Webgunea berritu du Oria merkatarien elkarteak

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 18a, 15:56
Ainhoa Esnaola, Mari Jose Irazusta (erdian) eta Oriako bi merkatarirekin batera.

Villabonako merkatarien elkarteak oihalezko boltsak oparituko ditu.

Villabonako merkatariek «erakusleiho berria» izango dute aurrerantzean: www.oriamerkatariak.com. Zitu enpresak egin du eta bertako Ainhoa Esnaolak azaldu duenez, helburua webgune «dinamiko, moderno eta erakargarria» egitea izan da. Atari berrituak albisteak biltzen ditu, merkatari elkarteko kide bakoitzaren blogak, herritarrek parte hartu ahal izateko inkesta zein agenda eta kide guztiak non dauden ikusi ahal izateko mapa.

«Webgunea herritarrei irekita dago, baina kideentzako sarbide pribatua ere badu. Izan ere, atariak merkatarien barne komunikazioa lantzeko tresna ere izan nahi du», gaineratu du Esnaolak.

Webgunearen aurkezpena merkatari elkartearen ekimen berri baten berri emateko ere baliatu dute, eta Eguberri hauetan herritarrei opari bat emango dietela esan du Oriako Mari Jose Irazusta kideak. Oparia oihalezko boltsak dira. «Zure erosketak zure herrian, Villabonan izenpean atera ditugu, eta Asteasu, Zizurkil, Amasa eta Villabonako etxeetan banatuko ditugun txartelak Oriako dendetara eramanda eskuratu ahal izango dira», esan du.

Era berean, urtarrilaren 8an 300 euroko lau opari txeke zozkatuko dituztela gogoratu du. Horretarako Villabonako dendetan erosketak egiterakoan ematen dituzten txartelak bete behar dira.

Eguberriak gainean ditugun honetan larunbatean Bearzana pilotalekuan, Gabonetako parkea egongo dela gogoratu dute. Hilaren 23 eta 26an eta urtarrilaren 2 eta 5ean ere egongo da zabalik. Bukatzeko herriko denda batzuk larunbatean 17:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:30etik 13:30era ere zabalik egongo direla nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!