Alkateei elkarrizketak

«Herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu»

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 2a, 09:30

Aurreko legealdiaren balantze ona egin du Iñaki Amundarain Amezketako alkateak; esperientzia pertsonal moduan «oso positiboa» izan dela dio

Elkarrizketa osoa audioan

Udalean alkate moduan sartu zen aurreko legealdian Iñaki Amundarain, eta orain bigarrengoari ekin dio.

Udal hauteskundeetan sei zinegotzietatik bostera igaro zarete. Zein balantze egin duzu?
Batetik esango nuke sei zinegotzietatik bostera pasatzea azkenean boto gutxirengatik izaten dela. Guk egia da galdu ditugula batzuk. Abstentzioa ere dezente izan da. Oposizioak ere irabazi ditu boto batzuk, baina azkenean zinegotzien banaketa boto gutxi batzuen arabera izaten da.

Abstentzioa handitu izanaren zergatia jakitea zaila izango da.
Nik uste dut jendeak ez duela hainbeste interesik udalaren inguruko kontuetan.

Udalean bi zinegotzi berri izango dira EH Bildutik. Horiei udalaren jarduna azaldu beharko zaie.
Hasiera batean jende berria nahi genuen zerrendan joatea. Lau urte hauetan jende berdina egongo gara eta jende berriak ideia berriak izaten ditu. Eta orain sartu diren berriei esplikatu behar zaie udalaren gorabeherak nola diren, zein ardura hartuko dituzten... Erakuste lanetan ari gara eta beraiek ere interesa badute, eta hori estimatzekoa da.

Zergatik hartu zenuen berriro zerrendaburu aurkezteko erabakia?
Bukaera aldera hartu nuen erabakia. Nahiko garaiz hasi ginen taldea osatzen, baina egia esan nahikoa kostatu zitzaigun. Sartu berri zirenei kolpetik alkatetza hartzea nahiko gogorra egiten zitzaien. Lau urte aurretik eramanda kargua, eskarmentu handiagoa nuenez, errazagoa zen nik hartzea. Halere, inor prest egon izan balitz, nik alkatetza uzteko asmoa nuen.

Aurreko legealdiaren inguruan zer balantze egiten duzu pertsonalki?
Oso esperientzia positiboa izan da. Hasieran non nengoen ez nekien. Aurreko legealdian egon zen Satur Zabala zinegotziak asko lagundu zidan. Agian kontu batzuetan handi samarra egiten zitzaidala ere bai; maila bat behar dela iruditzen zait bai ikasketa aldetik bai zenbait gai ondo eramateko. Bestalde, zenbat lagun ezagutzen diren Tolosaldea inguruan, bai alkateak eta zinegotziak... Aipatzekoa da horiekin sortutako harremana.

Udalaren jardunari buruz zein da balantzea?
Ona esango nuke nik. Sartu ginenean, ezin zenez nahi genuen adina gastatu, urte pare bat izan ziren asko begiratu beharrekoak. Bestalde, udala ekonomikoki modu onean hartu genuen eta beste herri batzuekin alderatuz ez dugu arazorik izan zorrekin.

Nola dago herritarren parte hartzea udalgintzan?
Parte hartzea oso aberatsa da, baina Amezketan zaila izaten da jendea bileretara joatea. Udal taldearen puntuetako bat da herritarrekin nola konektatu ikustea, eta parte hartzea sustatzea udal erabakietan.

Beste zer asmo dituzue legealdi honetarako?
Aurrekoari jarraituz, ez dugu proiektu handirik. Eguneko zentroa martxan jartzeko kudeaketa lanekin ari gara, Ugarteko frontoia eraberritzeko aurki hasiko dira lanean, herria oinezkoentzat jartzeko proiektua ere hor dago, eta baserri bideak txukuntzen jarraituko dugu.

Eguneko zentroari buruz datorren astean bilera antolatu duzue.
Aldunditik eguneko zentroa irekitzeko baldintza batzuk jartzen dituzte, eta horri buruz hitz egin dugu. Bestalde, gizarte laguntzaileak eguneko zentroaren martxa nolakoa izaten den azalduko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!