Joxe Mari Olarra inputatu dute "terrorismoa goratzea" leporatuta

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 8a, 15:24

Apirilaren 10ean, ostiralean, deklaratzera joan beharko du Audientzia Nazionalera. Konponbideari erasorik ez, adierazpen askatasuna! lelopean herritarrek elkarretaratzea egingo dute ostiralean bertan, 20:00etan, Errebote plazan.

Olarra azaroaren 6an irten zen Pontevedrako A Lama espetxetik. 18/98 auziko Xaki atalean epaitu eta 13 urteko kartzela zigorra jarri zioten, baina zortzi urte eta erdira jaitsi zioten kondena. Hurrengo egunean iritsi zen Amasa-Villabonara eta herritarrek harrera egin zioten. Azaroaren 22an, berriz, ongietorria egin zitzaion herrian.

Azaroaren 7an herrian egin zitzaion harreran emandako diskurtsoagatik inputatu dute Olarra. Egun horretan, "bide demokratikoak erabiliz, borrokan jarraitzeko deia" egin zuen: "inportantea da sinistea daukagun proiektuan. Uste dut Europan gure alde dagoen haize hau aprobetxatu nahi badugu martxa bat gehiago sartu behar dugula, indar gehiago sartu behar dugula eta borrokatu behar dugula. Estrategia aldaketa ez da ixilik egotea. Estrategia aldaketa da, tresnak aldatzea: tresna demokratikoen bidez, baina borrokaren bidez. Borrokan bidez lortuko dugu herri honen askatasuna". (Diskurtso osoa bideoan)

Apirilaren 10ean Auzitegi Nazionaleko 4. salan deklaratu beharko du, Andreu epailearen aurrean. Senideen arabera, "seguruenik prozesatu egingo dute".

Olarra "lasai" baina "amorruz" dagoela aitortu dute senideek "esandakoari bere interpretazioa egin diotelako". Gaineratu dute ez dela "kasualitatea nor inputatu duten". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!