Bi ikerketa kontratu esleitu eta hiru proiektu sarituko dituzte

Jon Miranda Labaien 2016ko eka. 29a, 13:59

Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzek ikerketa kontratuen deialdia zabaldu berri dute.

2013an abiatutako bideari jarraituz, aurten ere ikerketa kontraturako deialdia zabaldu dute Mintzola Ahozko Lantegiak, EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerketa errektoreordetzek. Orain arte ikerketa kontratu bakarrerako deialdia egin bada ere, aurten eskaintza zabaldu eta bi ikerketa kontratu izango dira esleitzeko.

Mikel Laboa Katedraren zuzendaria da Juan Kruz Igerabide adunarra: «Gure katedraren helburuen artean dago gutxi aztertu diren kultura eta folklore arloak aztertzea. Guk hasieratik argi ikusi genuen, bertsolaritzaren arloan eta ahozkotasunari dagokionez, Mintzolarekin lan egin behar genuela, ibilbide luze bat egina duelako arlo horretan».

Beñat Gaztelumendi, Mintzolako ikerkuntza arduraduna da bi aldetatik azpimarratu du deialdiaren garrantzia: «Bestelako ahozko jardunekin harreman sarea ehuntzea da gure helburua eta baita ere ikerketa munduan eragin dezaketen bestelako erakundeekin aritzea». 2013tik, EHU du bidelagun Mintzolak. «Bertsolaritzara hurbiltzeko modu bat izan daiteke jardutea, beste bat izan daiteke zalea izatea eta beste modu bat ikertzea. Ikerketaren bidez eragin daiteke, eta ikerketak bide berriak ireki ditzake ahozko jardunarentzat eta inguruko munduarentzat», dio Gaztelumendik. Ahozkotasuna landu eta ahozko kultur generoak indartzeko beste modu bat dela uste du lantegiko ikerkuntza arduradunak.

Doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak. EHUn gauzatuko diren doktorego aurreko bi kontratu dira esleituko direnak, urtebeterako, baina hiru urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin. Gidor Bilbao, Mikel Laboa Katedraren laguntzaile iraunkorrak dionez, «beste erakunde batzuek EHUk berak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Ministerioak egiten dituen modukoa da deialdia. Lau urtetan egitea proposatzen dugu, beraz, luzapen hori izango du eskainiko dugun kontratuak».

Orain arte banatu diren ikerketa kontratuen artean, bat gogoratu du Karlos Aizpurua, Mintzolako zuzendaritzako kideak: «2013an Miren Artetxeri esleitutakoa, bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzeaz ikerketa egiteko». Lau urteko iraupena du kontratuak eta 2017rako aurkeztu asmo du ikerlari hendaiarrak doktorego-tesia.

IKERKETA LAN MONOGRAFIKOAK

Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak, elkarrekin, 2.000 euroko hiru proiektu sari esleituko ditu aurten ere. Aizpuruak azaldu duenez, «2014an hasi ginen ekimenarekin eta ideia da, hortik abiatzea gero ikerlariak doktorego tesira salto egin dezan». Orain arte, genero ikuspegitik egindako lanak saritu dira, bertsolaritzaren prosodiari buruzkoak edota kantu eta bertsolaritzaren transmisio naturala aztertu dutenak.

Saria aurten jaso eta 2017ko irailaren 30erako aurkeztu beharko da lana. Bilbaok adierazi duenez, «master amaierako lanak sustatu nahi genituzke».

Bi ikerketa kontratuetarako eta hiru proiektu sarietarako deialdietara egitasmoak aurkezteko epea, irailaren 12an amaituko da

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!