ez dago arazorik. Oso leku poita da».

Nerabeen hausnarketa
Diagnostikoa egin ondoren lehen helburua nerabeak elkartzeko eta bere aisia garatzeko leku fisiko bat lortzea izan zen. «Helburuak dira, epe motzera, beraiek ezagutzea», zehaztu du Agirrezabalak. «Bestetik, egungo gizartea hartzen ari den martxa ikusita, ikusten da nerabeak bonbardaketa batean bizi direla aisiladi mailan haurrak direnean, dena prestatuta dagoen agenda betea dute. Gero ikusten da 12-14 urteko adin tartean gauzak uzten joaten direla, eta orduan hasten direla pensatzen, ‘eta orain zer egiten dut’?».

Horren aurrean, nerabeek hausnartu behar dute denbora librea du tenean zer egin nahi duten, dinamizatzaileak dioenez. «Beraiek pentsatu dezatela zer nahi duten egin, guk baliabideak eskainiko ditugu hori lortzeko, baina beraiek izan daitezela antolatzen dutenak eta nolabait aurrera eramango dituztenak egitasmoan. Bizitzan lortu behar dira trebetasun batzuk. Eta ikusi da trebetasun horiek garatzeko eten bat izan dela orohar gizartean».

Lokala auzolanean txukundu zuten eta, besteak beste, lekua ezagutzeko aitzakia ona izan zen. «Zaharra da eraikina, eta paretak eta ateak txukundu egin behar ziren». Bi gela ditu Gaztelekuak. Batean billar eta ping-pong mahaia daude, eta futbolina ere izango da. Bigarren gelan bilerak egiteko, mahai jokoan aritzeko eta filmak ikusteko leku bezala dago jarrita. Erabilerari dagokionez, haur eta nerabeen arteko adin tarteak ezberdindu dituzte, eta ordutegi bat zehaztu da.

Proiektuaren hasiera honetan elkar ezagutzen ari direla dio Agirrezabalak. Bestetik, egoteko leku bat ere badela nabarmendu du. «Pixkanaka nahi dugu beraien behar eta eskaeretatik zerbitzuaren dinamika definitzen joan». Pasa den larunbatean Nerabe Asanblada jarri zuten abian. 47 nerabek parte hartu zuten eta 15 egunez behin egingo dute.

Orain arteko balantzea positiboa dela dio Agirrezabalak: «Parte hartzea zenbakietan oso ondo doa. 50etik gora nerabe parte hartzen ari dira. Nerabeekin dagoen harremanarekin ere oso gustura nago, jatorrak dira eta parte hartzaileak».

ORDUTEGIA

HAURRAK
OSTEGUNAK. 6-8 urte bitartean, 16:00etatik 17:30era.
LARUNBATAK. 9-11 urte bitartean, 15:00etatik 16:30era.

NERABEAK
OSTEGUNAK. 12-17 urte bitartean, 17:30etik 19:30era.
OSTIRALAK. 12-14 urte bitartean, 16:00etatik 18:00etara. 15-17 urte bitartean, 18:00etatik 20:00etara.
LARUNBATAK. 12-14 urte bitartean, 17:00etatik 18:30era. 15-17 urte bitartean, 18:30etik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!