Santio Jaiak 2016

Badira mila motibo jaietan kantatzeko alai

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 22a, 11:24

Uztailaren 30ean, goiz eta arratsaldez kantu jira herritarra egingo dute Villabonako kaleetan zehar, lehen aldiz.

Martxoa inguruan hasi zen herritar talde bat aurtengo Santio jaietako ekimena pentsatzen. Juan Inazio Sarasola, Bixente Olasagasti, Axier Vitoria, Iñaki Zalakain, Aitor Landa, Agustin Laskorain, Juanjo Irazusta eta Maite Barandiaran herritarrak elkartu eta Santiotan Kantari izango dena prestatzeari ekin zioten. Uztailaren 30ean aterako dira kalera, 11:30ak aldera.

Herritarren ekimenez urtero antolatzen da ekimen berezi bat, Santio jaietako larunbatez. «Aurreko urteetan Inude eta Artzainen konpartsa atera izan da, baina lan handia eskatzen du hori antolatzeak eta ezin da urtero gauzatu», dio Maite Barandiaran antolatzaile lanetan dabilen herritarrak. Horregatik, aurten kantuaren inguruko ekimena osatzea erabaki dute.

Ez dute urrutira joan behar izan musikarien bila. Antolatzaileen artean badaude batzuk eta Axier Vitoria, Eresargi Txiki abesbatzako zuzendari izandakoak hartu du kantari eta musikari taldea zuzentzeko lana. «Herrikoak bertakoak izango dira musikari ia denak. Egongo dira dultzaineroak, biolina, teklatua, gitarra... kantuan ariko direnak laguntzeko». Zizurkil eta Villabonako erraldoi eta buruhandiak ere joango dira kalejiran.

«Ezer ez eta festa», dio Barandiaranek, «gauza gutxi behar ditugu Villabonan kalera ateratzeko eta eskertzekoa da jendeak laguntzeko agertu duen borondatea». Ekimenera batu diren herritarren aniztasuna azpimarratu dute antolatzaileek. Adin eta pentsamolde ezberdinetako billabonatarrak elkartuko dira uztailaren 30ean, Santiotan Kantari kantu jiran.

Goiz eta arratsaldez

Sei bat entsegu egin dituzte azkeneko asteetan eta geroz eta jende gehiago elkartu da. «Ahoz aho jendea kutsatzen joan da eta pentsatzen dugu, 100 lagun inguru aterako garela kantari larunbatean». Bazkaritarako, kantari eta musikarien artean 126 lagunek eman dute izena.

Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzan egingo dute bazkaria eta bertatik aterako dira goizeko 11:30ean. «Kale Berritik barrena, geldialdiak egingo ditugu eta Santiago egoitzaraino joango gara. Gero itzulia Kale Nagusitik egingo dugu». Bazkalostean, 18:00etan aterako dira ikastolatik eta Kale Berritik Zentroraino joango dira eta handik Kale Nagusian barrena plazan bukatuko dute ekimena.

«Plazan, bospasei kanturekin bukatu nahiko genuke, sagardo dastaketa eta erromeri eguna direla probestuz. Jendeari, bereziki, momentu horretara gerturatzea eskatu nahi diogu», esan du Barandiaranek. Ibilbide osoan zehar, ordea, jendeak ere bat egin ahal izango du kantu jirarekin: «Horretarako plataforma bat prestatu dugu pantaila erraldoi batekin. Guk ez dugu paperik eraman beharko esku artean eta kaletik doan jendeak ere gurekin kantatu ahal izango du».

Kantu alaiak izango direla hitz eman dute antolatzaileek, festa girokoak. «Aitzakiarik ez da izango beraz gurekin kantuan ibiltzeko. Kuadrillen egunaren biharamuna da uztailaren 30a eta egongo da parrandagatik ahotsa galduta ibiliko denik; horiek ere gurekin nahi ditugu, play-backa egiten besterik ez bada», dio barrez Barandiaranek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!