Ibai Rezola: «Ez naiz gutxietsita sentitzen epaile izateagatik»

M.Iraola/A.Uzkudun 2015ko uzt. 29a, 12:01

Ume zela, futbolari izan beharrean epaile izan nahi zuela erabaki zuen Ibai Rezolak (1991, Amasa-Villabona). Ez da damutu erabakiaz. Kirolari batek bezain beste disfrutatzen du zelaian. Futbol epaile izateaz, etorkizunaz eta hezkuntzaz hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIA-rekin futbolarekin lehen kontaktua izan zuen lekuan, Arratzaingo berdegunean.

Jokalari izatetik epaile izatera pasa zinen. Zer dela eta erabaki hori?
Hamabost urte nituen, eta bat batean bururatu zitzaidan, aparteko ezer gertatu izan gabe. Guztiz ezezaguna zen mundu hori niretzat. Probatzeko gogoa nuen, eta gustatu zitzaidan.

Norbaitek lagundu zintuen?
Epaile izaten diren askok tartean lagunen bat dutelako-edo izaten da, norbaitek animatuta. Nik ez nuen inor ezagutzen. Behin gurasoengana joan eta esan nien epaile izan nahi nuela. Egia esan, asko eskertzen diet gurasoei, inoiz ez didatelako aitzakiarik jarri eta beti lagundu izan nautelako. Epaileen inguruan entzuten diren guztiekin ez litzateke harritzekoa izango 15 urterekin hori esan nienean ideia burutik kendu nahi izatea.

Aldaketa handia izan zen zuretzat?
Futbolarekin lotuta jarraitzen duzu. Epaileak futbolaren jarraitzaile gara.

Zein pausu jarraitu behar dira epaile izateko?
Hasteko formakuntza klase batzuk jaso behar dira, araudiaren inguruan. Gertatu daitezkeen egoera guztiak kontrolpean izan behar dira une oro, beraz, guztia ongi menderatu behar da. Ondoren, errendimenduaren arabera mailaz igotzen joaten zara: partidetan gauzak nola egiten dituzun, froga fisikoak... gauza asko hartzen dituzte kontutan horretarako.

Zaila da epaile izatea?
Bai. Erabaki asko hartu behar izaten dira denbora gutxian. Gure handicapa hori guztia ondo egitea da, eta horretarako bakoitzak bere erremintak erabiltzen ditu.

Beraz, subjektiboa ere bada epaile baten lana?
Bai. Araudian 17 arau ditugu, eta guk sarritan diogu 18. araua dela garrantzitsuena: interpretazioarena. Epaile bakoitzak bere erara eramaten ditu. Adibidez, beroaldi batean, jokalariak baretzeko norberak interpretazio ezberdina du, bere irizpideen arabera. Oso garrantzitsua da interpretazioa.

Eta zeintzuk dira ba Ibai Rezolaren erremintak kasu horietan?
Sekretu guztiak publikoki ere ezin esan! (barreak) Azken finean, saiatu behar zara guztia ongi ematen, berotasun uneak ekiditen. Psikologia behar da zelai barruan.

Psikologikoki ere prestatzen zaituztete epaileei?
Ez, hori esperientziarekin ikasten joaten da, partidak epaitu ahala. Beste epaileek egoera jakin batzuen aurrean ere zer egiten duten ere begiratzen dugu, ikasteko.

Horrela bada, noiz amaitzen da epaile baten pazientzia?
Norberaren araberakoa da. Garrantzitsuena kanpora begira lasaitasuna transmititzea da. Epaile bat urduri dagoela nabaritzen bada... kaput! Lasaitasunak segurtasuna ematen du.

Jokalariak ere mota askotakoak dira. Nolakoak lirateke idealenak?
Antzerkirik egiten ez dutenak, falta eta protesta gutxi egiten dutenak... hau da, lanak erraz ipintzen dituztenak. Badira aurkakoak ere.

Telebistak badu eragina horrelako jarrerak hartzerako orduan, bereziki harrobiko taldeetan?
Dudarik gabe. Ikasten dutena ikusten dutenetik dator, gehienbat telebistatik. Golak ospatzeko moduetan ere ikus daiteke. 12 urtekoen neurketetan antzematen dira horrelakoak.

Epaileekin lantzen dira horrelako gauzak klubetan?
Ez beti. Saiakerak egiten dira haurrei formakuntzak emateko. Heziketa prozesu batean daude eta garrantzitsua da ongi portatzen jakitea, errespetuz.

Haurren heziketa horretan zerbait falta dela uste duzu?
Formakuntza aldetik itxura txarrena ematen dutenak askotan gurasoak dira. Ez dute ulertzen formakuntza prozesu baten erdian daudela eta modu egokian erakutsi behar zaiela. Aurkaria edo epailea presionatzen hasten diren unean ez diete mesederik egiten haurrei.

Presioa sentitzen da zelai batean?
Badago, bai. Gauzak ongi egin behar ditugu, asmatu beharra dugu. Gero eta maila altuagoa, gero eta presio gehiago. Ikusi besterik ez dago komunikabideek zer nolako presioa ezartzen dieten epaileei. Baina badakigu zer dagoen futbolean. Gero norberak bere buruari beste presio bat jartzen dio, hori beste kontu bat da.

Lasaitasuna edo presioa aipatu dituzu. Eta beldurra? Sentitu duzu noizbait beldurrik futbol zelaian?
Maila batzuetan zu zeu bakarrik zaude, inongo babesik gabe, eta tentsio uneak izaten direnean, errespetua ematen du. Gero eta maila altuagoa, gero eta babestuago zaude.

Zer moduzko esperientzia izan da lehen mailan laugarren epaile gisa aritzea?
Oso polita. Gure helburua ahalik eta mailarik altuenean egotea izaten da. Bigarren mailan ere izan naiz, baina ez dago aldaketa askorik. Gehien nabaritu dudana, komunikabideek ematen diote garrantzia izan da. Kontu handiz ibili behar izaten dugu, edozein hitz edo keinurekin gure inguruko erreportaje bat atera baitezakete.

Epaileek inoiz ez dute partida baten ostean hitz egiteko aukerarik. Uste duzu aukera hori izan beharko zenuketela?
Behin baino gehiagotan proposatu izan duten gaia da, baina horrelakoetan, epaileen akatsen bila baino ez dira joaten komunikabideak. Beraz, zer ekarpen egingo luke? Ezertxo ere ez. Didaktikoa balitz, formakuntzari begirakoa, orduan bai. Baina beti akatsengatik galdetzen da. Egoera hori ikusita, hobe ez egitea.

Epaile batzuk telebistara jo dute erretiroa hartu ostean. Zein iritzi duzu hauen inguruan?
Iritzia eman ahal izateko eguneratuta egon behar dute, arautegian aldaketak izaten direlako. Eguneratuta ez dauden batzuk badaude, eta beraiek esandakoek min asko ematen digute, esandakoak ez daudelako ongi esanda. Ez dute transmititzen epaile batek egin beharko lukeena.

Gutxietsita daude epaileak?
Hori askotan egiten den galdera da. Ni ez naiz gutxietsita sentitzen epaile izateagatik. Askotan epaileen lana istiluekin lotzen da, baina guztia ez da horrelakoa. Badago zoriontzen zaituen jendea, talde handi bat dago epaileen atzean.

Tratu txarrik jaso duzu noizbait?
Ez. Alde horretatik Gipuzkoa leku ona da. Espainiako beste zonalde batzuetan horrelako kasuak gehiago entzuten dira. Leku batzuetan ondo tratatzen gaituzte, beste batzuetan okerrago, denetik dago.

Epaile bat une txar batetik pasatzen ari denean, norengana jotzen du?
Familia eta beste epaileengana jotzen du. Gainontzean futbol jokalariek bezala da. Partida txar bat egiten baduzu, hurrengoa noiz iritsiko zain zaude, gauzak lehenbailehen ongi egiteko.

Zein izan dira zelaiaren barruan izan dituzun unerik onena eta txarrena?
Mailaz igoko zarela esaten dizuten unea sekulakoa da. Urte bukaeran zure helburuak bete direla ikusten duzu, eta poza handia izaten da. Zelai barruan, play-offak gustuko ditut. Aurtengo Tenerife-Las Palmas derbiko oso oroitzapen onak ditut, adibidez. Txarrei dagokienez, beti daude neurketa txarrak, baina zorionez ez dut izan erabat desastrea izan den bat buruan.

Epaile gisa, zein amets betetzea gustatuko litzaizuke?
Epaileon helburua ahalik eta mailarik altuenean aritzea izaten da. Baina kontziente naiz horrek daukan zailtasuna eta lortzeko zenbat lan egin beharra dagoen. Beraz, lanean jarraitzea besterik ez zait gelditzen, aukera iristen bada, prest egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!