Amezketako jaiak 2015

Herri kirol saioak gaur Amezketan

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 24a, 13:45

Haurren eta gazteen arteko herri kirol saioak egon dira gaur goizean Amezketako plazan. Urtetik urtera, geroz eta jende gehiago gerturatzen da bertara eta garrantzi handiagoa hartzen ari da.

Eguraldi onak lagunduta, plaza bete dute San Bartolome egunez Amezketan. Herriko gaztetxoen arteko herri kirolak lehenik eta gazteenak ondoren. Gaztetxoen artean, lau talde ezberdinek hartu dute parte herri kirol saioan eta segan, txingetan, korrika eta lokotx bilketan aritu dira. Amezketako herritarrek, sega modalitate ezberdin bat asmatu dute gainera, hormigoi gaineko sega mozketa. Final erdi moduko batzuk egin dituzte gaztetxoenek, lehenik bi talde eta ondoren bi talde. Bi irabazleen artean finala jokatu dute ondoren.

Ondoren, gazteen momentua heldu da eta hauek ere lana fin egin dute. Segan, trontzan, karretila eramaten, korrika eta lokotxetan aritu dira. Bi talde ezberdinek hartu dute parte gazteen artean, talde beltzak eta talde gorriak eta azken hauek atera dira garaile. Gazte hauen artean izan da festen ondorioak jasan dituenik ere eta amaitu ezinda ibili denik. Ala ere, goraipatzekoa eguzki azpian egin duten lana eta denen gainetik umore ona eta festarako gogoa.

Pilota partida jendetsua

Atzo arratsaldean pilotak hartu zuen Amezketako herria. Larrunarri frontoia txiki geratu zen Altuna III - Rezusta eta Irujo - Tolosaren arteko partida ikusteko. Jaialdia hasi baino ordu bete lehenago ia ez zen eserlekurik geratzen eta partidako orduan jendea korridore eta eskaileretan jarrita ikusten zen.

Partidari dagokionez, ez zen partida oso ona izan akats asko egon zirelako partida guztian zehar baina ikusleen interesa piztu zuena emaitza izan zen. Irujo eta Tolosa izan ziren garaile 22 eta 21eko emaitzarekin. Nahiz eta dirua etxeko pilotariaren alde atera hasiera batean, ez zuen bere egunik onena izan Jokin Altunak. Ala eta guztiz ere, jendea pozik atera zen frontoitik eta giro ederra egon zen.

 

Hona hemen gaurko eta biharko egitarauak:

ABUZTUAK 24, ASTELEHENA
SAN BARTOLOME EGUNA
10:00. Diana.
11:00. Meza.
12:00. Herri kirolak plazan, herriko haur, gazte eta helduek eskainita.
13:00. Txakolin dastaketa (jatekoa norberak eraman behar du, udalak parrila piztuko du).
15:30. X. mus txapelketarako izen ematea. (bikoteetako batek amezketarra izan behar du eta 10 euro ordaindu beharko da bikoteko).
16:00. X. mus txapelketa.
21:30-00:00 Gaztetxoentzako DJa plazan.
22:30. Altuna anaiak frontoian bertso saioa: Uxue Alberdi, Bixente Gorostidi, Julio Soto, Angel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso; gai jartzaile, Amaia Agirre.
00:00. Eztengiro trikiti taldea plazan.

ABUZTUAK 25, ASTEARTEA
12:00. Herriko neska-mutil gaztetxoen bizikleta igoera San Martinera (neska-mutilen artean 2 maila bereiziko dira: 12 urte arte eta 13tik 16ra bitarte. 
12:30. Trial-bike ikuskizuna plazan, Juanda de la Peña valentziarraren eskutik. 
Arratsaldean. Ansa ahizpen kantaldia, Altuna Anaiak frontoian 
20:30. Sagardo dastaketa. 
00:00. Euliaren entierroa dultzaineroekin. 
Jarraian. Berbena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!