«Azken zazpi urteetan zentralizazio prozesu handia eman da»

Jon Miranda 2016ko mai. 3a, 11:28

'Independentzia vs langabezia eta prekarietatea' izenburupean aurkezpena egingo du gaur, 19:30ean, Villabonako Aljibean. Datorren asteartean, maiatzak 10, Tolosako Herri Biltokian ariko da hitzaldi bera ematen.

Euskal Herriaren bestelako begirada ekonomiko eta soziala emateko hirugarren informea kaleratu berri du Sortuk. Aurreko bietan industria egituren deuseztatzea eta errentaren banaketa izan zituzten hizpide eta oraingo honetan, langabeziaz eta prekarietateaz eman dute ikuspuntua. Joseba Permachek emango ditu, gaur, txostenean jasotako gogoeta nagusiak.

Zein helbururekin antolatu duzue gaurko aurkezpena?

Kaleratu berri dugun informean jasotako errealitatea azaldu eta ikertu ditugun datuak jendartearekin konpartitu nahi ditugu. Bizi dugun egoeraren larritasuna mahai gainean jarri nahi dugu. Krisitik ateratzen ari garela esaten digute, baina guk konstatatzen dugu herri sektore zabal baten lan eta bizi baldintzak kaskartzen ari direla. Gainera azpimarratu nahi dugu egoera honek zerikusia duela mundu mailan inposatzen ari diren politika neoliberalarekin baina baita ere herri honek duen burujabetza faltarekin. Bai Bruselatik eta bai Madriletik gure egitura ekonomikoarekin bat ez datozen neurriak, politikak eta erreformak inposatzen zaizkigu.

Egoerak okerrera egin al du 2008tik hona?

Krisia gauza naturala balitz bezala aurkezten zaigu baina horren atzean ezkutatzen dira egoera hau eragin duten arduradun politiko eta ekonomikoak. Botere ekonomikoak, 80ko hamarkadan, sektore publikoaren suntsiketa eta eskubide sozial eta sindikalen kontrako ofentsiba abiatu zuen. Horren ondorioz joan dira 2008ko finantza eta higiezinen krisirako baldintzak sortzen. Ordutik hona, politika neoliberalen biderkatzea eman da. Azkeneko zazpi urteotan hartu diren neurriak, berriro ere, sektore publikoaren aurkakoak izan dira bankuak erreskatatu dira eta egitura industriala suntsitu da oligarkia ekonomikoaren mesedetan eta, beti ere, Madrilgo gobernuaren laguntza estimagarriarekin.

Oraindik ere krisian murgilduta jarraitzen al dugu?

Hainbestetan zabaldu dira teleberriak enpresa berriak martxan jarri direla esanez, ia-ia sinistu egin dugula egoera ekonomikoari aurre egiten ari gatzaizkiola. Errealitateak bestelakoa esaten du, ordea. Enplegu datuak hor daude eta enpresariek datu horiek baliatzen dituzte prekarietatea hedatzen joateko. Mehatxu egiten digute, 'edo onartzen duzu eskaintzen dizudan lanpostu prekarioa edo bestela 200.000 pertsona dauzkat zain, lan hori egiteko prest daudenak'.

Zerk edo nork eragin du egoera hau?

Krisia hasi aurretik Hego Euskal Herriko egitura ekonomikoa eta Alemaniakoa oso antzekoak ziren. Zortzi urte beranduago, Hego Euskal Herrian industria suntsiketa ikaragarria gertatu da, Alemanian ez bezala. Finantza eta boom inmobiliario gisa saldu zaigu krisia eta ezkutatu zaigu, urteotan 75.000 lanpostu industrial galdu direla. Industria kultura garrantzitsua duen herri honetan, trantsizio ekologiko eta sozial bat egin beharrean eta industria berri eta osasuntsu baten norabidean, ikerkuntza eta berrikuntzaren aldeko apustua egin beharrean bestelako ekonomia bultzatu da. Botere ekonomikoari eta merkatuari dena libre utzi zaio. Estatu Espainiarraren konplizitatearekin egin da eta Jaurlaritzatik eta Nafarroako gobernutik ez da politika aktiborik egin hori galarazteko.

Hirugarren sektorera bideratu dira indarrak.

Estatu Espainiarraren kasuan batzuek erabaki dute Europako hirugarren adinakoen erresidentzia bihurtzea. Baina hori egiten dute, turismo sektorean, ostalaritza eta zerbitzuetan sortzen diren lanpostuak prekarioak direla jakinda.

Zuek prekarietate tasarentzako neurgailu bat proposatu duzue informean.

Langabezi datuak eta pobrezia datuak ezagutzen diren bezala, iruditzen zitzaigun prekarietatearen ingurukoak jasotzea interesgarria dela. Langabezian daudenak, lanpostu bat lortzeko itxaropen guztiak galduak dituztenak eta lanaldi partzial inposatua dutenak hartu ditugu kontuan. Gaindegiak lagundu digu datuak jaso eta gurutzatzen eta ikusi dugu ikaragarri igo dela prekarietate tasa azken zazpi urteetan. Momentu honetan, 300.000 pertsonatik gora dago egoera horretan. Horietako askok, gainera, lana izan arren, ezin dute bizi baldintza duinik eraman. Bazterketa sozialaren eta pobreziaren mugan geroz eta jende gehiago dago.

Zeintzuk dira prekarietate egoera hori gehien jasotzen duten sektoreak?

Lanaldi partzialak, batez ere, lanpostu jakin batzuetan ematen dira: etxeko atarien garbiketetan, salmenta zentro handietan... Datuek erakusten dute, lanaldi partzial inposatuak emakumeen bizkar joaten direla gehienetan, haiek direla horrelako kontratuak sinatu behar izaten dituztenak. Gazteen kasuan ere asko daude kondenatuak lanaldi partzialak hartzera beste eskaintzarik topatzen ez dutelako. Azken zazpi urteetan 75.000 gaztek alde egin behar izan dute Hego Euskal Herritik. Horietako gehienak, lanpostu duin baten bila egin dute ihes hemendik.

Independentzia da hobeto bizitzeko bidea?

Zer produzitu nahi dugun erabakitzeko eta zein lan harremanak nahi ditugun erabakitzeko aukera izan behar genuke eta marko konstituzional honetan ez dugu horretarako aukerarik. Azken zazpi urte hauetan zentralizazio prozesu izugarria eman da. Betidanik irudikatu nahi izan dute euskal estatu baten aldarrikapena ikuspuntu identitario eta kultural soil batetik egiten genuela baina behar dugu independentzia baita ikuspegi sozial eta ekonomikotik ere. Bestelako jendarte bat eraiki nahi dugunok tresnak behar ditugu eta horretarako ezinbestekoa da sinestea alternatibak eraikitzea posible dela. Politika neoliberalak geure buruan sartu nahi izan badizkigute ere, argi izan behar dugu bestelako politika batzuk egin daitezkeela. Gaurdanik, bestelako jendarte eredu bat aldarrikatzeko eta pertsona askez osatutako Euskal Herria eraikitzeko borrokara lotu behar gatzaizkio, konbentzimenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!