Inguruko parajeekin gozatzeko aukera, 47. Aizkardi Ibilaldiarekin

Imanol Garcia 2015ko mar. 26a, 11:38

Igandean egingo da eta ohi bezala bi aukera daude: 44 kilometroko ibilbide luzea eta 25 kilometroko ibilbide motza. Entzun Aizkardi elkarteko Maddi Bengoetxeari egindako elkarrizketa.


Aizkardi mendizale elkartea bere urteko ekitaldi nagusia prestatzen ari da igande honetarako. 47. Aizkardi Ibilaldia egingo da, eta ohi bezala, bi aukera izango dituzte mendizaleek: 44 kilometroko ibilaldi luzea eta 25 kilometroko ibilaldi motza. Ibilaldi luzea Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria da.

Aurtengoari begira, gainera, pozik egotekoak dira Aizkardikoak. Izan ere, sari bat jaso berri dute, Euskal Mendi Federazioak emana: Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituaren barruan baloratuena da Villabonakoa. Maddi Bengoetxea Aizkardiko kideak azaldu duenez, sari horrek «poz handia» ematen die: «Horrekin ikusten dugu jendea oso konforme dagoela gure antolakuntzarekin, eta ilusioa ematen dizu horrelako ekimenak antolatzeko».

Elkartean hamabost lagun inguru biltzen dira, eta horiek ematen dute elkartearen martxa eta ibilaldiaren antolakuntza nagusia. Gero, egunean bertan, 60tik gora pertsona aritzen dira ibilaldia ondo atera dadin laguntzen.

Izena emateko aukera dago bai www.zirkuitua.com eta www.aizkardi.com helbideetan eta baita egun berean ere. Halere, nahaigo dute Aizkarditik mendizaleek lehenbailehen izena ematea eta azken egunerako ez uztea, horrela antolaketa erraztu egiten delako. Dagoeneko ia mila pertsonek eman dute izena parte hartzeko. Horietatik 510 inguru martxa motzerako dira eta beste 400dik gora martxa luzerako. «Azkeneko urteetan kopurua mantentzen ari da», dio Bengoetxeak. «Lehen izaten zen 14 orduko martxarekin batera egokitzen zenean, sekulako igoera izaten zuen, eta gero jaitsi egiten zen hurrengo urtean. Azken urteetan ez da nabaritu hainbeste urte horretan 14 orduko martxa egiten den ala ez». Eguraldiaren arabera aldatu ohi da parte hartzaileen kopurua.

Aizkardi elkartetik gogora ekarri ohi dute, eta horrela dute zehaztuta bere webgunean, ibilaldia martxa bat dela eta ez lasterketa bat, eta horren arabera egiten dutela antolaketa. Bestalde, lehenengo aldiz parte hartu behar duenarentzat «lasai» joateko esaten diete elkartetik. «Bai ibilbide luzea egin, bai motza, aukerak daude ibilaldia uzteko. Errepideak daude tartean, eta abisatuz gero norbait bere bila joateko aukera izango da», esan du Bengoetxeak. «Bestalde, aholku bezala esango nioke ez behartzeko gehiegi makina. Bakoitzak ondo datorkion erritmoa hartu behar du».

Ibilaldiaren bukaeran parte hartzaileen artean material zozketa egin ohi da, eta Aizkarditik zozketarako produktuak ematen dituzten komertzio eta enpresak eskertu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!