Elorriaren arantza begiak bezala, borobila!

Manu Olano 2016ko mai. 4a, 09:00

Aspaldikoa da Xabier Amurizak Altzorekin duen harremana. 1983an etorri zen lehen aldiz gurera; garai hartan, Euskal Herriko txapelduna zen. Joan den ostiralean esan genuen bezala, urte askotan eta leku askotan kantatu du geroztik Xabierrek Altzon: herriko frontoian, plazan, udaletxeko ganbaran eta Elordi elkartean, besteak beste.

Xabierrek, bat-bateko bertsogintza uzteko asmoa iragarriz, bere azken saioa Altzon egiteko aukeraz galdetu zigutenean, berehala esan genuen baiezkoa, eta ideia bat korapilatu zitzaigun buruan, 1980ko txapelketan aitari kantatu zion bertsoa, «aukera eder hau izango zenik ez nuen asko espero», alegia. Aukera eder hau izango zenik ez genuen asko espero!

Iritsi zen eguna, eta aitortu behar dizuet zinez ederra iruditu zitzaidala Amurizak udal aretoan eskaini zuen solasaldia. Unibertsitateko ikasle eta, zergatik ez, irakasle artean aztertu eta ikertu dezaten nahiko nuke. Hortxe baitaude jendaurrean komunikatzeko gaitasun eta trebezia guztiak. Zoragarria benetan!

Solasaldia amaitu eta bildu ginenon artean argazki historikoa atera ondoren, Elordi elkartera hurbildu ginen. Ordurako sukaldariek prest zuten afaria. Giro ederrean afaldu ondoren etorri zen, Miren alabarekin batera, Xabier Amurizak egingo zuen bere azken bertso saioa. Elordi elkartea leporaino beteta, jendearen aurpegietan nabari zen unearen garrantzia eta intentsitatea. Saio ederra egin zuten Xabierrek eta Mirenek. Atseden pixka bat emateko bertara hurbildu ginenok, Xabierrek idatzitako hiru abesti kantatu genituen eta berriro kantura aita-alabak. Bigarrena ere saio ederra; amaiera hunkigarria eman zioten koplatan eta agur banarekin. Xabierrek, ordea, bazuen gordeta azken sekretu bat eta, denon harridurarako, Lurra abestu zuen, baina nola abestu ordea! Jendea zutik, ordurako gorrituak genituen begiak eta eskuak gorritzeari ekin genion. Luzea, oso luzea izan zen txalo zaparrada.  

Urte guzti hauetan Altzok eta Xabierrek izan duten harremana aitortuz, oroigarri txiki bat eman zion Lurdes Muruak, herriko kultura zinegotziak: elorri beltzez eginiko makila bat. Xabier hasi zen makilaren arantza begiak kontatu nahirik, baina asko samar izanik eta uneko emozioa tarteko, esan zigun kontatuko zituela eta ez zekiela zer esan nahi zuten hainbeste arantza begiek, edo igarotako urteak edo geratzen zaizkionak. Esan eta izan, kontatu zituen nonbait arantza begiak eta 100 justu alajaina! Zenbaki borobila, ostiraleko saioa bezalakoa.
Alaba Mirenek esan zuen bezala, aro berri bat hasiko du Xabierrek hemendik aurrera, eta ziur gaude amets asko egin eta, denak ez bada batzuk, betetzeko aukera izango duela.

Amaitzeko, jakin ezazue Miren, Arantza eta Xabier, 1980ko txapelaren antzera, altzotarren bihotzean iltzaturik gelditu dela ostiralekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!