Akordatzen direlako plazaratu dituzte

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 12a, 17:57

Amasa-Villabonako Aritza kultur elkarteak eta Errenteriako La Ilusion elkarteak omenaldia egin diete gaur  kontzentrazio esparruetan preso egondako bederatzi herritarrei; bereziki bi izan dituzte gogoan, Mauthausenen egondakoak. Eurak jaio ziren etxeetan plakak jarri dituzte eta senideek hunkiturik bizi izan dute ekimena.

Esti Amanabarro, Aritza elkartea:

 

Akordatzen garelako bizirik daude izena jarri diote omenaldiari, eta hain zuzen ere, akordatzen direnez gaur argitara atera nahi izan dituzte Adolfo Lozano Olazabalek eta Alberto Beafourt-ek bizi izan zutena, aitortza eskainiz. Ekitaldian Oinkari dantza taldeko kideek eta Amaia Agirre bertsolariek ere parte hartu dute. Ekitaldian izan da Concepcion Lozano Bengoa, Lozanoren alaba, aita ezagutzeko aukerarik izan ez zuena eta oso hunkituta bizi izan du omenaldi osoa, eta "eskerrak" eman nahi izan dizkie bertaratutako guztiei.

Gaurkoa, La Ilusion elkarteak martxan duen proiektuaren barruan kokatzen den ekitaldia da: Mauthausenen (Austria) egondako gipuzkoarren etxe atarietan plakak jartzeko ekinbidea gauzatzen ari da. Mauthausen, Argeles (Herrialde Katalanak) eta Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruetan egon ziren billabonatarrak preso. Bederatzi herritar ditu dokumentatuak Aritza elkarteak: Adolfo Lozano Olazabal, Alberto Beafourt, Alberto Pierre Beafourt, Juan Peña Villareal, Martin Gonzalez, Angel Garcia Etxarren, Hilario Garcia Illardia, Jose Telletxea Laskurain, Alejo Ramos eta Jose Ignacio Garmendia Urkola.

Gipuzkoako Hitza-k ostiralean argitaratu zuen gaiaren inguruko artikulua eta bertan bildu zituen datu guztiak.

Hala ere, informazio gehiago nahi duenak www.amasavillabonaoroitzen.net helbidera jo dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!