Konposta txikitzeko tresna herrian

Maier Ugartemendia 2015ko ira. 25a, 10:57

Aparatua nola erabili ikasteko saioa izango da hilaren 29an, pilotalekuan

Altzoko Udalak konposta txikitzeko tresna nola erabili ikasteko saioa antolatu du, hilaren 29an, asteartea, 18:00etan, herriko frontoian.

Izan ere, udalak ikusi du zenbait kasutan organikoa desegitea «zaila» dela eta konposta ondo egiteko zabor organiko horiek txikitzea «beharrezkoa» dela. Horregatik guztiagatik, udalak konposta txikitzeko tresna erosi du.

Hain zuzen ere, tresna hori nola erabili behar den eta zer lan egiten duen ikusteko antolatu du astearteko saioa udalak; eta udal mantenuko arduraduna izango da herritarrei erakusteko ardura izango duena.

Udalaren helburua aurrerantzean beharra duten herritarrei tramankulua uztea da, eta hori dela eta uste du interesgarria izan daitekeela saiora joatea.

Beraz, herritar guztiei asteartean pilotalekura bertaratzeko gonbita luzatu diete.

Nafarroara irteera

Bestalde, Altzoko Udalak herritar guztiei bideratutako bidaia antolatu du urriaren 3an, larunbata; deialdia zabala bada ere, udalak jakinarazi du erretirodunek izango dutela lehentasuna. Gauzak honela, Nafarroako Metauten, Iratxe eta Murieta herriak bisitatuko dituzte bidaian.

Irteera 08:30ean izango da, Altzoko plazatik. 11:00etan Metautengo Trufaren Museora bisita egingo da, produktuak dastatzeko aukerarekin. 12:30ean Iratxeko upategira joango dira, eta ondoren Murietako Etayo jatetxean bazkalduko dute. Itzulera, 20:00ak inguruan izango da; bidaia plazan amaituz.

Bidaiara joaten den pertsona bakoitzak hogeita hamabost euro ordaindu beharko ditu, eta bertan sartzen dira autobusa, bisitak eta bazkaria.

Izena hilaren 28ko, astelehena, 13:00ak baino lehen eman behar da, udaletxera (943 652413) deituta edo Lurdes Muruari deituta (943 650328).

Gonbita luzatuta herritarrei izena ematea besterik ez zaie gelditzen, egun bikain bat pasatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!