Udal gobernuan emandako lehen 100 egunen balorazioa egin du Agirrek

Tolosaldeko Ataria 2015ko urr. 9a, 15:05

Iban Agirrek alkatetzan eman dituen bere lehen 100 egunen balorazioa egin du. "Ilusioz beterik eta harro" dago bere lan taldeaz eta. Gobernu talde berria eta udaleko teknikariak elkarlanean gogor lanean ari direla nabarmendu du Amasa-Villabonako alkateak.

Agirrek aitortu du lehen hiru hilabete pasatxo hauek ez direla xamurrak izan. “Lan asko dago egiteko eta orain legealdirako lehentasunak zehazteaz gain eguneroko beharrei erantzuna ematen gabiltza, ez direla gutxi. Gogo eta ilusioz beterik sartu ginen eta horrela jarraitzen dugu, guztiei entzun eta guztiekin hitz egiten, guregana zuzentzen diren bizilagunetatik hasita, kaletik topatzen ditugunekin nahiz udalera beraien iradokizun eta kexak azaltzera etortzen direnekin. Elkarbizitzaren oinarria baita alboan dugunari entzutea eta ulertzea.”

Zabor bilketaren inguruan galdeketa loteslea egitea zen EAJ-PNVren  hauteskunde programaren lehen puntua, eta horretan dabil udal gobernua buru belarri, "gure nahia da ahalik eta azkarren egitea, indarrean dagoen herritarren parte hartzeari buruzko araudia jarraituko dugu horretarako. Bitartean negoziazio bide bat ireki dugu, PSE-EE eta EH Bildurekin hitz egiten ari gara, elkarrizketaren bidean sinesten dugulako eta akordio batera iristeko aukerak ikusten ditugulako. Guk bost edukiontzien sistema nahi eta defendatzen dugu; beira, papera, plastikoa, organikoa eta errefusa bereizten dituena, erosoena eta merkeena delako, eta ditugun errekurtso ekonomikoak herria hobetzen erabiltzeko aukera emango digulako. Baina, udalean gauden alderdi politikoak akordio batera iritsiko ez bagina, herritarrek kontsultan erabakitzen dutena ezarriko dugu, gure bidea ez da inoiz inposaketarena izango.”

Zaborren gaia alde batera utzirik, gobernu talde berria aurreko legealdian abiatutako proiektuak bideratzen ari da eta, aldi berean, jeltzaleen ikuspuntutik Amasa-Villabonarentzat beharrezkoak diren erronka berriak proposatzen. “Gure udalerriak kultura eta merkataritza jardueren gune eta bultzatzaile izateko ahalmena duela sinesten dugu eta Amasa-Villabona alde horretatik biziberrituko duten proiektuak sustatzeko ari gara lanean”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!