Hiru fusilaturi aitortza publikoa

Egiarako eta aitortzarako bidean

Asier Imaz 2014ko mar. 17a, 15:15
'Frankismoa Amasa-Villabonan, iraganera hurbilpen bat, etorkizuna eraikitzeko' izeneko erakusketa zabalik egongo da hilaren 29a bitarte.

Ostiralean egin zuten Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketaren irekiera ekitaldia, Gurea erakusgelan. Bertan herritar ugari bildu bazen ere, protagonista izan ziren, noski, Frankismoan fusilatuak izan ziren amasar eta billabonatarren senideak

Senide hauei egin zieten harrera, ekitaldia hasi aurretik, bertan ziren ordezkari instituzionalek: Nora Urbizu zinegotziak, Galder Azkue alkateak, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendariak, Amalur Mendizabal Amaiurko senatariak eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak.

Erakusgela lepo bete zen. Nora Urbizu zinegotzia eta erakusketaren zuzendarietako batek eman zion hasiera ekitaldiari; «hirurogeita hemezortzi urtetako isiltasunarekin amaitu eta egiaren, minaren eta askatasunaren mugarriak» ezarri nahi zituztela zehaztu zuen. Bertan aurkitzen ziren senideei ere keinu bat egin zien, «errealitatea» ezagutzeko emandako testigantzak eskertuz. Ostiralean Frankismoaren biktimak «oroitu eta omendu» nahi izan zituzten, eta horretarako Aritza elkarteko kideak beharrezkoak izan zirela gogoraratu zuen.

Bertako kide eta museoko zuzendarietako bat den Esti Amenabarrok «inoiz idatzi gabeko historia zati baten idazketan» burubelarri dabiltzala, eta horretarako ostiralekoa bezalako ariketak «beharrezkoak» direla adierazi zuen. Eta hirurogeita hemezortzi urte beranduago lan honetan ari arren, Villabonan izandako «sarraskia» ezagutzea ezinbestekotzat jo zuen, «etorkizuna eraiki» eta elkarbizitza sendotzeko. Erakusketan «pertsona onak, herritar xumeak, fusilatuak, espetxeratuak, deserriratuak, etxegabetuak, ilea moztutako emakumeak» aurkitu ahal izango dira «errepublikar edo abertzaletasuna» defendatzeagatik bizitza «zaildu» zitzaienak. Honela, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa ere adierazi zuen.

Aitortzaren garrantziaz

Villabonako alkate den Galder Azkue izan zen hitza hartzen hurrena. Erakusketa hau lan handi baten «lagin bat» besterik ez dela gogorarazi zuen. Eta ostiralekoa erakusketa irekiera bat baino zerbait gehiago zela, «Frankismo garaiko biktimei egiten zaien aitortza ekitaldi» bat bezala izendatu zuen berak. Aitortzak, gainera, erreparazioa «dakarrela» uste du Azkuek. Baina, «alkate eta herritar gisa» gehien axola zaion beste alde bat ere bazuen ekitaldiak Azkueren ustez, «senidetzearena». Izan ere, 1936an hasi zen gerra hark «herritarren elkarbizitzari konponezineko kaltea eragin zion». Eta kalte horrek «berezitasun» bat izan zuen: «bidebazterretan fusilatuak, irainduak, baztertuak izan ziren haiek gaur arte ezin izan dutela gertakizun haien egia kontatu eta kasu askotan, gertatutakoaren berri izan ere ez». Honela, edozein gatazkatan bezala, «aldetakoren baten mina ez aitortzeak gatazka ez konpontzea dakar» Azkueren ustez. Beraz, orain arteko lana «herritarren elkarbizitzara» bideratu nahi dute, «bakoitza bere egiaren jabe eginez, baina, bestearena ukatu gabe». Azkenik, berriro gerta ez dadin «egiaren eta memoriaren berreskurapena» ezinbestekoa dela azpimarratu zuen.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusia den Martin Garitanok gerra garaian Gipuzkoan «Frankismoaren aurka» borrokatu zutenak izan zituen gogoan, eta haien «indarra» miresten zuela esan zuen. Bestalde, orain arte «isilarazi» izana salatu eta hemendik aurrera «bakeaz eta oroimenaz» hitz egiteko garaia iritsi dela zioen.

Hitza hartzen azkena Marina Bidasoro izan zen, Giza Eskubideen zuzendaria eta Valeriano eta Claudio Saizarren senidea, «gure guraso eta aiton-amonen» historia izan arren, orain arte gutxi ezagutu izan dugun historia izan dela adierazi zuen eta horrek «zeinen gogorra» izan zen adierazten duela. Isiltasuna «etxeko pareten berruan» apurtzen entzun zuen Bidasorok. Hasieran «ahopeka», baina, horrek ondorengoei «jakin mina» piztea eragin zuen eta horrek «historia ofizialak utzitako hutsuneak» betetzea eragin du. Eta aurretik guztien artean «egia kolektiboa osatzeko konpromisoa» dutela zehaztu zuen, «etorkizun hobeago bat» osatzeko.

Ekitaldiari amaiera emateko, Frankismoan hildako herritarrei ohorezko aurreskua eskaini zitzaien eta lore eskaintza bat ere egin zuten bertan aurkitzen ziren senideek. Halaber, erakusketaren xehetasun guztiak errepasatzeko eta elkarren arteko testigantzak eta istorioak elkarbanatzeko ere probestu zuten ekitaldi ondorengo unea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!