Euskara sustatzeko erabilera plana elkarlanean osatzen

Maier Ugartemendia 2014ko api. 16a, 12:28
Euskara sustatzeko plana martxotik ekainera eragile ezberdinekin egindako bileretan osatuko dute

Eusko Jaurlaritzaren aginduz udalek euskara sustatzeko erabilera plana lau urtez behin egin beharra dute. Amasa-Villabonako Udalean aurten 2013-2017 bitartekoa egitea zegokiola ikusirik, plan hori nola egin aztertzen hasi ziren Nora Urbizu, Villabonako euskara zinegotzia, eta Maite Arregi, euskara teknikaria.

Euskara plan hau bulegoetan egitea ez zuten «egoki» ikusi eta beharrezkotzat jo zuten gaia herriko eragile ezberdinekin lantzea, beraiekin eztabaidatu eta hausnartzeko. Gauzak honela, Eusko Jaurlaritzak plana osatzeko bidali duen txostena oinarri hartuta Euskara Ados Lan Mahaiak osatzea erabaki zuten.

Martxoaren 25ean bildu zen lehen lan mahaia eta gutxi gorabehera hilabeteko maiztasunarekin biltzan da; nahiz eta kasu honetan hamabost egunean behin biltzen diren. Bilkura bakoitzean eragile guztiek dute parte hartzeko aukera, baina, gonbidapen «berezia» egiten diete landuko den gaiarekin lotura zuzena duten eragileei. Honela, lehen bilera euskalduntzeari eta alfabetatzeari zegokiona izan zen, eta bigarrena hedabideak, publizitatea eta teknologiak lantzekoa. Bilera hauetan eragileekin elkarlanean aritzea, parte hartzea «praktikan» jartzeko modu bat dela uste du Urbizuk.

Bilera hauen helburua, esan bezala, erabilera plana osatzea da. Horretarako lan metodologiari dagokionez, lan mahaietan parte hartuko duten eragileei egoeraren diagnosia biltzen duen txosten bat helarazten zaie lehenik. Bilerara  diagnosiaren lehen azterketa eginda eramatea da helburua. Honela, bileretan orain arte egin denaren azterketa eta egoeraren diagnosia lantzen dira. Udalak orain arte egin duenaren «hutsuneak eta joerak» aztertzen ditu, behin identifikatuta horri erantzuna ematea errazagoa delakoan. Aurrera begira «euskararen normalizazioa» lortze aldera proposamenak egiteko. Aipatu bezala, bileren aurretik udalak eragileei euskararen erabileraren diagnosia egiten duen txosten bat helarazten die. Urbizu eta Arregiren ustez, agian orain arte gauza asko «inertziaz» egin izan dira. Baina, egun aurrekontuetan ere «mugatuak» egongo direnez, lehentasunak markatzea beharrezkoa ikusi dute: «ondo identifikatu behar da indarra non jarri».

Euskalduntzea eta alfabetatzea
Lehen bilera martxoaren 25ean izan zen eta euskalduntzearen eta alfabetatzearen gaia landu zuten. Bilera hartan eragileek emandako erantzunarekin «gustura» daude Urbizu eta Arregi. Gainera, bertan «ideia asko» atera ziren, udalarentzat oso baliagarriak izan daitezkeenak. Nolanahi ere, Maite Arregi euskara teknikariak bilera hauek arazoak detektatzeko «oso baliagarriak» direla dio. Eta eragileekin lan egiteak ere, horixe du «helburu», hain zuzen ere.

Egun euskalduntzearen eta alfabetatzearen inguruan inmigrazioaren gaia da lan arlorik garrantzitsuena, eta horregatik gai hau izan zen lehen bileran aipatuenetako bat. Izan ere, euskaraz ez dakiten pertsonen perfila «asko aldatu da», eta, hortaz, perfil berri honi egokitutako euskara plana egokitzea beharrezkotzat jo zuten bileran parte hartu zuten eragileek.

Hedabideak eta sare sozialak
Apirilaren hasieran egindako bileran, komunikabideak eta sare sozialak izan zituzten, batez ere hizketagai. Batetik, euskarazkoak eta tokikoak diren komunikabideek duten garrantzia eta hauek sustatzeko beharra azpimarratu zituzten.

Bestetik, sare sozialak indartu eta hauek euskaraz erabiltzeko egitasmoak lantzeko beharra aipatu zuten. Amasa-Villabonako Udalaren webgunea euskarazko tresnen berriemaile bihurtzea ere ezinbestekotzat jo zuten.

Planaren diseinua
Eragileekin egingo duten hurrengo bilera apirilaren 29an egingo da, eta bertan familia bidezko transmisioari eta irakaskuntzari buruz hitz egingo dute.

Aurrerago, berriz, kulturgintza, aisia eta kirola eta arlo sozioekonomikoa izango dituzte mintzagai. Aurreikuspenen arabera, ekainaren 17an amaituko dituzte eragileekin burutzen ari diren bilerak eta udan euskara susutatzeko erabilera plana diseinatzeari ekingo diote.

Beraz, irailean erabilera planaren diseinua amaituta egongo litzateke eta berriro ere eragileekin elkarbanatuko lukete. Behin-betiko plana osatuta, 2017ra arte Amasa-Villabonako udalerrian eragileekin elkarlanean osatutako euskara sustatzeko plana izango lukete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!