Giza Eskubideen Zinemaldian eskainiko dute "Negar franko egingo zuen aitak"

Jon Miranda 2015ko api. 24a, 09:13

Gaur, 16:30ean eskainiko da Victoria Eugenian "Negar franko egingo zuen aitak" filma Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian. Gerra Zibilaren ondorengo Amasa-Villabonan sortutako haustura gainditzeko bizikidetza ereduak erakusten ditu dokumentalak.

Bertha Gaztelumendi irundarrak zuzendu du dokumentala:

Nondik sortu zitzaizun dokumental hau zuzentzeko aukera?
Gipuzkoako Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendaritzak bultzatutako ekimena da. Elkarbizitzaren eta belaunaldien arteko transmisioa ardatz hartuta Zaharrak berri programa jarri zuen martxan Diputazioak. Guk lan hau abiatu aurretik bagenuen hipotesi bat: gerra zibilaren ondoren bi bandoen arteko hausturarik ez zela egon. Beraz, dokumentalak horren bila jo nahi izan du: gerra amaituta zer gertatu zen herrietan? Nola lortu zuten herritarrek lubaki hori gainditzea? Nola berreskuratu zuten bizikidetza?

Zer da lan honekin belaunaldi berriei helarazi nahi diezuena?
Gaur egungo gazteek, euren bizitzan zehar, gatazka politiko eta sozialekin egingo dute topo. Haientzako oso interesgarriak izan daiteke gerra ondorengo esperientzia ezagutzea. Haien aurrekoek bizi izandako esperientzia baliagarria izango zaie etorkizunean.

Zein ekarpen egin dizue Amasa-Villabonako Aritza elkarteak?
Aritza kultur elkarteak ederki dokumentatu ditu Gerra Zibileko ekintzak. Zer gertatu zen, zenbat erbesteratu izan ziren, zenbat hildako, nolakoak izan ziren emakumeen aurkako erasoak... hori guztia jaso dute. Dokumentazio hori gure esku jarri zuten eta guk hurrengo pausoa eman dugu. Etsai giro horretan harremanak nolakoak izan ziren jakin nahi genuen eta gizarte sare hori nola berreskuratu zuten.

Nola osatu duzue lana?
Xabier Urmeneta izan da gidoigilea eta lan prozesu bezala planteatu dugu.Gerra bizi izan zuten gizon emakumeak, hurrengo belaunaldia eta azkenik, gaur egungo gazteriarekin egon gara. Talde lan bat izan da, zer gorde eta zer kontatu nahi zuten jakin nahi genuen eta behin hori eginda testigantzak bideoz grabatu ditugu. Baina dokumentala prozesuaren azken emaitza izan da. Guk jaso dugun guztiaren itzulketa moduko bat.

Gaur aurkeztuko duzue Giza Eskubideen Zinemaldian.
Memoriaren astean aurkeztu genuen Villabonan eta orain ohore bat da Donostian aurkeztea. Protagonistek eta taldean aritu diren lagunek merezi zuten. Tartean da, esate baterako, Imanol Luke tolosarra. Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dugu elkarrekin, Begoña del Tesok gidatuta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!