Hauteskundeak 2015. Emaitzak

«Emaitzak txarra izanagatik ere ez dugu dena galdu, bidea luzea da»

Jon Miranda 2015ko mai. 25a, 17:56

Gipuzkoako Batzar Nagusietan 22 batzarkide izatetik 17 izatera pasa da EH Bildu eta botoetan ere behera egin du

Altzoko elkartean hartu gaitu EH Bilduko hautagaiak. Hauteskunde gauaren ostean etxe inguruan eman du eguna emaitzak aztertzen. Egindako gogoeta batzuk azaldu dizkio Tolosaldeko Atariari.

Espero al zenituzten EH Bilduk Gipuzkoan lortu dituen emaitzak?
Ez. Guk beste zerbait espero genuen. Ustez lan txukun xamarra egina genuen Foru Aldundian eta udaletan. Baina herritarrek emandako emaitzak hauek dira eta hori ukaezina da. Orain emaitza hauei egin behar zaie aurre.

Tolosaldeko emaitzak nola ikusi dituzu?
Bi herri txikitan ez dira bertako zerrendak aurkeztu. Horietako batean, Albizturren, seguraski alkatetzan kanpoko zerrenda bat egongo da eta horrek kezka sortzen dit. Herriarekiko zenbateko konpromisoa agertzen dugu bertakook? Iruditzen zait gehiago saiatu behar dugula gurea dena zaintzen. Eskualdean emaitzek gazitik gehiago dute gozotik baino. Tolosa eta Villabona bezalako herriak galdu ditugu, baina foru hauteskundeetako emaitzak begiratuta 28 herrietatik 24etan EH Bildu lehenengo herria da.

Gipuzkoan ere emaitzak ez dira onak EH Bildurentzat.
Eskualdean gertatzen denaren antzera pasatzen zaigu. Udalerri erdietan irabazi dugu eta udal askotan alkatetzak izan ditugu, baino Donostia bezalako herri garrantzitsuak galdu ditugu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere, gutxigatik baino EAJk aurrea hartu digu. Kaskarrekoa hartu dugu, egia esan.

Herritarrek Foru Aldundian eta hainbat udaletan egin duzuen kudeaketa zigortu dutela uste duzu?
Guk espero genuena baino gehiago zigortu dute eraman dugun kudeaketa, batez ere botoak non galdu ditugun ikusita. Abiapuntua oso altua zen, duela lau urteko emaitzak ikusgarriak izan ziren eta zaila zen emaitza horiek errepikatzea. Guk 16.000 boto galdu ditugu Gipuzkoan eta alderantiz, EAJk izugarri igo du. Abiapuntua baxuagoa zuten baina izugarrizko saltoa eman dute. Gorakada handia izan dute.

Zertan ez duzue asmatu?
Irakurketa kritikoa egin beharko dugu. Abiadura edo prozedura kontuak egon daitezke tartean. Botoa eman digutenei kaso egin behar diegu baino aztertu behar dugu zergatik beste hainbatek ez diguten botorik eman. Seguraski, kudeaketan ez dugu %100ean asmatu.

Hondakinen inguruan izan den eztabaidak, adibidez, eragin du emaitzetan?
Badirudi. Sakonago aztertu beharko da baina lehen begirada batean, galerak non izan diren ikusita, polemika horrekin badu zerikusia. Polemika hori artifizialki sortu da eta hedabideak neurriz kanpo puztu dute. Hala ere, aurrerantzean, kontuan hartu beharko da herritarrek eman duten iritzia.

Zer nolako oposizioa egingo du EH Bilduk Batzar Nagusietan ?
Guk bi ardatz ditugu Gipuzkoako gobernuari begira. Bata, politika soziala da eta zenbait neurri hartzeko, Ahal Dugu edo PSE-EE batzen bazaizkigu, jeltzaleek ez dute hain erraza izango gehiengoak lortzea. Beste ardatza erabakitzeko eskubidearen aldekoa da; EAJrekin lan egiteko prestutasuna dugu eta Gipuzkoan argi dago gehiengo zabal batek bide hori babesten duela. Zeregina badago eta legealdi honetan arlo horietan zintzotasunez lan egiten saiatuko gara.

Baikor ikusten zaitugu emaitzekin?
Ezin dut esan emaitzak gustatu zaizkidanik, baina zenbakiak zenbakiak dira. Jakin behar da datuak irakurtzen, hausnartzen eta ahal bada hurrengoan emaitzak hobeak izan daitezen lan egiten. Gure urteetako norabide honetan, hautskunde batek ez digu inoiz askatasun osoa emango eta emaitzak txarra izanagatik ez dugu inoiz dena galduko. Gipuzkoan eta Bizkaian behera egin dugu, baina Araban eta bereziki, Nafarroan aukera historikoak zabaldu zaizkigu. Oro har, boto abertzalea Hego Euskal Herri osoan 700 milatik gorakoa da eta hori poztekoa da, ez abertzaleak ez direlako hainbeste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!