«Eszenategitik baino giro goxoagoa izaten da»

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 26a, 11:26

Ezustean jaso zuen Mikel Artola bertsolari alegiarrak Orixe Sarian parte hartzeko gonbitea. Finalaurrekoa gainditu eta, bihar, Añorgako Jolas Etxea jatetxean, 20:30etik aurrera izango den finalean izango da.

Zer suposatzen du zuretzat Orixe Sariaren finalean izateak?
Niretzat ezustekoa izan zen deitze hutsa. Lehiaketak normalean 18 urtetik hasi eta 24 urte inguru arte egiten dira. Nik 25 ditut eta Orixe lehiaketa 25etik aurrera egiten da; dagoen berezienetakoa da adinaren aldetik. Beste guztiak ni baino zaharragoak dira. Deitzea ezustekoa bazen, finalera pasatzea poz dezentea izan da. Aurten Gipuzkoako txapelketa dago, maiatzaren 9an hasten da, horretarako prestatzen ari gara eta ez zait gaizki etorri.

Nola izan zen sailkapena?
Normalean lehiaketetan hiru kanporaketa izaten dira, sei bertsolarikoak, eta bi pasatzen dira finalera. Baina hemen bi saio egin dira, seina bertsolarirekin, eta hiru pasatu dira finalera bakoitzetik. Gurea lehenengo kanporaketa izan zen eta sailkatu ziren beste biak Ander Lizarralde oiartzuarra eta Xabier Sukia izan ziren. Ez nuen pentsatzen pasatzea; besteak eskarmentu dezentekoak ziren, eta errespetu pixka bat ere ematen zidan.

Saioan zehar nola sentitu zinen? Esperantzarik bazenuen finalera sailkatzeko?
Normalean bertsotan ari zarela ematen diozu tankera ondo ari zaren eta besteak nola dabiltzan. Eta ikusi nuen pasatzeko lehian ibiliko nintzela. Egia esan gustura aritu nintzen. Guri gertatzen zaiguna da dauzkagun plazak librean izaten direla, gairik jarri gabe, eta horretan ohituta gaude eta nahiko txukun aritzen gara. Gero, gaiak jarrita, askotan kostatu egiten zaigu. Lehen lehiaketetan-eta ibili ginen baina gero eta gutxiago tokatzen zaizkigu eta beldur puntu horrekin joan ginen.

Bertso afari moduan izaten dira sari honetako saioak, ezta?
Bai, lehenengo afaldu egiten da eta gero mahaitik kantatzen da. Horregatik bereziago izaten da. Eszenategian baino giro goxoagoa izaten da. Bertsokera ere ez da berdina izaten.

Harituz elkarteko lagunak ere joango dira?
Pentsatzen dut Harituzetik batzuk joango direla. Pasa den asteburu honetan Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek beste lehiaketa batean abestu zuten eta batzuk joan ginen, eta pentsatzen dut batzuk etorriko direla babesa ematera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!