Udalek lau urtez behin egin behar izaten dute Euskara Plana, eta orain 2017. urtera arte indarrean egongo diren planak aurkezten ari dira.
Orain arte aktak euskara hutsez bidaltzeagatik salatu ditu hainbat herri, beste arrazoi batzuren artean. Kontratazioetan euskara irizpideak ezartzeagatik ere jarri ditu salaketa eta errekerimenduak. Baina oraingoan beste pauso bat eman du, eta euskara planen kontra egin du. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu duenez: euskara planak euskaraz bidaltzerik ez du onartu.
Agiri ofizialak euskaraz bidaltzerik ez du onartzen Urkijok, baldin eta alboan gaztelaniazko itzulpena ez baldin badute. Eusko Jaurlaritzak txosten juridiko bat egina du esanez euskaraz egiteak berme juridiko erabatekoa duela, euskara eta gaztelania koofizialak direlako eta erakundeen arteko harremanetan bi-biek dutelako balioa.
Uemak ohartarazi du euskara planen aurkako ekinbidea hasten badu, udal ugari eramango dituela auzitara Urkijok.
Euskarazko akten auzian kontrako epai bat jaso du asteon Urkijok. Irurako Udalari arrazoi eman dio auzitegiak, esanez aktak euskaraz bidaltzea legezkoa dela.