Eñaut Elorrieta: «Bakarka aritzeak aukera ematen du jendearekin lotura hurbilagokoa izateko»

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 19a, 09:45

Lehenengo aldiz eskainiko du Alegian kontzertu bat Eñaut Elorrietak. Zinema aretoan izango da emanaldia, larunbatean, 23:00etan.

Zer emanaldi mota izango da eskainiko duzuna?

Kontzertu biluzia izango da. Kantuak joko ditut sortu nituen bezala, gitarra soilez lagunduta. Gustatzen zait esperientzia. Era biluzi horretan beste ñabardura eta sonoritate bat hartzen du abestiak eta asko disfrutatzen dut. Gustatzen zait noizbehinka bakarka aritzea; horrela kantatzeak aberasten nau.

Mikel Urdangarin izan da orain gutxi Alegian, eta bakarka aritzean oso ezberdina zela zioen, besteak beste bere gitarra gehiago entzuten zuela.

Egia da. Lokalean lan egiten dudanean batez ere gitarrarekin konposatzen eta sortzen oso ohituta nago, baina egia da agertoki batean gehiagotan egon naizela lagunduta. Aldi berean egia da sentimendu kontrajarriak izaten direla. Batetik bakartiago, biluziago sentitzen zara; ahotsa eta gitarra dira, eta une horretan dagoen dena egiten ari zara. Baina, bestalde, oso indartsu sentitzen zara. Bi sentimenduak daude, eta oso bizia izaten da nire kasuan, eta asko gustatzen zait.

Zer abesti entzun ahalko dira emanaldian?

Joko ditut nire ibilbidean bai Ken Zazpiren eta bai bakarka sortu ditudan hainbat kantu. Aukeratu ditut beraien artean lotura bat egoteko, istorio txiki bat egoteko, eta istorio txikiek istorio handiak sortu ditzaten.

Bakarkako emanaldietan, abestitik abestira musikariek normalean gehiago hitz egiten dute entzuleekin.

Kontzertuak hurbilagoak izaten dira, eta biluztasun horrek ematen du aukera jendearekin lotura hurbilagokoa izateko, eta kasu batzuetan sendoagoa ere bai. Horrek ematen du aukera kantuak gehiago esplikatzeko, giro lasaiago bat hedatzen delako. Kantutik kantura erlaxatuagoa izaten da tartea. Kontzertu arrunt batean, dena neurtuagoa doa, jende asko gaude agertoki gainean eta baditugu pauta batzuk, eta erritmoa bera, kantutik kanturako tartea bera ere, neurtua izaten da kasu askotan. Bakarkakoan erritmo hori unean sentitzen dena izaten da gehiago, eta emanaldia hurbilagoa sentitzeak lasaiago joateko beta pixka bat ematen du. Jendearekin hitzez ere komunikazioa errazten du horrek, eta kantuen gorabeheran pixka bat gehiago sakontzeko.

Giroa ere ezberdina izango da entzuleen aldetik, Ken Zazpiren kontzertu batekin alderatuz, esaterako.

Giroa lasaiagoa izango da intentsitate aldetik. Edozein formatutan, jendea gustura badago eta komunikazio hori ematen baldin bada, igartzen duzu. Jendearekin ez dagoenean horrelako komunikazioa, sentimenduak ez zaizkizu horren alde etortzen eta gehiago borrokatu behar izaten da. Jendea irekita datorrenean, eta entzutera gustura datorrenean, zurekin sentitzen dituzunean, norberak ere kontzertu hobea ematen du. Hori da kontzertuetako magia eta nire aldetik dena emango dut hori horrela gerta dadin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!