Aurrekontu parte hartzaileen bigarren ekimena, abian

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 9a, 09:00
Iaz erabaki eta aurten egin den proiektuetako bat bidegorrian argiteria jartzearena izan da.

Iaz bezala, aurten ere herritarrek erabakiko dute 30.000 euro zein proiektutan erabili.

Alegiako Udalak aurrekontu parte hartzaileen prozesua jarri du abian. Aurreko ekitaldian 30.000 euro jarri ziren herritarren eskura eta 2015ean zehar orduan adostutako proiektuak gauzatzen joan da Udala, herritarrek egindako eskariei erantzunez. Lehen ekitaldiko parte hartzea eta eraginkortasuna ikusita, Udalak aurten ere 30.000 euro herritarren esku jartzea erabaki du. «Iaz prozesua nahiko ondo joan zen eta orduan hautatu ziren proiektuak gauzatu ostean, bigarren urteko esperientziarekin hasi gara», azaldu du Unai Iraola alkateak.

Urriaren 16ra bitartean herritarrek beraien ekarpenak egiteko aukera izango dute. Horretarako udaletxera deitu daiteke, 943 65 10 87 zenbakira, udaletxean idatziz ekarpena aurkeztu daiteke edo komunikazioa@alegia.net helbide bidali daiteke ekarpena. Horrez gain, urriaren 14an, asteazkena, bilera egingo da kultur etxean 18:00etatik aurrera eta bertan ere ekarpenak egin ahal izango dira.

Ekarpen guztiak jaso ostean, bigarren faseari ekingo zaio. Horrela, udalak horien bideragarritasun teknikoa aztertuko du eta bideragarriak direnekin zerrenda bat osatuko da. Zerrenda hori bigarren bilera batean aurkeztuko da eta herritarrek lehentasunen zerrenda bat osatu beharko dute eskura jarri zaizkien 30.000 euro horiek zein proiektu gauzatzeko erabili behar diren erabakitzeko.

30.000 euro horiek 2016ko udal aurrekontuetan txertatuko dira. «Modu horretara datorren urtean proiektu horiek gauzatzeko konpromisoa hartzen du udalak», zehaztu du Iraolak, eta prozesuaren garrantziaz hitz egin du: «Herritarren parte hartzeak udaletik jabetu ez garen behar batzuk agerian uztea ekartzen du, eta gero horiek asetu ahal izatea. Bestalde, herritarrak udal erabakien ardura konpartitu horietan ahaldundu egiten dira, eta herritarrak udalgintzan bidaide direla jabetzeko ere balio du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!