Euskara, esku onetan

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 18a, 11:40
Euskaran Ados lantaldeko kideetako batzuk, bilera batean

Villabonako Udalak datozen lau urteetarako Euskara Plana egin du. Ez du bakarrik egin ordea, herriko 15 bat eragilerekin bildu da azken hilabeteetan. Egindako ekarpenak bilduta, 2017. urtea bitarteko lehentasunak finkatu dituzte.

Euskara zaindu beharreko altxorra da, eta horretaz jakitun, Villabonako Udalak bilera ugari egin ditu Euskara Ados lan-mahaia osatzen duten herriko eragile askorekin, datozen urteetan eman beharreko urratsak finkatu asmoz. Udalek lau urtez behin Euskara Plana egin behar dute, eta Villabonan orain arte udalak egin izan du lan hori. Oraingoan ordea, herritarrekin konpartitu nahi izan dute egitekoa "benetako beharrak" zeintzuk diren jakiteko, Maite Arregi Tejeria udaleko euskara teknikariak azaldu duenez. 15 bat eragilerekin biltzen aritu dira eta ondorioekin lehentasunak finkatu eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana burutu dute. 2017. urtera arte egongo da indarrean.

2013an hasi ziren lanean. "Urtea euskararen egoeraren inguruko diagnosia egiteko baliatu genuen, hutsuneak antzeman genituen. Eta pasa den martxoan egin genuen lehen bilera", esan du teknikariak. Plana osatu ahal izateko, beraz, herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jo zuten udalean, eta hori dela eta, arloz arloko bilerak deitu zituzten. Diagnosia  bera arloz arloko eragileei bidali zieten, eta hortik 15 bat egunera bilera bat deitu diagnosiaren inguruko iritziak biltzeko. "Gaiak eskatu duenean beste bilera bat ere egin dugu", gaineratu du Arregik. Bilera horiekin eta emailez jasotako beste ekarpen askorekin osatu ahal izan du udalak Euskara Plana. Hori bai, administrazio arloan, udalari zuzenean dagokionez, ez dute bilerarik egin. "Eta sentsibilitatearen arloa ez dugu bere horretan landu, gai guztietan lantzen zen gaia zelako", esan du.

Guztira sei arlo banatu dituzte: euskalduntzea eta alfabetatzea, familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, aisia eta kirola, arlo sozio-ekonomikoa eta hedabideak, publizitatea eta teknologia berriak.  Euskara Planean urtez urteko lehentasunak finkatu dituzte, baina plana ez da itxia eta "beharrezkoa bada ekintza berriak zehaztuko ditugu datozen urteetan". Hemen lehentasunetako batzuk:

  • Euskalduntzea eta alfabetatzea
    - 2015. urtea: - Erritmo txikiagoko ikastaroak antolatzea: egun eta ordu gutxiagokoak.
                          - Etorkinentzat harrera programa antolatzea hizkuntzaren ikuspegitik, erroldatzera etortzen direnean emateko (Harrera On moduko  esku-orria banatzea).
                          - Euskara ikasteko dauden aukeren berri emateko informazio egokia prestatzea, herrian dagoen eskaintza kontuan hartuz.

    - 2016. urtea: - Beka sistema aztertzea. Diru gehiago jarri diru-laguntzetarako. Langabetuentzat erraztasun gehiago ematea aztertzea.

    - 2017. urtea: - Etorkinentzat AISA ikastaroak antolatzea.

  • Familia bidezko transmisioa
    - 2015. urtea: - Gurasoen sentsibilizazioan eta jarreran eragitea tailerren bidez. Zergatik ez? tailerra egin urtero 2 urteko haurren gurasoekin.
                         
    - 2016. urtea: - Haur jaioberrien gurasoei sentsibilizazioa lantzeko euskararen erabilerari buruzko gomendioak bidaltzea.

    - 2017. urtea: - Gurasoen jarreran eragitea zehar lerro bidez.


  • Irakaskuntza
    - 2015. urtea: - Ikasle etorkinekin Harrera On moduko egitasmoak martxan jartzea.
                         - Nerabeen motibazioan eta jarreran eragitea tailerren bidez. Hezhiz programa landu ikastetxeetan.
                         - Guraso elkarteen parte-hartzea sustatzea.
                         - DBHn bertso eta ipuin lehiaketaren ordez, beste mota bateko lehiaketak antolatzea.
                         
    - 2016. urtea: - Nerabeen lagun arteko hizkera jorratzea. Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa landu DBHko ikasleekin.

    - 2017. urtea: - Aurreko puntuak errepikatzea.

  • Aisia eta kirola

    - 2015. urtea: - Gaztelekuko hezitzaileekin batera euskara sustatzeko plangintza aurrera ematea.
                         - Futbol taldean euskararen erabilera sustatzea, udalaren diru-laguntza jasotzeko bete beharreko hizkuntza irizpideak oinarri hartuta.
                         - Futbol taldean kirol entrenatzaileetako hizkuntza estrategiak moduko ikastaroak antolatzea.
                         - Pilota eskolan euskararen erabilera sustatzea, udalaren diru-laguntza jasotzeko bete beharreko hizkuntza irizpideak oinarri hartuta.
                         - Kiroldegiko zerbitzua euskaraz izan dadin bermatzea.
                         
    - 2016. urtea: - Nerabe eta gazteen sentsibilizazioan eta jarreran eragitea.

    - 2017. urtea: - Antolatzen diren ekintza guztietan hizkuntzaren aukera erreferentea izatea.


  • Arlo sozioekonomikoa
    - 2015. urtea: - Oria merkatarien elkartearekin lankidetza jorratzea hizkuntzaren normalizazioari begira.
                         - Gainontzeko saltokietan ere sentsibilizazioa lantzea; gaur egun gaztelania hutsezko zerbitzua ezinezkoa dela gure herrian ulertarazi.
                         - Lan munduan Tolosaldean landu nahi den plangintzan parte hartzea.
                         
    - 2016. urtea: - Zerbitzuetan (aurrezki-kuxak, banketxeak...) ere sentsibilizazioa lantzea.
    - 2017. urtea: - NEL (Ni ere lanean euskaraz) egitasmoa zabaltzen jarraitzea.


  • Hedabidea, publizitatea eta teknologia berriak
    - 2015. urtea: - Eskualdeko komunikabideak sustatzeko lankidetza-hitzarmenak sustatzea.
                         - Eskualdeko komunikabideetan egin beharreko publizitatea urte osoko ikuspegiarekin lotzea.
                         - Eskualdeko komunikabideak herriko berriak emateko erreferente bihurtzea.
                         - Gertuko komunikabideak sustatzea udalaren aldizkari zein webgunean.
                         
    - 2016. urtea: - Sare sozialak indartzea eta hauek euskaraz erabiltzeko egitasmoak lantzea.
                         - Gazteek sare sozialak euskaraz erabiltzeko saioak antolatzea.

    - 2017. urtea: - Udaleko webgunea euskarazko tresnen berriemaile bihurtzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!