«Guk ez dugu zalantzarik egiten: egoera hark erail zuen Remi»

J.M. - I.U. 2014ko uzt. 24a, 16:25
Omenaldi berezia egingo diote Remi Ayestarani, Santio jaietan. Horren inguruan hitz egin dute Aitor Gonzalez eta Ugaitz Larretak, Remi Gogoan egitasmoko kideek.

Bost urte beteko dira, datorren urtarrilaren 31, Remi Ayestaran billabonatarra hil zenez geroztik. Urteroko moduan, aurten ere tarte berezia izango du bere oroimenak, Santio jaietan, Remi Gogoan egitasmoko kideen eskutik.

Festak hasi berri dituzue. Duela bost urtetik hona, bereziki desberdinak al dira festak zuentzat?
Ugaitz Larreta: Bai. Batetik, Remi ez dagoelako, noski, eta, bestetik, bera erail zutenez geroztik, jaietan bere memoria bizirik mantentzen saiatzen garelako.
Memoria ariketa hori bereziki gogorra izan daiteke gertukoentzat, baina, egin beharrekoa da, ezta?
Aitor Gonzalez: Bai. Hasteko, desberdintasun handia dago ofizialki kontatu zutenaren eta gertatu zenaren artean eta, ziur gaude, herritar askok istorioa oraindik ezagutu ere ez dutela egiten. Memoria ariketa egin beharrekoa da, beraz, bertan gertatu zenaz hitz egin eta hori partekatzeko; pixkana gure historia idazten joango gara horrela.

2010eko festen aurretik osatu zenuten Remi Gogoan egitasmoa. Zein helbururekin jarri zenuten martxan?
U. L.: Taldean lagunak, kuadrillakoak nahiz udalean berarekin lanean aritu ziren hainbat pertsona gaude. Egia esan, bera gertu-gertutik ezagutzen genuenak gara egitasmoan gabiltzanak; Remi nolakoa zen eta zein nahi zituen bagenekienak. Helburuak, berriz, Remiren oroimena bizirik mantentzea, memoria historikoa osatzea eta Remik lortu nahi zituen zenbait gauzetara iristen saiatzea dira. Halaber, egia osoa lortzea ere gure jomugen artean dago, izan ere, bost urtean inork ez du oraindik aitortu, esaterako, ertzainak festa gunera sartu zirenik edo presio polizialik izan zenik.

Egia plazaratu nahi duzuela diozuenean, benetan gertatutakoa ezkutatzen saiatu direla uste al duzue herri ekimeneko kideok?
A.G.: Zalantzarik gabe, bai. Bi bertsio daude: bata Villabonako herritar guztiek ikusitakoa da, egun hartan bertan egon zirenen ahotik entzundakoa. Bestea, berriz, ofizialki emandakoa eta zenbait hedabidek zabaldutakoa da.

Heriotza naturala edo gehiegikeria polizialak eragindakoa izan ote zen mahai gainean jarri nahi duzue, beraz.
A. G.: Guk ez dugu zalantzarik: egoera hark erail zuela uste dugu, hil zeneko testuingurua ez baitzen batere naturala izan. Ingurua ertzainez josita zegoen eta herrian 14 furgoneta kontatu zituzten; mehatxuka aritu zitzaizkion eta, gainera, Remi alkateordea izanda, ezer ez gertatzeko arduraren zama hori ere bazuen gainean. Eta ez dugu sekula ahaztuko, zenbait herritarrekin bultzaka nola aritu ziren, hilotzaren gainean.

Gau hartan Ertzaintza jai gunera sartu ote zen edo ez ere zalantzan jarri izan da. Zuek frogak ere badituzue, ezta?
A. G.: Frogek zenbateraino balio duten... Bere garaian argazki agentzia bateko argazkilariari irudiak eskatu genizkion, eta argazki haiek desagertu egin ziren; ez dakit kasualitatea ote den edo ez. Gainera, ikusi genuen zenbait komunikabide segituan zein bertsiotara joan ziren. Beraz, lortu genuen argazki bakarra liburuan agertzen dena da: ertzain ilara bat ageria da plazan bertan, eta Remi aldamenetik pasatzen ari da; irudi horrek dena esaten duela uste dugu.

Epaitegiak Ertzaintzaren eta Asuncion klinikako medikuen txostenak hartu ditu kontuan kasua ebazteko, eta 2012an itxi zuten. Justiziaren bidea agortuta al dago jada?
U. L.: Guk ez dugu inongo biderik itxiko. Bai familiarekin eta baita Remi Gogoan-ekin ere, abokatu bat lanean aritu da, eta horretan dihardu: bide berriak ireki behar baldin badira, zabaltzeko asmoarekin.

Bost urteotan familia saiatu al da herritarren testigantzak-eta biltzen?
A. G.: Saiakerak egin dituzte, noski, eta zenbait herritar ere prest azaldu dira deklaratzeko. Kontua da, ordea, ez zietela onartu beren lekukotasuna kontatzea.

Justiziarena jaso ez duzuen arren, herriaren aitortza jaso al duzue Remiren lagunek eta senideek?
A. G.: Herriaren aldetik aitortza eta babesa jaso ditugu, eta Remi Gogoan sortu genuenez geroztik jende asko etorri da gugana, hainbat lanetan laguntzeko: liburua egin genuenean; danborradari jarraipena eman nahi izan genionean; kaleari bere izena jartzea proposatu genuenean; bere omenezko eskultura egin nahiz ezartzeko,... Pentsatzen jarrita, Remi Gogoan ia herri guztiak osatzen du, eta benetako herri ekimena da. Eta noski, ezin ahaztu 2009. urteko omenaldian jaso genuen babesa eta inplikazioa; herriak egindako omenaldia izan baitzen, azken finean.

Omenaldi jendetsua izan zen eta bereziki hunkigarria, ezta?
A. G.: Oraindik ere hunkitzen gara egun hura gogora ekartzean, eta eskerrak eman nahi dizkiegu, berriz, lagundu zigun jende guztiari eta parte hartu zutenei. Eta, bide beretik, bost urteotan lagundu diguten udal taldeei ere eskerrak eman beharrean gara, bai Remiren udal taldea izan zenari eta baita egungoari ere.

Jaurlaritzako giza eskubideen batzordean polizia gehiegikerien biktimen inguruko txostena aurkeztekotan dira. Itxaropenik baduzue bide horretatik?
A. G.: Euskal Herrian garaiak aldatzen ari direla uste dugu eta, bide horretan, justizia bera justuagoa izango denaren itxaropena dugu. Beraz, ez dugu etsiko.

Era berean, Egiari Zor fundazioa ere lanean ari da azken urteotan. Haien jardunak eraginik ekarriko al dizue zuei?
U. L.: Gaur egun bi mailatako biktimak dauden herri honetan, biktima guztiak maila berean egoteko lanean jarraitu behar da gure ustez. Egiari Zor fundazioak ildo horri jarraitzen dio, beraz, ea eragiten digun, onerako.

Remiren irudia bizirik mantentze horretan, zer nolako egitasmoak antolatu dituzue bost urteotan?
A. G.: Herri omenaldia izan zen lehena, urrian. Gero, Remi, herriaren taupada liburua eta DVDa argitaratu genituen; Euskal Herrian nahiz atzerrian zabaltzen saiatu gara eta, oraindik ere, horretan dihardugu. Halaber, pasealeku bati bere izena jartzeko eskaera egin genuen eta udalak onartu egin zigun; ibiltoki horretan bere omenezko monolitoa egin eta ezartzearena, berriz, Burgosko bere lagunekin elkarlanean egin genuen. Festei begira, santiotako danborrada berak berreskuratu zuenez, mantentzeko lan egin genuen guk eta, azkenik, festetako zapiarena ere bere ideia izan zenez, horri eutsi nahi diogu: Villabonako taldeak finantzatzeko bidea da.

Herrien arteko elkartasunean lan berezia egin zuen Remik eta, aurtengo omenaldian, Villabonarekin senidetu berri den Agti herri sahararrak protagonisno berezia izango du, ezta?
U. L.: Esan bezala, gure helburuetako bat Remiren nahiak lortzea denez, protagonismo berezia emango diogu zapaldua dagoen beste herri bati. Horrela, senidetutako herria ere hobeto ezagutu ahal izango dute billabonatarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!