Zubimusu ikastolak energia berriztagarrien aldeko apustua egin du

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 18a, 10:23

Goiener kooperatibarekin izan duten esperientzia gizarteratzeko asmoz hitzaldia antolatu zuten astelehenean Villabonako Subijana etxean. Eredu energetikoan aldaketa bultzatu nahi du ikastolak.

630 ikasle aritzen dira Zubimusu ikastolan. Energia kontsumoa handia dela konturatuta daude ikastolako arduradunak: «Ikasle asko ditugu eta ordu askotan egoten da eskola martxan. Horrek derrigor dakar energia kontsumo handia». Nerea Zumeaga, ikastolako kudeatzailearekin hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIAak.

«Lehenengo ikasleei, ondoren gurasoei eta oro har herri guztiari eredua ematea da hezkuntza zentro gisa egitea dagokiguna». Ingurumenarekiko konpromisoa aspaldikoa du ikastetxeak eta 2013an jaso zuen, esate baterako, Eskola Jasangarriaren ziurtagiria. Eskola Agenda 21 programaren bitartez ere ingurumenaren gaia landu dute azkeneko urteetan.

Une honetan, Enerki enpresarekin ari da lanean Zubimusu ikastola. Enpresa horrek, energia kontsumoa gutxitzeko asmoz auditoria bat egin eta ondoren ekintza plan bat zehaztuko du.

Kontsumoa gutxitu eta energia berriztagarriak erabiltzeko apustu horretan sakontzeko asmoz, «harremanetan jarri ginen Goiener kooperatibarekin, komertzializatzaile handien morrontzatik ihes egin nahian». Kooperatibaren kide eta sortzaileetako bat da Olatz Azurza: «Beste hainbat ikastetxeekin egin izan dugun bezala, lehenik eta behin kontsumo ohiturak aztertu eta ondoren urtebeteko proposamena luzatzen diogu zentroari». Aldaketakin, hileroko fakturan aurreztea lortu dute.

Goiener kooperatibarekin izan duten esperientzia gizarteratzeko asmoz hitzaldia antolatu zuten astelehenean Villabonako Subijana etxean. «Kontratu bat sinatzerako orduan aintzakotzat hartu beharreko faktoreak azaldu genituen: zein potentzi behar dugun, zein tarifa mota egokitzen den gure beharretara. Azken batean, energiaren sektoreko hainbat oinarrizko kontzeptu azaldu genituen».

«Sektore elektrikoan bistakoa da enpresa handiek duten kudeaketa eredua: ez dute energia berriztagarrien aldeko apustu garbirik egiten eta kontsumitzaile txikien ezjakintasunaz baliatzen dira irabaziak handitzeko», nabarmendu du Azurzak.

Eredu energetikoaren aldaketa sustatu nahi du Goienerrek eta norabide horretan, merkaturatzen duten energia elektrikoaren %100a berriztagarria da.

Kooperatibak 2014ko udaberrian abiatu zuen bidea Lekeition. Ikastolen Elkartearekin egindako elkarlanaren ondoren ikastetxe asko bazkidetu dira Goienerrera, Villabonakoa kasu. «Udaletxe, enpresa eta erakunde handiak bazkidetu dira kooperatibara baina bezeroen %80-85 kontsumitzaile txikiak dira». Kontsumo ohitura errepikakorragoak nabari dira handiagoak diren eraikinetan.

Irabazi asmorik gabeko elkarte honek egiten duen lana zabaltzeko eta ezagutarazteko antolatu zuen asteleheneko hitzaldia Zubimusu ikastolak. Olatz Azurza eta Peio Insausti, kooperatibako kideek hartu zuten hitza ekitaldi horretan eta ikastolako ordezkariek egin zituzten aurkezpen lanak. Ikastolako ikasleak ere gonbidatu zituzten hitzaldian parte hartzera, ikasgelan lantzen duten gaia baita energia berriztagarriena.

Ikastolen Elkarteak martxan duen Eki proiektuaren barruan, energiaren inguruko unitate didaktikoa lantzen dute DBHko ikasleek. Besteak beste, ikastetxearen egoera energetikoa aztertzen dute eta ikasturte amaieran energia aurrezteko gomendioak luzatzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!