«Ahozko ondarea denon eskura jartzeko, aurrez eduki egin behar da»

Jon Miranda Labaien 2016ko urr. 26a, 08:01

Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin batera, Koldo Mitxelena Kuturunea eta Euskal Kantuzale Elkartea aritu dira jardunaldiaren antolakuntzan. Badok webguneak eta ALDEE elkarteak ere lagundu dute.

Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzailea da Nerea Erkiaga (Leikeitio, 1973). Villabonako Subijana etxean bihar antolatu diren jardunaldien antolakuntzan dabil. Hirugarren edizioa izango da biharkoa eta euskal kantagintza tradizionala izango dute hizpide. Koldo Mitxelena kulturunearekin batera, urtero, gai horren inguruko eragile bat batzen da antolakuntzara: aurten, Euskal Herriko Kantuzale Elkartea. Badok webgunea eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkartea (ALDEE) ere badabiltza jardunaldiaren prestakuntzan. Elkarlana aberatsa izan dela dio Erkiagak. 

Zer lan egiten duzue XDZn?

Bertsolaritzaren dokumentazio zentroa da, 1991n sortu zen eta bere helburua bertsolaritzaren ondarea zerbitzatzea da. Bildu, antolatu eta edozein herritar, bertsozale edo ikertzaileri zerbitzatzea. Bereziki, Bertsozale Elkarteak bere egitasmoetan sortzen duena emateko ere bagaude: txapelketak, irrati zerbitzuak, Hitzetik Hortzera programa... Bertsolaritza oso bizia den kultur sorkuntza bat da eta dokumentazioa ere, hein horretan, oso bizia da.

Mintzola Ahozko Lantegiak, bertsolaritzaz gain beste hainbat ahozko kultur sorkuntza batzuk hartzen ditu aintzakotzat. Zuek ere genero horien dokumentazio lana egiten duzue Xenpelarren?

Dokumentazio lanetan ez gabiltza, baina bai dokumentazio gogoeta edo analisi horiek sustatzen. Mintzolaren elkargunean, beste euskarazko ahozko kultur sorkuntzak daude: antzerkia, ipuingintza, kantagintza... Gure helburua, beste ahozko sorkuntzetan gertatzen ari dena azaleratzea, beharrak identifikatzea eta gero sustatzea da. Bakoitza bere eragiletzatik. Genero bakoitzak bere egiturak ditu eta dokumentazio lan horretan aholkatu eta laguntzeko gaude gu, sustapen lan hori egiteko, zer gertatzen den eta zer gertatu ahal den aurreikusteko.

Beste ahozko kultur sorkuntzek, bertsolaritzak adinako ahalegina egin al dute dokumentazioan?

Ez, zoritxarrez. Bertsolaritzaren dokumentazio zentroa existitzea mirari bat da, nik dokumentalista bezala diot, Espainiako estatuan eta Frantziakoan ikusi ditugun ereduak ikusita. Eta existitzen da Bertsozale Elkartea existitzen zelako eta auto-antolatutako elkarte batek bere ekimen propiotik ahalegin hori egin zuelako, garai horretan ez zelako erakunde publikoetatik apusturik egin. Pertsona haiek argi zuten: diru publikoaren faltan, beraien baliabideak erabiliko zituzten dokumentazio egitasmo bat aurrera eramateko. Ikuspegi hori izatea mirari bat da, baina ez hemen bakarrik, harrigarria da mundu osoan ere.

XDZ eredu izan daiteke beraz, beste ahozko kultur sorkuntzetarako?

Eredu ez dut uste, egoerak ezberdinak direlako. Bertsolaritzan dokumentazioak dituen ezaugarriak eta elkarteak berak dituenak ezberdinak dira (auto-finantzaziorako gaitasun handia, ideia argiak eta erabaki estrategikoak hartu ziren bere garaian dokumentazioari dagokionez). Beraz ezin gara eredu izan, baina bai nahiko genuke izan behintzat sustatzaile. Guk horretaz pentsatzen jarri nahi ditugu beste eragileak, azken batean, besteak ondo egotea gu ondo egotea baita, ekosistema beraren parte baikara. Gogoeta bultzatu nahi dugu eta nahi dugu beste generoek ere identifikatzea zer eta nola egin daitekeen dokumentazio lana. Norabide horretan guk izan ahal ditugun tresnak eskaintzea ere bada helburua. Adibidez, Bertsozale elkartean ikaragarrizko ahalegina egin dugu teknologikoki hobetzeko. Programa zaharrak ibiltzen genituen lehen eta gure bertsozale gazteak interneten zebiltzan. Amildegi hori gainditzeko inbertsioak egin behar izan ditugu. Hor apustu handia egin genuen BDB egiten eta zerotik abiatu ginen. Uste dugu guk egina dugun bide hori baliagarria izan daitekeela beste generoentzat. Teknologikoki dakiguna partekatzeko prest gaude.

Zein toki betetzen dute jardunaldiek XDZren jardunaren baitan. Behar bat betetzera dator?

Euskal Herriko dokumentazioaren inguruan euskaraz ez zegoen topagunerik. Eta horrela izaten segitzen du. Iparraldea eta Hegoaldea kontutan hartu, euskaraz izan eta dokumentazio gaiez hitz egingo duen bilgune bakarra da. Oso modu xumean jardunaldi batzuk bultzatzen ditugu, Euskal Herriko dokumentazio beharrak eta egoerak ekarriko dituenak gogoetara. Modu naturalean, lehen urtean Mintzolan geundenez, euskal antzerkiaren egoera etorri zitzaigun gogora. Zein dokumentazio sare dauka? Non dago ondare hori? Zer gertatzen ari da? Eskuragarri al dago? Oso interesgarria izan zen. Konturatu ginen, euskal antzerkiaren ondare hori ez zegoela leku batean, ez zegoela euskal antzerkiaren ondare hori lantzen zuen zentrorik. Liburuzain eta artxiboetako arduradunak etorri ziren eta kontatu zuten euren esperientzia, haietako bakoitzak zer zuen jasota. Antzerkiaren inguruan zeuden eragileak ere batu genituen eta euren ikuspuntua kontatu zuten. Beraiek informazioa nahiko balute, zer aurkitu nahiko luketen galdetu genien, zer nahiko luketen eskura izan.

Eta iaz berriz ipuingintza.

Haurrentzako tradiziozko ipuingintza idatziz nola jasota dagoen aztertu genuen iaz. Liburugintza sartzen da hor eta antologia batzuk eginda daude. Ahozkotasunetik datozkigun ipuin horiek nola dauden idatziz jasota. Ipuin kontalariek esaten zuten testuari ez diotela hainbeste arreta jartzen, ideia jaso eta beren modura ematen dutela gero. Argi geratu zen, adibidez, XIX. mendean eta bildumetan ipuinak idatziz jaso zutenek, galbahe bat egin zutela eta garaiko irizpideen arabera erabaki zutela batzuk jasotzea eta besteak baztertzea. 70. hamarkadan lan handi bat egin zen hori dibulgatzen, bilketa lan hori egin zen eta liburu asko atera ziren ikastolen mugimenduarekin. Baina berriro apaldu egin dela aipatzen ziguten ipuingintzan dabiltzan eragileek. Ezjakintasunetik, alergia moduko bat zaie tradiziozko ipuinei, baina horietan oso formula baliagarriak daude haurrei ziurtasuna eman eta beste balore batzuk transmititzeko. Material ona argitaratzea beharrezkoa izango litzatekeela esan ziguten.

Ahozko kultur genero horietan ondare identifikatu, nola bildu litekeen antolatu, pentsamendu hori sustatzeaz gain, ezer praktikoa atera al da? Tresnaren bat edo egituraren bat dokumentazio hori egin ahal izateko?

Lehenengo urteko jardunaldien ondoren EHAZErekin jarri ginen harremanetan. Haiek ere bazuten dokumentazio alorra sustatzeko asmoa. Dokumentazio zerbitzu hori definituko duen txostena egitea proposatu genien Mintzolatik. Antzerkizale, antzerkigile eta eragileek dokumentazio beharrak dituzte. Zer motatako zerbitzuak behar diren Euskal Herri mailan, hori zehaztuko luke txostenak eta gero hori gauzatzeko bidean jartzea da hurrengo pausoa, hori borrokatzea: existitzen diren liburutegien, edo sortutako erakunde edo dokumentazio gune baten, edo dena delakoaren bidez. EHAZEk onartu du eta hori diseinatzen hasi gara. Aurtengo ikasturtean, euskal antzerkiaren dokumentazio zerbitzu hori diseinatzeko parte hartze prozesu bat gauzatuko da. Bost tailer egingo dira –Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Behe-Nafarroa/Lapurdi eta Zuberoa– eta bertara gonbidatuko ditugu antzerkizale, aktore, gidoigile, zuzendari eta eszenako langileak. Dinamika zehatz eta erraz batekin euren beharrak jaso eta ondo beharrez, ekainerako txosten hori egingo dugu. EHAZEri emango diogu eta baita parte hartzaileei ere. Asmatzen badugu ekarpen bat izan daiteke.

Aurten berriz, kantagintza tradizionala hartuko duzue ardatz jardunaldietan.

Hor konturatu ginen, ipuingintzan bezala, mundu oso zabala dagoela. Astebeteko jardunaldiak ezin ditugunez antolatu, 50ko bukaera edo 60ko hamarkada hasiera bitartekoak hartu ditugu, orduan hasten baita Euskal Kantagintza Berria. Garai horretan diskoak, partiturak, grabazioak zabaltzen hasten dira eta gure antolatzeko gaitasuna mugatua denez, tradiziozkora mugatu dugu jardunaldia. Jasotako balada zaharrak, gero musikatu direnak, dauden grabazio zahar-zaharrak non dauden, kantatzeko era nola dokumentatu den... hori aztertuko dugu.

Zeinek hartuko du parte jardunaldietan?

Eresbil, Labayru, Sü Azia eta Euskal Kultur Erakundeak hartuko dute parte eta kantagintzari dagokionez eurek zein lan egiten duten kontatuko dute. Ondoren mahai inguru batean, iritzi bilketa bat egitea da asmoa. Nola dago dokumentazioa? Zer beharko litzateke? Kantagintzaren transmisio bat planteatzeko zer dokumentazio beharko litzateke? Eskuragarri al dago? Dokumentazioaz hitz egiten dugunean, ezagutzaz ari gara. Dagokion gaiaren ezagutza nola antolatzen dugun, bakoitzaren buruan edo norberaren etxeko armairuan gera ez dadin. Gure helburua, ondarea zerbitzu publiko baten barruan egotea da, kontsultatzeko moduan egotea, denon eskura. Ondoren pentsatuko dugu zein egitasmo gauzatu ondare hori erabilgarri jartzeko, izan daiteke irrati programa bat, telebista saio bat, material didaktikoa, antzerki bat... Edozer sortu daiteke, baina horretarako, aurrez, eduki egin beharra dago.

Zeinentzako da interesgarria jardunaldia?
Euskal kantagintzaren inguruan dabiltzan horiek, biltzaileak, zaleak, eragileak direnentzat da interesgarria. Mahai-inguruan parte hartu ahal izango dute eta kantuzaleentzako ikusten dugu aproposa jardunaldia. Irekia da parte hartzea. Edozein dago gonbidatuta. Mahai-ingurua egin eta gero, afari xume bat egingo dugu eta bertaratutakoren bat gerturatu nahi izanez gero, gonbidatuta dago. Hirugarren denbora horretan ere aukera zabalduko dugu eztabaidarako. 

XENPELAR DOKUMENTAZIO JARDUNALDIA

NOIZ: Bihar, urriak 27, osteguna, 18:30ean.

NON: Subijana etxean, Villabonan.

PARTE HARTZAILEAK:

- Eresbil (Errenteria, Gipuzkoa): Jon Bagues

- Labayru (Derio, Bizkaia): Igone Etxebarria

- Sü Azia (Maule, Zuberoa): Jean Mixel Bedaxagar

- Euskal Kultur Erakundea (Uztaritze, Lapurdi): Maite Deliart

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!