Hunkituta eta eskertuta

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 3a, 20:11
Miren eta Xabier Amuriza, Elordi elkarteko bertso saioan. XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Xabier Amurizak bertsolaritzan izan duen ibilbide oparo eta erreferentziazkoari amaiera eman dio Altzon, Miren alabarekin azken bat-bateko saioa kantatuz Elordi elkartean.

Xabier Amurizak 75 urte bete ditu gaur eta erretiroa hartu du bat-bateko saioetatik. Azkeneko saioa eskualdean egin du, bere alaba Mirenekin batera. Zehazki, Altzoko Elordi elkartean egindako bertso-afarian, aurreko ostiralean. Arratsalde-gau borobila izan zen, bertso saioaren aurretik hitzaldia eman baitzuen udaletxean, bere bizitzari errepasoa eginez. Hitzaldiaren amaieran Manuel Epelde herritarrak bildu eta ondutako elorri-makila oparitu zioten antolatzaileek, esker onez eta altzotarren oroigarri.  

Amurizak Altzorekin izan du eta badu harremana, eta ostiraleko saioarekin betirako geratuko da lotura hori txertatuta bertsolaritzaren historian. Amurizak aitortu zuen hitzaldia hasi aurretik hunkituta zegoela: «Nire azken saioa da bertsolaritzan, eta Altzon izateak balio erantsi bat ematen dit. Nonbait izatekotan azkena, poz handiz hartzen dut Altzon izatea. Gogor fama dut, baina gaur hunkituta nago».

Ostiraleko ekitaldi bikoitzean hunkituta zegoen Amuriza, bere alaba, eta hitzaldira zein bertso-afarira joan zirenak bezala. Hitzaldia protagonistaren haurtzaroarekin ekin zitzaion, eta hortxe utzi zuen Amurizak lehen esaldia: «Hizketan baino lehen bertsotan hasi nintzen». Hizketan atzerapena ekarri zuen: «Ez nuen ahoa zabaltzen. Egun batez, amari zerua zabaldu zitzaion kantuan entzun ninduenean, bakarrik nengoela. Hizketan hasi aurretik buruaren barruan banuen bertsoa. Amak orduan pentsatu zuen, kantatzeko ahoa irekitzen badu, hizketarako ere irekiko du».  

Lehenengo saioa sei edo zazpi urte zituela egin zuen. Aitak tarteka abesten zituen bertsoak, eta Amuriza ere aritzen zen berarekin. Baina gero horrek ere pisua sorrarazi zion, jendeak bertsoak kantatzeko eskatzen baitzion. «Hasieran gauza polita zen, baina gero jazarpen moduko bat izan zen».

Transmisioari buruz ere aritu zen une batez hitzaldian, bere haurtzaroko esperientzia gogora ekarriz: «Umea bakarrik uztea ona da, bere irudimena lantzeko. Bakardadea ere neurri batean ona da».

Bertsolaritza haurtzarotik barruan zuen eta apaiz izateko ikasketetan ez zuen alboan utzi. Errezoan eta arrosarioa esatea egokitzen zenean, isilpean bertsotan egiteko baliatzen zuen.

Etengabe bila

Amurizaren bizitzari errepasoa egitea, bertsolaritza modernoaren historiari errepasoa egitea da. Xalbadorri 1967ko txapelketa nagusian txistuak jo zizkiotenean, epaile lanetan ari zen Amuriza. «Abailduta sentitu nintzen. Xalbadorren hamabost bertsoetatik hamar-hamaika jenialak izan ziren. Uztapide ondo aritu zen, baina Xalbadorrenak jenialak izan ziren».

Espetxealdia, besteak beste, bertsolaritzari buruz hausnartu eta lanak egiteko baliatu zuen. «Ehunka bertso ikasi nituen buruz. Astia banuen, eta gustatu ere bai. Eta ikusi nuen errimak errepikatu egiten zirela. Errimen aukeretatik ehuneko bost edo hamarrekin nahi zuten guztia esaten zutela, baina ez zegoen espektro zabalik». Hausnarketa horretatik abiatuta hiztegi errimatua osatu zuen, egun bat-bateko saioetarako trebatzeko erabiltzen dena. Neurrien inguruan ere ekarpenak egin zituen.

Eta hori praktikara eramateko ordua iritsi zenean, ez zen eserita gelditu. 1980ko txapelketa nagusira aurkeztu eta irabazi egin zuen. Berdin 1982koan. Euskara batua erabiltzea izan zen beste bere hautuetako bat.

Amurizak ekarritako berrikuntza horiek ez zituzten berdin jaso bertsozale guztiek. «Txapela jantzi ondoren, batera eta bestera saioak egitera joaterakoan, aldekoak eta kontrakoak izaten nituen». Garai hori ere izan zen bertso eskolen zabaltzearena, eta hor berriro ere Amuriza lehen lerroan izan zen. «Bertso eskoletan batean eta bestean ibili nintzen eta hori niretzat satisfazio handia izan da».

Denborarekin sortu ziren polemikak itzali egin ziren. «Orain kariñoz hartzen naute, eta hori ere kalean igarri egiten duzu», esan zuen Amurizak. «Kariño orokor batean bizi naiz. Azkenean gaztanberatuko naiz».
Etengabeko bilaketan dabil Amuriza: «Hizkuntzarekin ari zarenean, beti adibide bila zabiltza, eta inkonformismoa behar duzu hizkuntzari etekina ateratzeko. Itsaso amaigabea da: efektuak, jokoak, metaforak... beti sor ditzakezu. Bila dabilenak aurkitzen du, hizkuntza mugagabea baita».

Egun bertsolaritza osasuntsu ikusten du, baina kezka hizkuntzaren osasunak sortzen dio. «Hasi nintzenetik bertsolaritza osasuntsu ikusten dut. Bertsolaritza da barku baten barruan erlatiboki prestigiorik handienetarikoa duen artea. Barku horretan gu norbait gara, baina barku hori itsasoaren erdian dago. Barkua hizkuntza da, eta hau kolokan dago».  

Hitzaldia aurrera begira zer egingo duen azalduz bukatu zuen: «Bertsolaritzatik eta presentzia publikoa eskatzen duten ekitaldietatik erretiratzen naiz. 51 urte horretan ibili naiz, eta nahikoa da». Publikoarekin lotura izaten jarraitu nahi du, eta hemendik aurrera berak egindako lana eskainiko du jendearen aurrean, eta dagoeneko badu proiektu bat: berak idatzitako Zein ongi bizi zen Ulises nobelaren entzunaldia.

Agian berriro ere itzuliko da Xabier Amuriza Altzora, ez bertsotan aritzera, baina beste modu batera bere sortzaile sena partekatzera. Hunkituta hasi zuen hitzaldia, eta eskertuta bukatu, gero bertso saioan ere erabili zituen hitzak esanez: «Topikoa izango da, baina ez dago besterik: eskerrik asko».

Antton Iztuetak jaso zuen Elordi Elkarteko saioa bideoan:

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!