Espainiako Ikasleen Sindikatuak eta Ceapa gurasoen elkarteak LOMCEren aurkako greba deitu dute gaur –bereziki, DBH eta batxilergoa gainditzeko errebalidak ezartzearen kontra–. UGTk eta CCOOk deialdiarekin bat egin duten arren, Hego Euskal Herrian, ELAk, Steilasek eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak ordubeteko lanuzteak deitu dituzte ikastetxeetan Euskal Herrian gure hezkuntza!, egun osoko greba egin beharrean. Gero, arratsaldean, 18:00etan, manifestazioa antolatu dute Donostian.
Erniobea ikastetxeko eta Orixe institutuko irakasleek ez dute bat egin lanuzteekin. Tolosako institutuan ibiltzen diren batxilergoko ikasleek bat egin dute grebarekin eta besteak beste, Ikasle Sindikatuak eta Euskal Herria Sozialista bezalako eragileek, 12:00etan Donostian deitu duten mobilizazioarekin bat egingo dute.
LAB sindikatuak, Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak ez dute bat egin protestekin. LABek uste du mobilizazioak "Espainiako logikaren barruan" antolatu dituztela eta ez dutela "ekarpenik" egiten hezkuntza eredu propioa sortzeko.