Haurrentzako ekitaldiak ere, Eguberrietan

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 19a, 08:30

Azterketa egin ondoren, haurrei aisialdirako aukera emateko beharra ikusi da. Alazne Mantxola Gaztelekuko hezitzailearekin aritu gara solasean.

 

Eguberri hauetan Amezketan nerabeei zuzendutako oporraldiko eskaintzaz gain, haurren oporraldiko eskaintza ere izango da lehen aldiz. «Orain dela bi urte eta erdi jarri zen martxan haur, nerabe eta gazteei zuzendutako sustapen arloa», azaldu du Alazne Mantxola Amezketako Gaztelekuko hezitzaileak. «Orain dela bi urte hasi ginen nerabeekin lanean, eta ordudanik gaztelekua martxan dago. Orain ikusi da haurrekin hasteko garaia zela».

Azterketa bat egin dute herrian haurrekin lotura duten eragile guztiekin. «Hortik atera da haurrek behar dutela hemen herrian oporraldiko aisialdi eskaintza», zehaztu du Mantxolak. «Halere, esan beharra dago udaleku irekiak uztailean beti egin direla, baina Aste Santuan eta Eguberrietako data hauetan hutsune hori nabaritzen da». Orain arte lana egin dute 12-17 urte bitartekoekin, eta orain 4-11 urte bitartekoekin hasiko dira ere.

Ekitaldiei dagokionez, haurrei zuzendutako lau jarduera izango dira. Horietako bi adin tarte guztiarentzat izango da: filma ikustea eta parkea. Bigarren horretarako gaztelekukoek parte hartuko dute haurrei aurpegiak margotzen eta karetak egiten laguntzen, besteak beste.

«Balantze ona»

Nerabeek ere hainbat jarduera izango dituzte, tartean zenbait irteera herritik kanpo. Beraiek ere parte hartu dute ekintza horiek aukeratzerakoan. «Dinamika ezberdinekin azken garaian aritu dira bere iritzia emanez, eta jarduerak dira beraiek eskatutakoak», esan du Mantxolak.

Gaztelekuak orain gutxi bete ditu bi urte, eta Mantxolak azaldu duenez, «balantzea ona da. Bi urte eta erdi hauetan aurrerapausu batzuk eman ditugu nerabeei dagokionez eta bere parte hartzeari dagokionez».

Hasieran hezitzaileen eta nerabeen harremana eraikitzen joan dira. «Gero pixkana joan gara nerabeekin herriko gune parte hartzaileetan izaten, hau da, festak antolatzeko, kultur astea, Eguberrietan taloak egiten guraso elkartekoekin...», esan du Mantxolak. Gaztelekua astean bost egunetan zabaltzen da, 17:00etatik 20:00etara astelehena, asteazkena, ostirala, larunbata eta igandea.

 

Egitarauak

NERABEENTZAT

Abenduak 22, astelehena

11:00. Gaztelekuko futbol torneoa, eskolan.

Abenduak 23, asteartea

14:20. Txuri Urdinera irteera. Kuota 4 euroko da. Alegiako tren geltokian elkartuko dira.

Abenduak 26, ostirala

10:30-13:30. Haurrentzako parkean laguntzen ariko dira nerabeak, aurpegiak margotzen, karetak egiten laguntzen...

Abenduak 29, astelehena

16:30. Gaztelekuko Binakak Frontenis Txapelketa. Mutilak 16:30ean hasiko dira eta neskak 17:30ean.

Abenduak 30, asteartea

17:00. Filma, kultur etxean.

Urtarrilak 2, ostirala

10:45. Olabaerriako Kartingera irteera. Kuota: 12 euro.

HAURRENTZAT

Abenduak 22, astelehena

17:00. Filma, kultur etxean. 2 urte eta LH6 artekoentzat.

Abenduak 26, ostirala

10:30-13:30. Haur parkea, frontoian. 2 urte eta LH6 artekoentzat.

Abenduak 29, astelehena

11:00. Jolas kooperatboak, kultur etxean. 4 urte eta LH2 artekoentzat.

Abenduak 30, asteartea

11:00. Altxorraren bila, kultur etxean. LH3 eta LH6 artekoentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!