Maite Gurrutxaga: «Komikigintzan lehen aldiz murgildu naiz horrelako proiektu handi batean»

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko aza. 22a, 09:00
Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983) 'Habiak' komiki liburua argitaratu berri du. Artistaren liburu berriak, Dejabu panpin laborategiaren 'Gizona ez da txoria' antzezlana du iturri.

Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da liburuaren ardatza.
«Habiak» ilustrazio-liburuaren lan prozesuaz mintzatzeaz gain, euskal idazleekin landutako kolaborazio-lanez, bere lan intimoez zein ilustrazioaren egoeraz hitz egin du ilustratzaile amezketarrak.

Nola sortu da «Habiak» lana?
Orain dela bi urte Dejabu panpin laborategiaren e-mail bat jaso nuen, «Gizona ez da txoria» antzezlana nola edo hala argitaratuta ikusteko gogoa zutela esanez, komikia bide egokia iruditzen zitzaien. Gidoia ez zen oso luzea, bisuala eta irudiekin kontatzeko aproposa. Antzezlana ez nuen aurretik ikusi, baina dvd-a eta gidoia jaso eta ausartuko nintzela erabaki nuen. Hasiera batean auto-edizioa izan genuen buruan.

Nolako lan-prozesua landu duzu «Habiak» errealitate izan bitartean? «Gizona ez da txoria» antzezlana komiki bihurtzeko gidoia egokitzea zure lana izan da.
Komikigintzan lehen aldiz murgildu naiz horrelako proiektu handi batean. Zatirik zailena gidoia egokitzea izan da, erabakiak hartzeko momentua izan baita, baina baita ederrena ere. Lana nire esku egon da; erabakiak hartzea, lengoaiaren bilaketa, moldaketak... Benetako sormen lana eman da orduan. Teknika eta beste erabaki asko ondoren etorri dira baina istorioaren funtsa hasiera horretan, egokitzapen horretan, zehaztu behar izan da.

Liburua eskuartean izan arte, lan luzea dago atzetik…
Bai, bi urteko lana dago atzean. Lasai hartu dut, lasai hartzeko lana baita, behin eta berriz irakurri beharrekoa, ber-begiratu eta erreflexionatu beharrekoa.

Ilustrazioak sortzeko garaian zertan inspiratu zara?
Dokumentatzen naiz, noski. Kasu honetan inguruari ez diot garrantzi gehiegirik eman iruditzen baitzitzaidan zurruna izan behar zela. Garrantzi gehiago eman diet pertsonaiei, keinuei eta gorputzak erabiliz komunikatzeko duten moduari.

 

Marrazteko garaian eskuz aritzen zara edota teknologia berriez baliatzen zara?
Ahal dudan guztia eskuz egiten dut. Ondoren lana digitalizatu behar da, baina lehen pausoan ahal den gehiena eskuz egiten ahalegintzen naiz, eskua askoz hobeto dominatzen baitut. Ordenagailua oso garrantzitsua da eta oso emaitza onak ematen ditu baina nik nahiago izaten dut eskuz lan egitea.
«Habiak» lanaren kasuan, storyboard-a folioetan eskuz egin eta gero akuarela paperera pasa behar izan nuen. Akuarela paperean azken emaitzen bila joan nintzen, ahal den gehiena eskuzkoa izanik. Honako lana digitalki gutxien tratatutakoa da. Askotan perfekzioaren bila joaterakoan freskotasuna galtzen da. Nik ordenagailuekin dilema bat dut, horregatik paperean gustukoa eskuratzen saiatzen naiz, bestela ordenagailuaren bidez ez dut inoiz konpontzen.

Ikastaroak lagungarriak al dira ilustrazio-teknika berriak eskuratzeko orduan?
Gaur egun egiten ditudan ikastaroak epe motzekoak izaten dira. Azkena, Artelekun «Marrazioak» izeneko kurtsoa izan da. Lau egun izanagatik, oso biziak izan dira. Momentu honetan teknika garatzea baino, profesionalekin elkartu ahal izatea bilatzen dut: euren lan egiteko modua ezagutzea eta beraiekin lanaren inguruan hausnartzea. Kurtso luzeak atzean utzi nituen; bi urtez Bartzelonan ilustrazioa ikasi nuen baina ordutik ofiziora dedikatzen den jendearekin biltzeko ikastaroez baliatu naiz.

Gaiari erreparatuz gero, AHTa, Balkanetako gerra, hizkuntza… Gai unibertsalak, nazioartekoak eta euskaldunak uztartzen dira. Zer nolako hausnarketa egin duzue gaien inguruan?
Komikiaren esentzia hori da, Dejabukoekin hitz eginez ere ondorio berdinera iritsi ginen, pertsonaiak jatorri ezberdinekoak, hizkuntza ezberdinekoak, adin ezberdinekoak eta kultura ezberdinekoak izanagatik denborarekin gai dira enpatizatzeko. Komikian ikusiko da bi pertsonaiak elkartzeko gai direla, antzekotasunak badituztela. Protagonistak elkarren arteko antzekotasunak deskubritzen joango dira, irakurlearekin batera.

Euskaraz eta gazteleraz kaleratu da «Habiak»-«Nidos». Edizio lana egin da argitalpen bakoitzarekin.
Ideia bera da hizkuntza bietan; azalean gizona azaltzen da eta atzean emakumezkoa. Hizkuntza bakoitzean kolore bat erabili da, eszena ere urtaro ezberdinetan kokatu da. Edizio lanean murgiltzerakoan, puntua bilatu nahi izan dugu liburua desberdindu eta edertzeko. Aukera eman ziguten eta nola ez aprobetxatu! Bi azal sortu nituen, banekien lana bikoiztuko zitzaidala baina erantzun onaren bila joateak merezi zuen.

Oraingoan Txalaparta argitaletxearekin aritu zara, eskuartean duguna luxuzko argitalpena da. Gustura azken emaitzarekin?
Esteban Montoriorekin, diseinatzailearekin, lan egiteko aukera izan dugu; probak ikusteko aukera eman digu, tipografia denon artean aukeratzea, inprentara bisita egitea… Guztiak lana borobiltzen laguntzen du. Nabari da diseinu lanean lan handia hartu dela: azal gogorrak, guarda landuak... Gustura nago emaitzarekin. Prozesu guztiarekin ikaragarri ikasi dut, marrazten ere ikaragarrizko soltura lortu dut.

Zure ibilbideari erreparatuz gero, kolaborazio ugari landu dituzu sona handiko idazle askorekin gainera -Joseba Sarrionaindia, Karlos Linazasoro, Leire Bilbao, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide...-. Nolakoa izaten da lan hori, beste norbaiten lana ilustratu behar izatea?
Ez da denekin berdina izaten. Batzuetan lana editorearen bitartez iristen da, besteetan idazlearen bidez. Zortez, esan behar dut, beti aukera eman didatela irakurri dudan hori nire erara azaltzen. Inoiz ez didate lanik atzera bota, aukera eman didate lana ahal bezain ondo eta zintzoena egiteko. Oraingoz guztiekin esperientzia oso ona izan da. Haiei ere erantzuna gustatu zaie eta hortaz ni ere gustura geratu naiz.

Zein egoera bizi du ilustrazioak euskal literaturaren baitan?
Hutsune bat egotekotan helduen lanetan eta komikigintzan dago. Gazte eta haur literaturan asko editatzen da, ilustratzaileak ere gero eta gehiago gaude, oso kalitate onekoak, gainera. Duela denbora dezente oso maila altua egon da ilustrazioan; eta, azken urtetan, nibela geroz eta altuagoa jartzen ari da. Argitaletxeek nahi izanez gero, lan oso ederrak kaleratzeko aukera dago.

Begirada Euskal Herritik kanpora zabalduz gero, helduen literaturako hutsunea ere nabaria da?
Europa mailan ez dut askorik kontrolatzen, badakit edizio eta diseinu lanetan askoz esfortzu handiagoak egiten direla estatutik kanpora, asko kontsumitzen delako, Frantzia kasu. Komikigintzan ere, Frantzian oso nibel altua dago eta argitalpen ugari zabaltzen dira bertan. Estatu mailan orain ari da komikiekiko zaletasuna pizten; ia horrek bere eragina duen gurean! Bestalde, hemendik kanpora ere, helduen literaturari erreparatuz gero, askoz ilustrazio gehiago argitaratzen dira, helduek ere badutelako ilustrazioak irakurtzeko interes bat. Irakurleak ikusi egin behar du irudiek ere badutela zer kontatu; album ilustratuak ez direla haurrentzat bakarrik, alegia. Altxor handiak aurki daitezke.

Kolaborazioez hitz egin dugu, baina erabat zureak diren lanak ere kaleratu dituzu, 2013. urtean Edo! argitaletxearekin «Alderik alde», zure lan-koadernoa argitaratu da. Nolakoa izan da erabat zurea den lana kaleratzea?
Asebetetze handia. «Alderik alde»-ren edizioa asko zaindu zuten Edo! argitaletxekoek eta nabari da, formatua oso berezia da. Barrukoa, niri gehien interesatzen zaidana, egin dudan lanik zintzoena da. Niretzat egina baitago, ez argitaratua izateko; nitaz hitz egiten duen lana da. Norbaitek horrenganako interesa erakutsi izana, oso pozik egoteko motiboa da, baita jasotako erantzuna ere.

Zure ilustrazio lana ez da paperera mugatzen, hotel bateko paretak ere apaindu dituzu…
Beldurtuta ekin nion lan horri. Nire paper txikira, nire gelatxotik lan egitera ohituta nengoen eta askotan aldaketek beldurra ematen dute. Oso gustura geratu nintzen emaitzarekin, erabat formatuaz aldatzerakoan asko ikasi nuen, bai prozesuaz eta baita nitaz ere.

Euskadi Sariak banatu berri dira, Elena Odriozolak eskuratu du ilustrazio alorrekoa. Odriozolaren lana erreferentzia bat da?
Bai hemen eta baita mundu mailan ere. Niri ikaragarri gustatzen bere lana, oso fina da, bere pertsonaiek euren kontu hitz egiten dute, ez dute idatzizko hitzen beharrik, beraiek bakarrik komunikatzen dira. Merezitakoa da saria! Saritutako lan honetan, «Tropecista»-n,  ilustrazioak editatzeko oso modu berezia bilatu du eta horrek ere ilustrazioa luzitzen laguntzen du.

Durangoko azokaren atarian gauden honetan, nola bizi izaten duzu euskal liburu eta diskoen azoka. Aurten bertan egotea egokituko zaizu…
Urte batean elkarrizketa eskaintzea tokatu zitzaidan, baina bestela aurkezpenik ez zait sekula tokatu. Urduri nago, beti urduri jartzen bainaiz horrelako ekitaldi baten aurrean. Lanaren alor honetara ez naiz sekula ohituko; marrazkigilea naiz irudiekin hitzekin baino hobeto espresatzen naizelako.

Zer lan berri ekarriko dizkigute 2013-2014 urteek Maite Gurrutxaga sinadurarekin?
Momentuz ez dakit gauza askorik. Lan horiek gutxika azaltzen dira, boladaka. Askotan, tamalez, uda izaten da lan gehien egiten dudan momentua. Negua lasaiagoa izaten da baina espero dut lanak suertatuko direla. Bestalde, lekua utzi nahi diot ere, lan pertsonalari; eskainitako asebetetzea eta erantzuna ikusita, ez dut alde batera utzi nahi, ikaragarri ikasten baitut nire lan pertsonalekin ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!