Hiru fusilaturi aitortza publikoa

Frankismo garaiko memoria berreskuratzearen beharra

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 11a, 13:42
Gurea erakusgelan Franskismoari buruzko erakusketa bat zabalduko dute. Esti Amenabarro da erakusketako zuzendarietako bat, eta irratian eman ditu xehetasunak.

Atzo Amasa-Villabonako Udalean eskainitako prentsaurreko batean Galder Azkue alkateak, Nora Urbizu zinegotziak eta Esti Amenabarro Aritza Kultur Elkarteko kideak ostiralean Gurea erakusgelan zabalduko den Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketa aurkeztu zuten. Erakusketa ostiralean, 19:00etan egingo den ekitaldi batean zabalduko den arren, hilaren 29ra bitarte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara.  

Galder Azkue alkateak, udal ordezkariek memoria istorikoari dagokionez duten «betebeharra eta konpromisoa» azpimarratu nahi izan zituen. Euskal jendartea elkarbizitzara bidean «pauso sendoak» ematen ari den honetan, «elkarbizitza osoa izateko kontakizun osoa» eraikitzearen beharra azpimarratu zuen. EH Bilduko ordezkariek euren ekarpena egiten jarraituko dutela adierazi nahi izan zuen, Frankismo garaiko ahotsa «isilarazi» eta euskal gatazkaren konponbidea «oztopatu» nahi dutenen aurrean. Honela, hautetsiek gatazkaren memoria berreskuratzea gaztazkaren konponbidearen alde egiten duten «urrats sendo» moduan ikusten dute. Lan honen helburua «erreparazioa» da, Azkueren esanetan, «memoria osatu beharra dagoelako etorkizuna elkarbizitzan eraikiko bada».

Euskara eta kultura zinegotzia den Nora Urbizuk Aritza Kultur Elkarteak azken hiru urteetan egin duen lana azpimarratu eta lan honi ahalik eta oihartzun handiena emateko udal ordezkariek duten konpromisoa adierazi zuen. Erakusketa honen bitartez, herritarrei ahalik eta modu «didaktikoenean eta hezitzaileenean» helaraztea helburu dutelarik. Urbizuren esanetan, erakusketak «herri bezala aurrera egiteko» balioko du; ariketa kolektibo bat izango da. Erakusketa hau Aritza elkartea egiten ari den lanaren «lagin bat» besterik ez dela adierazi zuen, eta egin duten lan guztiagatik eta errelatoa osatzeagatik «eskerrak» eman nahi izan zizkien. Halaber, memoriaren lanketa honetan «protagonistak» izan ziren eta diren pertsonen lana «goraipatu» eta «eskerrak» eman zizkieten.

40 urtetako historia

Ostiralean zabalduko den erakusketa hamabost gai monografiko biltzen dituen, hogeita sei panelez osatutakoa izango da. Gai bakoitzak bi elementu bilduko dituelarik: gaia kokatzen duten dokumentuak  eta gai horri lotutako pertsonen bizipenak. Bai Gerra Zibilaren garaian eta baita Frankismoak iraun zuen berrogei urte luzeetan amasa-villabonatarrek bizitakoak jasotzea izan dute helburu, beraz, «protagonistei irudia eta lekukoa eskainiz».

Erakusketa hau 2012an Aritza Elkarteak publikatutako Franskismoaren aztarnak arakatzen liburuaren segida bat da, Artxibo Historikoetan aurkitutako dokumentazioa «herritarren konfidentziekin» osatu dute Esti Amenabarro Aritza Kultur Elkarteko kidearen esanetan. Azken hirurogeita hemezortzi urteetan «minak eta ikarak modu pribatuan» eraman behar izan dituzten herritarren laguntza izan dute horretarako. Amasa-Villabonan zehazki hamalau pertsona izan ziren fusilatuak. Eta zeharka bada ere «egoera traumatikoak» bizitzea egokitu zitzaien emakume asko ere badaudela azaldu zuen Amenabarrok. Bestalde, Donostiako bonbardaketetan  hil ziren lau haur ere ba omen dira, baina, hauen kasuak oraindik «argitzeke» omen daude.

Honela, egindako lanaren zabalpen fase hau ezinbestekotzat jotzen dute, «herri honetan, herritarren gehiengo zabal batek izugarriak pasa zituela» jakitea beharrezkoa delako. Amenabarrok gerra guztietan «irabazleak eta galtzaileak» izaten direla eta eurek galtzaileen historia kontatzea erabaki zutela azaldu zuen; «errekonozitzen ez dituen gizarteak ezin dituelako elkarbizitzarako oinarri sendoak eraiki».

Esti Amenabarro • Aritza Kultur Elkarteko kidea

«Galtzaileak izan ziren pertsona horiei zor zaien aitortza adierazi nahi diegu»

Ostiralean zabalduko den erakusketaren zuzendarietako bat da Esti Amenabarro, Aritza Kultur Elkarteko kidea. Duela hiru urtetik burubelarri dabil Gerra Zibilak eta Frankismoak Amasa-Villabonako herriarengan eta herritarrengan izan zituen ondorioak aztertzen. Hilaren 7an Emakumea Frankismoan izeneko hitzaldia eskaini zuen Emakumarean Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldien barruan.  

Zer dela eta erakusketa hau sortzeko beharra?
Hasieratik argi genuen memoria historikoaren inguruan egiten genituen ikerketa hauek gero zabaldu behar genituela. Horrelako lan bat egiten dugunean helburua ez da historia eta politika interesatzen zaigunon esparruan bakarrik uztea, gure interesa da herritar xeheak ere ulertu dezan Amasa-Villabonako historian eta eskoletan ikasi duguna oso partziala eta oso lerraturikoa izan dela.  Gurea bezalako herri batean hamalau pertsona fusilatuta hiltzea ezkutatu den errealitate bat da. Gure asmoa da, gatazkarik sortu gabe, modu zientifiko eta ikerketa lerro oso baten barruan, frogatzeko moduko datuekin, denon eskura jartzea informazio hori. Modu oso erraz batean esplikatzen saiatu gara, baina, aipatu behar da posizio bat hartu dugula. Gerra guztietan izaten dira irabazleak eta galtzaileak. Kasu honetan irabazleek bere historia idatzi zuten, eta guk ikasi duguna izan da hain justu ere. Kontua da irabazle horiek Villabonan egin zituzten sarraskiak ez zituztela inoiz esplikatu eta isilik egon direla. Errelatoa informazio guztia mahai gainean izanik idatzi behar da, bestela gizarteari iruzurra egiten ari gara. Egindako ikerketa lan horretan erakutsi ahal izan dugu errepresioak oso gogor kolpatu zuela Villabona garai horretan. Geroko soziologia oso ondo esplikatzen da garai hartako gertakizunen bitartez, eta gure helburua da galtzaileak izan ziren pertsona horiei zor zaien aitortza modu publikoan, 78 urte beranduago bada ere, adieraztea.

Aurrera begirako proiektuak ere badituzue, zerbaitz aurreratzerik?
Momentu honetan baditugu beste bi proiektu, horietako bat Berta Gaztelumendirekin garatzen ari garena. Frankismoak oso langile zintzoak zituen Villabonan, eta horien eraginez zenbait herritarrek sufritu zutenari ahotsa jartzen ari dira. Berta Gaztelumendik gidatuta, Argituz elkartearen bitartez, dokumental bat garatzen ari gara ekainean erakutsiko dena. Helburua da gerraren ondoren galtzaileek, espetxe urte luzeak, langile batailoi oso gogorrak, lan behartuak, bortxaketak… jasan ondoren, nola hori dena egin zutenekin elkar bizi behar izan zuten herrian. Azkenean, gerra zibilak ere hori du. Gero 40 urteko diktaduran ere elkarbizitza bat eman behar izan zen herrian eta badaude elementu eta irudi oso interesgarriak. Maitasun istorioak ere izan ziren. Gure helburua da gerraren ondorena ere aztertzea. Bi ildo ditugu irekita: batetik, dakigun guzti horri, eta oraindik publikatu gabe dagoenari, nolabait bidea ematea; eta, bestetik, elkarbizitzarako oinarriak eraikitzea egia guztiak mahai gainean jarrita.

Memoria historikoa berreskuratzeko lan hori herri ekimenetik dator. Zuen kasuan, Aritza kultur elkartearen eskutik. Erakundeetatik bide hau ez da erraztu.
78 urte berandu goaz, eta lan hau egiteko gonbidapena jaso genuenean iruditu zitzaigun proiektu interesgarria zela, elkarbizitza proiektu bat, eta batez ere oso une politiko eta sozial garrantzitsuan planteatzen zitzaigulako. Gure kasuan, hau guztia egiteko Foru Aldundiaren laguntza erabatekoa izan da, bai baliabide ekonomikoak zein giza baliabideak eta materiala eskainiz. Aipatu behar da Aranzadirekin kolaborazio zuzenean gaudela. Eta aipatu behar da Villabonako Udalaren inplikazioa erabatekoa dela. Esango nuke udal ekimenaren ardatz garrantzitsuenetako bat dela une honetan. Zentzu horretan, kolaborazioa oso estua da. Senideek-eta argi esaten dute, berandu bada ere, oso garrantzitsua dela beraiek barruak hustutzeko aukera horiek izatea. Ni diktaduraren ondorengoa naiz, eta gerraren eta diktaduraren azterketa honek Villabona beste modu batez ikusteko aukera eskaini digu. Azkenean lehenengo liburua eta erakusketa ikusi ondoren, pertzepzio soziala eta Villabonako indar politikoen historia bera beste modu batera ulertzen dira. Denak dauka nolabait arrasto edo bide logiko bat. Niri perspektiba aldatu zait eta pentsatzen dut erakusketatik pasatzen direnek ere orain arte zeuden zenbait galderei erantzuna bilatzeko moduan egon daitezkeela. Niri hainbat elementu, ulertzeko balio izan dit.

Emakumea eta frankismoaren gaia ere jorratu duzu pasa den asteko hitzaldian.
Gai hau elkartekoekin aztertzen aritu nintzenean, argi nuen emakumeari arreta jarriko niola, gerretan orokorrean emakumeak beti direlako galtzaileak. Are gehiago, botere militarraren bitartez gehiegikeriak planteatzen direnean. Banuen interes berezia horri segida egiteko, eta interes hori asko handitu zen hainbat emakumeren historiak ezagutu ditudanean. Hitzaldian planteatu nuena zen Villabonan bazeudela oso emakume konprometituak, eta konpromiso politiko, sozial eta kultural hori larrutik ordaindu zutenak. Gero beste emakume talde bati buruz hitz egin nuen, beraien konpromisoa bere familiarekiko zen eta bere senideek tiranoaren kontra borrokatzea erabakitzen bazuten, beraiek ere jasandako errepresioa oso gogorra zen. Emakume horiei Villabonan lehenengo aldiz izen-abizenak jarriko dizkiogu, eta aitortza bat eman zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!