Baserri-paisaiak balioan jartzeko ibilbidea prestatu dute Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2015ko uzt. 3a, 08:30

Tolosaldea Tourrek seinaleztatua zuen bide bat baliatu dute Alkizako baserri-paisaia bisitatu eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko. Tolomendik eta Alkizako Udalak jarri dute martxan ekimena.

Lehenago ere markatuta zegoen ibilbide bat baliatu dute Alkizan, baserri-paisaiak balioan jartzeko. «Ibilbide laua eta erosoa da, denok erabiltzeko modukoa. Paisaiaz gozatzeaz gainera jendea gogoeta egitera bultzarazi nahi dugu», nabarmendu du ibilbidea aurkezteko ekitaldian Miren Askasibarrek, Paisaia aholkularitza enpresako arduradunak.

Plazatik abiatuta, Alkiza inguruko bi muino zeharkatzen ditu ibilbideak eta Bipagoeta baserriaren parean aukera dago ibilbide motzagoa edo luzeagoa egiteko. Luzeenak bost kilometro inguru ditu. «Aurretik Tolosaldea Tour-ek markatuta zeukan bidea da eta horren gainean QR kodeak jarri ditugu zazpi puntutan. Kodeekin sarean sartuz gero, jolasak proposatzen dira baserri paisaiak hobeto ezagutzeko baina baita gogoeta egiteko».

Ibilbidearen helburua, Alkizako baserri-paisaiak balioan jarri eta horren inguruko eztabaida piztea da eta horretarako hainbat baliabide sortu dituzte. «Ibilbidean zehar jarri ditugun kodeez gain, bi panel handi jarri ditugu, bat plazan eta bestea Bipagoetako bidegurutzean. Horrekin batera, LH eta DBHko ikasleentzako unitate didaktikoak prestatu ditugu», azpimarratu du Askasibarrek.

Asko dira, baserri-paisaiekin lotutako balioak. 2011 eta 2013 artean Euskal Autonomia Erkidegoko 9 Landa Garapen Elkartek baserri- paisaien inguruan burututako proiektuan eman dira ezagutzera horietako batzuk. Baserri-paisaiak euskal kulturaren iturri eta gordailu dira, artifizialtasun urria dute, naturarekin kontaktua ahalbidetzen dute, aisialdirako eta turismorako baliabide dira eta bisitariei sentipen eta emozioak eragiten dizkiete, adibidez.

Iker Karrera, Tolomendiko arduradunak, Landa Garapen Elkarteek egindako lanaren berri eman du aurkezpen ekitaldian: «Lurren erabilera aldatzen doan heinean paisaiak ere aldatzen doazela ikusita kezka agertu zuten hainbat herritarrek Agenda 21eko parte hartze prozesuetan. Hori ikusita landa garapen elkarteetan Baserri-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko jarduerak proiektua abiatu genuen. Elementuak identifikatu, babestu beharreko aldeak zein diren aztertu eta ekintza sorta bat zehaztu genuen. Ekintza horietako bat da, Alkizako ibilbidearen inaugurazioa».

Erdi Aroan hasi ziren baserriak hedatzen nekazaritzarako baldintza aproposenak bilatuz, larre eta basoetatik gertu. Alkizako herriburuko baserri gehienak garai horretakoak dira. Zumitza baserria, adibidez, XIV. mendekoa da eta baserriak berak egin duen ibilbidearen erakusgarri da. 1699an Zumitza-berria eraiki zuten aurreko baserritik gertu eta handik gutxira, 1761ean, Zumitzeta eraiki zen, bailararen hondotik askoz ere gertuago. Hain zuzen, XVIII. mendean eraiki, zabaldu eta berritu ziren baserriak bailaren hondoetan. Hain justu, garai honetako arrastoak dira karobiak ere eta Alkizan prestatutako ibilbidean bi ikusi daitezke.

Baserriaren gainbehera beranduago etorri zen. XX. mendearen erdialdean baserri asko hustu ziren, industrializazioak eskainitako aukeren ondorioz. Alkizan badira hainbat baserri desagertuta edo erortzeko zorian daudenak; beste batzuk hutsik daude eta mordoxka bat garai batean baserri izan ziren arren, egun borda gisa erabiltzen dira. Geratu ziren baserrien jarduerak abeltzaintzara bideratu ziren, gertuko merkatuak behar zuen esnera bereziki eta paisaietan islatzen da jardueran emandako aldaketa hori.

«Paisaia horiek ez dira zerutik erortzen. Norbaitek egin du lana mendeetan zehar eta horren ondorioa dira. Gainera, bilatu gabeko lan bat da: baserritarra lanean ari denean adibidez, ganaduarentzako belarra behar duelako ari da edo barazki edo fruituak ekoizteko ari da baratzean edo soroan. Guzti horretan egiten du lana eta ez paisaia sortzen. Paisaia ondorioa da eta bistakoa da baduela bere balioa. Askotan ahaztu egiten zaigu aktore nagusia zein den», gogoratu du Karrerak. Ibilbide hauekin baserritarrek egindako lanaren errekonozimendua bilatzen da. Loturak sortu nahi dituzte paisaia eta horren atzean dauden produktuen artean.

«Kontzientzia hartze bat egon dadin nahi genuke. Guk ere gure erabakiekin eragin dezakegulako». Lehen sektoreak zuzenean eta zeharka sortzen du aberastasuna eta horregatik paisaia hauetara gerturatzearekin batera, proposatu dituzte beste hainbat jarduera. «Gertuko baserri-paisaietan ekoitzitako produktuak kontsumitu ditzakegu edo gertuko kontsumo taldeekin harremanetan jarri gaitezke, esate baterako».

Fagus Alkizan bere txokoa

1989tik 2009ra, datu orokorrak kontuan izanda, nekazaritza ustiapenen %40 desagertu dira Euskal Autonomi Erkidegoan. Hala ere, Karreraren ustez, «egungo paisaiak ez du islatu ustiapenen murrizketa nabarmen hori, eta baserri-paisaiek belardi asko dituzte oraindik».

Orain Alkizan egokitu duten ibilbideak bere tokia izango du Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Jon Umerez bertako alkateak eman ditu azalpenak aurkezpen ekitaldian: «Hernio Gazume kontserbazio bereziko eremuaren balioa ezin da ulertu bertan bizi eta lan egiten duen gizakirik gabe, batez ere zuzeneko harremana duen baserritarra aintzat hartu gabe». Interpretazio zentroak hiru ardatz ditu hain zuzen: babestu beharreko bioaniztasuna, bertan jarduten duen gizakia eta bi horien arteko harremanetik sortzen den kultura.

«Bioaniztasunari begira, hainbat ekintza burutu ditugu kontserbazio eta dibulgazioaren arloan eta landa garapenarekin ere berdina egin nahi dugu: beste hainbat herrirekin batera, larreen erabilera sustatzeko enplegu berdea proiektuan gaude eta baserri paisaien ibilbide hau izango da dibulgazio arloan aurrera eramango dugun beste ekimenetako bat. Bere txokoa izango du Fagus Alkizan».

Interpretazio zentroak baserriaren funtzioari dedikatzen dion atalean ibilbidean ikusten denaren eta jasotzen den inpresio eta informazioaren material osagarria kokatuko da. Umerezen iritziz, «Fagus Alkizaren diskurtsoa aberasten lagunduko digu honek. Sinergiaz aritzeko aukera da guretzat eta udalean azkeneko legealdietan daramagun proiektua borobiltzera dator. Baserritarrek Alkizan duten funtzioari buruz sentsibilizatu nahi dugu jendea». Aurretik ere egin izan dituzte ekintza xumeak eta adibidez San Isidro Egunez herriko adineko baserritarrak omendu zituzten.

Prest dago, beraz, ibilbidea bisitari guztientzat. Aurkezpen ekitaldian gomendioak ere luzatu dituzte: bisitari moduan gerturatzean errespetua eta begirunea izatea eskatu dute. Izan ere, pertsona askoren bizileku eta lantoki dira ingurune horiek eta lasaitasuna mantentzen lagundu behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!