‘Evita’ Amezketara ekarri du Cloppet argentinarrak

Asier Imaz 2013ko urr. 15a, 22:35

‘Eva Duarte y Juan Peron: La cuna materna’ liburua aurkeztu du Ignacio Cloppet historialariak Amezketan

Ignacio Cloppet historialari argentinarrak Eva Maria Ibarguren Evita Amezketara eraman zuen atzo; herritarren aurrean aurkeztu, bere sustraiak identifikatu, eta azkenik, gonbitea luzatu zien amezketarrei: «Evita zuena ere bada, egin ezaiozue leku bat».

Historialari eta idazle argentinarrak Eva Ibarguren y Juan Peron: La cuna materna liburua aurkeztu zuen atzo Amezketako kultur etxean. 25 lagun inguru elkartu ziren bertan, Evita eta Amezketaren arteko loturak erakarrita. Hitzaldiaren sarrera Joxe Mari Oterminek egin zuen, eta herriko emigrazioaren inguruan aritu zen hizketan. Datuak eskuetan, azken mendeetan Amezketatik Ameriketara joandako herritarren ibilerak aipatu zituen Oterminek, adibide zehatz eta argigarri bezain harrigarriekin. Ataria Irratiari eskainitako elkarrizketan, Otermin amezketarrak Eva Ibargurenen hitzaldia kokatu zuen: «Evitaren abizena Ibarguren zen, eta bere birraitona Amezketakoa zen. 1821ean jaio zen, eta 1857an ezkondu zen. Hemen ez zuten familiarik izan, baina 1860 inguruan Ameriketa joan eta han jaio ziren ondorengoak».

Ondoren hartu zuen hitza gaueko gonbidatu bereziak. Cloppet-ek bere liburua ikerketa sakon baten ondorioa dela esan zuen: «Duela bi urte Ipar Euskal Herrian egon nintzen bisitan. Juan Peron eta Eva Duarteren arbasoak bertako lau herritakoak ziren, eta horren inguruan idatzi nuen liburuak jakin min handia piztu zuen Iparraldean». Zerbait, ordea, airean gelditu zen, hau da, Eva Ibargurenen amaren aldeko familia nongoa zen oraindik ez zegon argi. Galdera horren erantzuna Cloppet-ek atzo Amezketan aurkeztu zuen liburuan etorri zen: «Asko harritu ninduen jatorri hori aurkitu nuenean, eta ez ni bakarrik, Evitaren inguruan lanean ibili diren historialari guztiek ere ezustekoan hartu zuten berria».

Gipuzkoako eta Euskal Herriko identitatea indartsu gordetzen duen herria da Amezketa Cloppet-entzat. Izaera horrek Eva Ibarguren hobekiago ulertzen lagundu ziola dio argentinarrak: «Herri honetako odola izateak bere pertsonalitatea hobeto ulertzen lagundu zidan. Bere amarengandik jaso zuen pertsonalitate borrokalari hori, eta baita hitzezkoa pertsonaren izaera ere. Euskal balore guzti hauek, ondoren izan dute eztanda Ameriketan». Euskal herritarrei azkenik, Evita emakume eredu bezala hartzeko gonbitea luzatu zien Cloppet-ek; «mundua hobetzen lagunduko duen eredu bat bezala, izan ere, nire ustez, oso baliagarria izango litzaioke herri honi ispilu hori». Azkenik, Evita-ri lekua egitea eskatu zuen argentinarrak, euskaldunon zati ere badelako Argentina politikari ospetsu eta maitatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!