Garagardoari gorazarre

Imanol Garcia Landa 2014ko uzt. 18a, 11:38
Adinez nagusi egin da aurten Villabonako Garagardo Azoka. Irrintzi elkarteak 18. aldiz antolatu du eta dagoeneko uztailaren erdialdeko ohiko hitzordu bihurtu da eskualdean.

Aurten 18. aldiz antolatu du Irrintzi elkarteak Villabonako Garagardo Azoka, eta, ohi denez, lau egunez dago zabalik Txermin Ikastolako eremuan: atzo hasi zen eta igandea izango da azken eguna. Egun Gipuzkoan egiten den garagardo azokarik zaharrena da Villabonakoa. Lehenengoak antolatzen Intxaurrondoko elkartea eta Artzak Ortzeok elkartea izan ziren, eta ondoren Bera Bera taldekoak. «Hirugarrenak gu izan ginen», dio Agustin Laskurain Irrintzi elkarteko kideak. «Beraien itzaletik joan ginen hasierako urteetan eta esan daiteke bakarrik geratu garela ia-ia. Berriz ere Bera Berakoak hasi dira antolatzen, baina zaharrenak gu gara».

Garagardo Azoka antolatzearen arrazoia dirua lortzea izan zela azaldu du Laskurainek: «Txirrindularitzako saila diru faltan zegoen. Elkarteak nahiko ekitaldi eta jarduera antolatzen zituen, eta pentsatu genuen Intxaurrondokoa ikusita guk ere horrelako bat antolatu genezakeela. Beraiekin hitz egin genuen eta ate guztiak ireki zizkiguten».

Ideia lagun baten eskutik iritsi zen: «San Miguel-eko komertziala zenak esan zigun animatzeko, hori baino gauza zailagoak antolatzen genituela, eta zergatik ez genuen ba hori lortuko. Horrela hasi ginen, eta gainera garagardozale amorratuak ginen kuadrillan». Lehenbizi kontaktuan jarri ziren Intxaurrondokoekin. «Hasieran mesfidati samarrak izan ziren, baina gero azaldu genienean zertarako zen, eta Artzak Ortzeok txirrindularitzarekin lotutako elkartea denez, gurea bezala, hortik aurrera ateak ireki zizkiguten», esan du Laskurainek. «Jarri ginen martxan, joan ginen hara eta apunte guztiak hartu. Gero, antolatzeko garaian, pixka bat beldur ginen, nola aterako ote zen pentsatuz, Intxaurrondon zegoen muntaia ikusita».

Ehun pertsona inguru lanean
Antolakuntzako lan errazena hornitzaileekin izaten dela esan du Laskurainek: «Prezioak negoziatu, zer irabazi uzten duten, laguntzarik ematen duten... Telefonoz egiten den kontua izaten da». Lan handiena azpiegiturak ematen du: «Ez da erraza: zati bat badugu estalita dagoena, baina bestea guk estaltzen dugu toldoen bitartez, eta gero karpa bat muntatzen dugu, eta barrak ere muntatu behar dira... Horrek lan dezente suposatzen du. Eskerrak elkartean gremio guztietako jendea dugun: iturginak, elektrikariak, arotzak... Eskerrak horri». Azoka egunetan jende ugari aritzen da lanean; larunbatean, esaterako, 100dik gora pertsona ariko dira. Elkarteko bazkideez gain, senar-emazteak, seme-alabak zein lagunak aritzen dira lanean.

Menuan ohiko aukerak izango dira, eta aldaketa bat egin dute aurtengorako: «Entsalada donostiarra kendu dugu, txaka pintxoa erraziotan ematen genuena, eta horren ordez errusiar entsalada sartu dugu». Izarrak ukondoa eta saltxitxak dira, batez ere ukondoa: «Jende asko etortzen da ukondo bila. Orain 8 edo 9 urte ukondo partida bat gaizki atera zen, eta horren ordez oilaskoa atera genuen, baina jendeak hori ez zuela jan nahi esaten zuen, ukondoa nahi zuela».

Garagardoei dagokionez, 27 garagardo dastatu ahalko dira. Kopuruaren inguruan zehaztasun bat egin du Laskurainek: «Horrek ez du esan nahi hainbeste garagardo mota dagoenik, baizik marka guzti horiek daudela. Azken finean lau garagardo mota daude, eta gero marka asko daude mota bakoitzeko. Beraz, ez du zentzu handirik garagardo kopuru handia izatea, baizik mota bakoitzeko zenbait marka izatea». Prezioei dagokionez ez da aldaketarik izango, ez janarian ezta garagardoetan ere. «Azken lau urteetan ez dugu preziorik igo, egoera ez baitago horretarako», esan du Laskurainek. Pitxarra hartzea euro bat da, eta garagardoak 3,5 euro balio ditu. Botilak hiru eurotan erosten dira.

Normalean jendea garagardo azoka batera joaten da edan ohi ez dituen garagardoak dastatzera, Laskurainek azaldu duenez: «Ez duzu pilsen edo lambic motakoa edaten tabernetan. Gainera garagardo azoka batean kainero guztiak puntuan daude eta kupeleko garagardo bat edaten baduzu, botilako garagardoa baino gozoago ateratzen da, errazago edaten da». Garagardo izarrak azkeneko bi urteetan Paulaner, Paulaner Salvator, Grimbergen Dubbel, Afligem eta Foster's dira. «Nesken artean arrakasta handia izaten du Mort Subite garagardoak», dio Laskurainek. Bere gustukoena ez dago aipatutakoen artean: «Nirea San Miguel Selecta da, prezio-kalitatea kontuan hartuta bera da onena. Lanean ari garenean, horixe izaten dugu jarrita».

Urte guzti hauetan garagardoarekiko zaletasuna eta kultura areagotu egin da, baina horrek gero ez du eragina egunerokoan, Laskurainek azaldu duenez: «18 urte pasa dira lehenengo antolatu genuenetik, eta garai hartan edaten genituen garagardo guztiak nolabait esateko arruntak ziren. Garagardo azokak antolatu direnean, jendeak garagardo bereziagoak dastatzeko aprobetxatzen du. Baina gero tabernetan, bai jende gazteak eta baita guk ere garagardo arruntak edaten jarraitzen dugu. Tarteka hartzen da bereziren bat, baina kapritxo moduan». Egun zenbait garagardo etxek atera dituzte garagardo gorriak merkeago. «Orain urte asko hori ezinezkoa zen. Badago joera bat gorriak gehiago edateko, baina orokorrean suabeagoak edaten jarraitzen dugu».

Artisau garagardoak egitearena, hau da, marka handietatik kanpo, gero eta gehiago zabaltzen ari den merkatua da. Orain ez dituzte Villabonako Garagardo Azokan, baina ez dute baztertzen aurrera begira horrelakoak izatea. «Interneten asko zabaldu da kultura hori, hau da, bakoitzak berea egitearena», dio Laskurainek. «Horiek komertzializatzea zaila da. Izan dugu artisau garagardo markaren bat, baina jendea ez dago ohituta horrelakoetara eta kostatu egiten da saltzea».
Zozketak ere izango dituzte azokan. Egunero bi pertsonentzako bederatzi afari zozketako dituzte. «Herriko tabernariek eskaini digute aukera hori eta guk oso pozik onartu dugu». Txartelak erosterakoan beste txartel bat emango zaio zozketan parte hartzeko zenbakiarekin. Egunero gaueko hamarrak aldera egingo dute zozketa eta zenbaki saridunak bi paneletan jarriko dituzte, bat garagardoen barran eta bestea janariak zerbitzatzen dituzten barran.

Lehenengo Tourra, gero lanera

Hasi zirenean, orain 18 urte, azoka uztailean antolatzea pentsatu zuten Irrintzi elkartekoek. «Egia esan, hasiera batean pentsatu genuen martxo aldera egitea. Euskal Herriko Itzulia zen, eta joan ginen Peio Garcia Amiano eta Intxaurrondokoengana, horiek antolatzen dutelako proba horretako janari zerbitzua. Legazpira joan ginen hitz egitera. Hauek ekainean antolatzen zuten, eta orduan ikusi genuen hobea zela uztailean antolatzea. Eta uztailean noiz? Ba Santio jaien aurreko asteburuan. Eta zergatik? Eta batek ‘uztaileko ordainsaria kobratzen delako’ esan zuen». Datarekin asmatu zuten, eta hasieratik mantentzen dute horrela. «Urte batzuetan lan gehiago izaten da, esaterako igandea 23 tokatzen denean. Jaiak 24ean hasten dira eta ordurako dena jaso eta txukun utzi behar izaten da», esan du Laskurainek.
Irrintzi elkarteak txirrindularitzarekin duen lotura ikusita, bertako bazkideen zaletasuna ere nabarikoa da. Uztailean antolatzen dutenez azoka, aurreko prestaketa lanek eta azokak berak bat egiten dute Frantziako Tourrarekin, eta txirrindularitza proba horrek markatzen du lan egiteko ordutegia. «Lehenengo Tourreko etapa ikusi behar da eta gero joaten da jendea lanera», dio Laskurainek. «Eta prestaketa lanetan sanferminetako asteburuarekin bat eginez gero, goizean entzierroa ikusi eta gero elkartzen da jendea Txerminen».

 

 
 

18. Garagardo Azoka

Zenbakiak
2.675 ukondo (2013)
6.000 saltxitxa (2013)
12.000 litro garagardo (aurreikuspenak aurtengorako)
 
Ordutegia
18:00etatik 01:00etara.
Uztailaren 20a arte.
 
Jatekoak
Saltxitxak (frankfurt eta bratwuist)
Haragi pastela
Gulak
Muskuiluak tomatearekin
Entsalada alemaniarra
Patatak «navarrito erara»
Ukondoa
Langostinoak baratxuriekin
Mediterraneo entsalada
Errusiar entsalada
Idiazabal tarta
Gazta
 
Garagardoak
San Miguel 1516
Amstel Radler
San Miguel Selecta
Carling
San Miguel 0%
Kronenburg 1664
Kronenbourg 1664 Blanc
Carlsberg
Foster's
Clara San Miguel
Grimbergen Dubbel
Affligem (Blond, Dubbel eta Tripel)
Paulaner
Paulaner Hefe-Wei
Paulaner Salvator
Murphy's
Guinness
New Castle Brown Ale
Warsteiner
Konig Ludwig Weissbier

Botilak
Judas
Desperados
Mort Subite
San Miguel Fresca
Grimbergen Blanche

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!