Dispertsioarekin amaitzeko indarrak batzeko deia egin dute herri kirolariek

Iñigo Terradillos 2015ko urr. 9a, 17:11

Urriaren 17rako antolatu dute Aiztondora eguna Villabonan. Aurtengoan, herri kirolak izango dira protagonista, egun osoko egitaraua izango delarik. "Euskal preso eta iheslariek pairatzen duten egoerak kezkatuta" herri kirol munduari lotutako herritar talde batek egin du bat egunarekin, eta eurekin batera dispertsioarekin bukatzeko indarrak batzera deitu dituzte herritarrak.

Ekitaldi instituzionalarekin hasiko da eguna, Villabonako udaletxearen parean. Ondoren, pilota partida izango da, eta herritarren arteko desafioa eta ekitaldi nagusia gero. Arratsaldean, askotariko herri kirol probak izango dira ikusgai. Batetik, giza proban 550 kiloko harriarekin lehiatuko dira Wuitxu (Villabonako taldea) eta Emarri (Oarsokoa). Probalekuan izango da hori, eta ondoren, herriko plazan, trontzalariak, lokots biltzaileak, 5 metroko alturako egur moztailea, aizkolariak eta lasto altxatzaileak ariko dira.

Amaitzeko, Berdura plazan afaria egingo dute. Azken honetarako, txartelak eskuragarri daude Iratzar eta Iru Aldeta (Villabonan), Itzulin (Anoeta), Rakun (Tolosa), Iturri Ondon (Asteasu), Uztartzan (Aduna), Iriarten (Zizurkil), Zipotzan (Astigarraga) eta Amaxkarren (Oiartzun). Urriaren 14a izango da tartelak eskuratzeko azken eguna.

Bertan parte hartzen duten herri kirolariek azaldu dutenez, (bakoitzaren ideologia atzean utzita" giza eskubideen urraketak bildu ditu ekimen horretan. Hala, Olatz Mitxelenak parte hartuko duten kirolarien izenean adierazi duenez, "dispertsioa mantentzeak eta larriki gaixo dauden presoak espetxean mantentzeak sufrimendu handia eragiten du, Euskal Herrian bizi ditugun garai hauetan inongo zentzurik ez duen sufrimendua".

Egoera "krudel" horrek konponbidearen "nahia eta beharra" azaleratzen duela esan du Mitxelenak: "Zinez sinesten badugu giza eskubideak konponbidearen zutabe direla, eta biak, eskubideak eta konponbidea, benetako bakaren osagai nagusiak, ezin dugu geldirik geratu". Horren aurrean, norbanakotik hasita, ekinbide kolektibora salto egiteko unea iritsi dela uste dute.

Herri kirolariek osaturiko taldeak argi du "preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatuak izan daitezen eta herri honek behar duen benetako konponbidea erdiesteko", sare herritar sendoa ezinbestekoa dela; bakoitzak bere eremutik eta bakoitzaren neurrira, guztiok osatu behar dugun sare sendo, zabal eta herritarra".

Norbanakoen konpromisotik hasitako herri aktibazioa, beraz, ezinbestekoa da euren arabera, eta bide horretan euren ekarpena egitera datozela zehazten du Aiztondora egunarekin bat egin duen herri kirolarien taldeak. Ekarpena, hain justu, Aiztondo egunerako antlatu duten heerri kirol erakustaldia izango da, eta bertara joateko deia egin diete herritarrei, "gurekin batera dispertsioarekin amaitzeko indarrak batzera".

EGITARAUA

11:00 Ekitaldi instituzionala Villabonako udaletxe parean

11:30 Eskuz pilota partida

Ondoren, herritarren arteko desafioa

13:30 Ekitaldi nagusia

17:00 Giza-proba, 550 kiloko harriarekin Wuitxu (Villabona) eta Emarri (Oarso) aurrez aurre, Probalekuan.

18:00 Herri kirolak, herriko plazan:

Trontzalariak: Ainhoa Otaño (Izaskun), Jokin Garmendia (Baliarain), Irati Astondoa (Zeanuri), Unai Iraola (Ikaztegieta).

5 metroko altuerako egur moztailea: Joxe Mari Esnaola (Zegama).

Lokots biltzaileak: Eneko Garmendia (Baliarrain), Juanjo Esnaola (Anoeta).

Aizkolariak: Iñaki Azurmendi (Beasain), Joseba Otaegi (Zizurkil).

Lasto altxatzaileak: Lander Otermin (Ibarra), Mattin de la Sotilla (Tolosa), Peio Argaia 'Tximel' (Zizurkil).

21:00: Afaria, berdura plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!