«Herriaren alde lan egin eta bizia eman zuela oroitzen da omenaldian»

Iñigo Terradillos 2015ko uzt. 29a, 20:53

Urtero moduan, ostiralean egingo diote omenaldia Remi Ayestarani, leku eta ordu berean, baina, jaietako egitarau ofizialetik kanpo. Bere anaia Mikel TOLOSALDEKO ATARIArekin arituko da solasean:

Seigarrenez egingo diote aurten omenaldia Remi Ayestarani, baina, aurrekoetan ez bezala, santioetako egitarautik kanpo egin beharra izan dute. «Amorrua» sentitu dute gertukoek udal talde berriaren erabakia jakitean, eta «aurkako ondorioa» lortu dutela azaldu dute, «lehen egun batean egiten zena aurten ia egitarau osora zabaldu baita».

Sei urte igaroko dira aurten. Nola gogoratzen dituzu une haiek?
Uruguain nengoen Askapenarekin brigadista moduan joanda. Arrebaren dei madarikatua jaso nuen, eta Remi hil zela esan zidan. Zuzenean eskegi egin nuen, ez bainuen gehiago entzuteko adorerik izan. Geroago deitu eta azaldu zidan Ertzaintzarekin izandako liskarraren ondoren gertatu zela, eta hori entzutean eskegi egin nuen berriro.

Nola gertatu zen guztia?
2009ko festa haiek PSOE-EE Eusko jaurlaritzara ailegatu ondorengoak ziren. Presoen argazkien aurkako jarreraren erdian egokitu ziren. Gainera nahiko berotuta zetozen festak, aurreko asteburuan, garagardo azokan gazte bat ere atxilotu zutelako. Etxeratek azken ostiralerako deitzen duen elkarretaratzea San Inazio egunean egokitu zen, eta zegoen giroagatik bertan behera utzi zen Villabonan. Hala ere, Ertzaintzaren dozena bat furgoneta etorri ziren, eta herri osoa hartu zuten, jai giroan zegoen plaza barne. Remi udaleko alkateordea zen, eta une hartan alkatea ez zegoenez, alkatea funtzioetan bera zen. Festetako arduraduna ere bera zen. Herriaren alde, giroa lasaitze aldera joan zen ertzainengana, eta jaso zuen erantzuna probokazioarena izan zen, eta lehertu arte estutu zuten. Herrian ez zegoen tentsiorik, kanpotik etorri ziren probokatzera, eta kanpotik etorritako beltzez jantzitako ertzainek erail zuten anaia ere.

Urteurrenak nola bizitzen ditu sendiak?
Urteurrena gerturatzen den heinean herriak emandako elkartasuna etortzen zaigu burura. Sentsibilitate ezberdineko jendea gerturatu zitzaigun babesa ematera. Remi bera ere pertsona irekia zen oso, kolore askotako jendearekin harreman ona zuen. Une gogorra bezala oroitzen duzu, baina, aldi berean, herrian bertan, nahiz Euskal Herritik edo gure mugetatik at iritsi zitzaigun babesa medio, sentimendu polita duen oroitzapena ere bai. Aurten, alkateak, EAJko udal taldearen buruak, hartu duen erabakiarekin berriro ere ikusi da egin genuen agerraldian nahiz festa guztian zehar jaso dugun babesa.

Susmorik bazenuten udal talde berriarekin hori gerta zitekeenik?
Nik pertsonalki ez nuen horrelakorik espero, izan ere, herriko eragile desberdinek parte hartzen duten herri omenaldi bat da, eta ez ekitaldi politiko bat.

Omenaldia kendu behar zutela jakitean zer sentitu zenuten?
Amorrua. Euskal Herrian aro berri bat irekitzen ari dela ikusten duzu, eta bitartean, batzuek, euren betiko harrokeriarekin horrelakoak egiten dituzte. Zure senide bati egiten zaion aitortza publikoa da, eta festa batzordeak jaietako egitarauan sartzea erabakitzen du. Villabonan jai batzordeak antolatzen ditu festak, baina, batzordea kontuan hartu gabe kendu dute, eta baita omenaldia antolatzen duen eragilea kontuan hartu gabe, eta senideei ezer esan, eta azalpenik eman gabe.

Halere, horrek ez du esan nahi aurten omenaldirik ez denik izango.
Inongo momentutan ez da zalantzan jarri egingo ez zenik. Jakin genuenean segituan hasi ginen mugitzen, bai herri ekimenekoekin bai eta EH Bilduko udal taldekoekin ere.

Billabonatarrek nola hartu dute aurtengo festetako egitarauan Remiren omenaldia ez egotearena?
Herritarrak gerturatu zaizkigu eta euren harridura azaldu digute. Lotsagabekeria dela esan digute, batez ere, Remi ezagututa eta berari eskainitako omenaldia nolakoa den jakinda. Herriaren aldetik babes osoa sentitzen jarraitzen dugu, eta sei urte eta gero babes hori biderkatu egin dela ere nabari dugu.

Zer esanahi du familiarentzat eta gertukoentzat omenaldiak?
Urtero ikustea gure senidea zenbat jendek maite zuen eta nola gogoratzen duten oraindik. Bere izena daraman herri ekimenak antolatzen du omenaldi hori, eta familiarentzat ohore bat da herriak gure senideari ekitaldi hori eskaintzea. Guretzat herriaren alde lan egin zuen eta bizia eman zuen pertsona bat oroitzea da. Horregatik, gure ustez, festen barruan egin behar da, festen barruan gertatu baitzen.

Remiren irudia jaien hasierako unetik gogoratu dute aurten billabonatarrek.
Udalak Remiren omenaldia eta preso eta iheslarien elkartasun eguna kentzeak bilatzen zutenaren kontrako ondorioa sortu du. Remi Gogoan ekimenak festa batzordean proposatu zuen, protesta moduan, ekitaldi ezberdinetan Remiren argazkia egotea, eta hala egon da. Erromeri egunean festa batzordeak omenaldi txiki bat egin zion Remiri. Beraz, kontrakoa lortu da, lehen egun batean egiten baitzen omenaldia, eta aurten egitarau osoa bilakatu da Remiri omenaldia.

Zer giro sumatzen duzu kalean?
Lasaitasunarekin doaz festak, eta horrela igaro behar dira. Gu gure omenaldia ari gara egiten festa guztian zehar, eta festa batzordea eta eragile ezberdinak ere horrela ari dira. Beraz, jarrai dezala modu horretan. Festa batzordea eta eragile guztiak eskertu beharra dauzkagu erakusten ari diren babes guztiagatik, ikaragarria da.

Hurrengo urteetan ere egitarautik kanpo espero al da omenaldia?
Ez dakit. Alkateak berak esan zuen horrelako erabakiak lasaitasunez hartu behar zirela, eta guk erantzun genion presazko erabakia beraiek hartu zutela.

Nola bizitzen zituen anaiak santioak?
Erabat sentitzen zituen bere herriko festak. Zinegotzi moduan egon zenean antolaketan egoten zen buru-belarri, ekitaldi guztiak ondo joan zitezen. Horretaz gain, bete-betean hartzen zuen parte, konpartsan, danborradan eta ahal zuen edo lanak uzten zion ekitaldietan.

Herri omenaldia

UZTAILAK 31, 20:00. Bere izena daraman etorbidean egingo diote omenaldia Remi Ayestarani, Remi Gogoan ekimenak bultzatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!