"Gauza asko dauzkat hobetzeko"

Asier Imaz 2015ko urr. 1a, 11:05

Uda bikaina egin du Jokin Altuna (Amezketa, 1996) pilotariak. Bi finaletara iritsi da, eta azken txapelketan, txapela janztea lortu zuen Merino II.a lagun zuela.

Atseden hartzeko denborarik gabe, Lau t’erdiko Txapelketa jokatzen hasiko da, Artola eta Olaetxea bezala. Amezketarrak Lekunberrin debutatuko du, urriaren 11ko asteburuan. Une egokia, azken hilabeteen errepasoa egiteko.

Aitona pilotaria zenuen, ezta?
Bai. Aitona Joxe.

Nolako pilotaria zen?
Ona zela esaten dute. Osabak eta amak kontatu izan didate oso ezker ona zuela.

Zure artista ukitua zuela esan al dizute?
Ona zela horretan geratu dira. Oraindik pilota asko bizitzen du aitonak, eta partidak urduritasun handiarekin segitzen ditu. Partida zaila daukadanean, argi esaten dit: «Zaila daukazu, baina berak ere zaila edukiko du». Beti animatzen daukat.

Uda ikusgarria egin duzu. Maila bat gora egin duzula esango al zenuke?
Partida zail asko jokatu ditut, eta horretara ere ohitzen joaten zara. Gaztea naiz oraindik, eta frontoian nahiz frontoitik kanpo, fisikoki adibidez, hobetzeko asko daukadala nabaritzen dut. Irujo, Olaizola eta horiek urteekin hobetzen joan dira, eta nik ere bilakaera hori egin nahi dut. Ez dut esan nahi horrekin maila horretara iritsiko naizenik, inondik ere ez, baina buru belarri hobetzen jarraitu nahi dut.

Zer daukazu hobetzeko?
Beti dago dena hobetzeko. Debutatu aurretik, ezkerrarekin defentsa hobetu behar nuela esaten nuen. Nire ustez, denbora honetan, arlo hori dezente hobetu dut. Orain konfiantza gehiagorekin luzatzen dut besoa. Gero pilota kontuak daude; hilabete batean erremate guztiak sartzen zaizkizu, eta bestean, denek txapa jotzen dute. Piloteoa, gantxoa... gauza asko dauzkat hobetzeko. Eta nik, topera saiatu nahi dut horretan.

Debutetik hona bost kilo irabazi dituzu.
Besteen entrenamendu berdinak egiten ditut. Astero-astero lan asko egiten dugu, eta gero partidak. Gazteak gara, eta oraindik kilo gehiago hartzen joango garela uste dut. 69 t’erdirekin debutatu nuen, eta 74 kilotan ibiliko naiz orain. Aldea nabaritzen da.

Zertan nabaritzen duzu?
Batez ere, iraupenean. Partida luzeak direnean hobeto iristen naiz amaierara. Oraindik Aimar eta horiek baino larriago iristen naiz, baina aldaketa dezentekoa izan da.

Udan entrenatzeko denborarik izan al duzu?
Batez. Abuztuan adibidez hamabi partida jokatu ditut. Bukatu, deskantsatu eta hurrengo egunean edo bi egunera bestea. Nire ustez joko ona mantentzen lagundu dit horrek; partidek azkenean erritmoa ematen dizute. Hala eta guztiz ere, ez nuen espero horrelako erritmoaren ondoren, amaierara hain ondo iritsiko nintzenik. Gauzak ondo egin ditugun seinale izango da.

Aipatu duzun erritmo horretan, zure lehen uda izan da.
Iaz ez zen horrenbestekoa izan. Irujo lesionatu egin zen, eta Titinen aurka estelar batzuk jokatu nituen. Baina aurtengoa berria izan da. Berria, eta oso polita. Udan 12 estelar jokatu ditut, eta horietatik 8 irabazi. Ez nuen pentsatu ere egingo maila horretan ibiliko nintzenik. Niretzat izugarri aberatsa eta pozgarria izan da.

Hamabi estelar jokatu dituzula diozu, estelarretako pilotaria izango ez bazina bezala.
Nire burua ez dut kokatzen lehen mailan edo bigarren mailan. Hobetzen jarraitu behar dudala badakit, hobetzeko asko geratzen zaidala ikusten dudalako. Enpresak aukerak eman dizkit, eta aprobetxatu egin ditudala uste dut. Baina ikusi beharko da lau t’erdikoan nola moldatzen naizen, eta ondoren binakako txapelketan sartzen banaiz, ea zer egiten dugun. Hortik aurrera hitz egingo dugu nolako pilotaria naizen.

San Mateo Txapelketa jokatu duzu duela gutxi, eta irabazi. Nola sentitu zara txapelketa osoan zehar?
Itsura oso ona emateko intentzioarekin joan nintzen. Errioxan orain arte oso ondo hartu naute, eta gainera, David Merinorekin jokatzen nuen. Bera ere oso momentu onean dago orain, eta partidaz partida joan ginen. Lehenengoa, uste baino errazago irabazi genuen, Victor-Albisuren aurka: 22-9. Bigarrengoa, oso gogorra izan zen. Miguel Merinok jokatu zuen Barriolaren lekuan Irujorekin, eta dezenteko erritmoa hartu genuen. Larunbatean atseden hartu genuen, eta igandean final handia jokatu genuen.

Olaizola II-Urrutikoetxea bikotearen aurka.  
Faborito argitzat jotzen zituzten eurak, eta guk, bagenekien zaila izango zela. 

Batez ere Olaizola II.aren udako jokoa ikusita.
Hori, eta Urrutikoetxeak ere erakutsi duelako atzean ikaragarri jokatzen duela. Davidek eta biok larunbatean hitz egin genuen. Bi final jokatu eta galduak nituen, eta hirugarrena irabazi nahi nuen. Gurea egin behar genuela argi genuen, eta partidan indartsu sartu ginen. Gero Aimarrek sakearekin min dezente egin zigun, eta amaierara nekatuta iritsi ginen. Garbi nuen aukera izanez gero tantoa bukatzen saiatu behar nuela. Eta ametsetan bezala bukatu zen.

Tantoa telebistan ikusi zenuenean, zer etorri zitzaizun burura?
Hiru t’erdiko horretan, altuera dezentekoa duen pilotara normalean ez naiz sartzen. Baina ondo atera zen, eta ikaragarri gustura.

Estetikoki ere, oso polita izan zen 21nakoa hautsi zuen tanto hori.
Dezentetan entrenatzen dudan jokaldia da. Baina egia esan behar baldin badut, hamarretik hirutan edo lautan ateratzen zait. Momentuan atera egin zitzaidan, eta garbi daukat berriro ere egingo nukeela. Nik ez banuen arriskatu, Aimarrek egingo zuen. Eta gantxoa sartu eta tantoa egin izan balu, tonto aurpegiarekin joango ginen etxera. Askotan, nahiz eta txapa jo eta min hartu, hobe da partida norberak erabakitzea; onerako edo txarrerako.

Ospakizuna ere handia izan zen, txapelketaz gain, uda osoa ospatzen ariko bazina bezala.
Denagatik. Emozio handia sentitu nuen. Amezketako jende piloa ikusi nuen frontoian. Artolaren aurkako eta aurreko finalak galdu egin nituen, eta partida horietara ere jende ugari joan zen. Pena handia sentitzen duzu orduan eurengatik. Irabaztean, beraz, jende asko etortzen zaizkizu burura: Danimarkan ikasten ari den arreba; beti ondoan laguntzen eta animatzen ditudan lagunak, Xalton bera, gurasoak... Izugarrizko poza sentitu nuen.

Bada beste datu bat, atentzioa deitzen duena: Irujo eta Altuna III.aren arteko lehiak. 7-8 zure alde.  
Debuta egin eta bere aurkako lehen lau partidak galdu egin nituen. Gero, elkarren aurka 11 aldiz jokatu dugu, eta horietatik 8 irabazi ditut. Hemendik aurrera ez dakit zer egingo dudan, baina orain arte egindakoa ikaragarri polita izan da. Aimarren edo Irujoren aurka jokatzean izugarrizko ilusioarekin joaten naiz frontoira. Besteetan ere bai, baina horien aurka jokatu behar dudanean, oraindik eta gehiago. Eta irabaziz gero,... duela bi urte pentsatu ere ez nuen egiten horrelakorik.

Irujok zer esaten dizu irabazten diozunean?
Odol berokoa da, eta lehen bost minutuetan bero egoten da. Gero ikaragarri mutil ona da. Miresten dudan pilotaria da, eta pertsona bezala, oso jatorra da. Partiden aurretik broma faltarik ez da izaten berarekin. Bukaeran tentsio puntu bat egoten da, baina nirekin beti oso ondo portatu da; beti ondo zaintzen nau.

David Merinorekin, berriz, laguntasun berezia duzula ematen du.
Bi anaiekin, Davidekin eta Miguelekin. Azken honek ikaragarri lagundu zidan txapelketa jokatu genuenean. Davidekin ere harremana oso ona da. Momentu txarrak pasa zituen txapelketan, eta berarekin egon nintzen. Oso gaizki pasa zuen, partidetara joan eta konfiantzarik gabe. Berriro itzuli zenean biok konfiantza hartzeko aukera izan genuen, eta berriro ere oso ondo jokatzen hasi zen. Berarekin jokatzea gozamen bat da. Berak ikaragarri laguntzen dit, eta baita nik berari ere.

Udako txapelketak joan dira. Orain, lau t’erdikoa tokatzen da. Olaetxea eta Ezkurdia lehen fasean jarri dituzte, eta zuek, bigarrenean. Polemika piztu da.
Beraien lekuan jarri eta ez zait zuzenena iruditzen. Olaetxeak egin zuen guztiarekin, beste leku batean egon beharko zuen. Baita Ezkurdiak ere. Enpresek esan zuten ligaxkan egon zirenak kontuan hartuko zituztela, eta hortik aurrera erabakia beraiena izango zela.

Zure kasuan, final zortzirenetakoa zure lehen partida izango da, baina aurkariaren bigarrena.
Lehen kanporaketa irabazteak beti konfiantza ematen dizu. Nirea, beraz, partida gogorra izango dela ziur nago. Aste honetan egunero ari naiz entrenatzen, baina pixka bat suabeago. Lekunberrin jokatzen dugu, eta hurrengo astean pare bat entrenamendu egingo ditut bertan.

Zein da zure helburua txapelketa honetan?
Nire ilusioa lehen partida hori irabazi eta ligaxkan sartzea da. Alde batetik, hurrengo urteko final zortzirenetan lekua egiteko, eta bestetik, Aimar, Oinatz eta horien aurka jokatze hutsa, niretzat saria delako. Galtzeko ez nuke ezer izango, eta gozatzera irtengo nintzateke.

Baina horretarako, lehen partida hori pasa behar, eta lehen esan bezala, lehen partida izateak badu bere arriskua.  
Galtzen hasten bazara buruari bueltak ematen hasten zara; «galtzen badiat kalera joango nauk», eta horrelakoak etortzen zaizkizu burura. Baina lehiaketen grazia hori dela uste dut, eta momentu horietan erakutsi behar duela pilotariak nolakoa den. Aimar eta Irujo onenak dira niretzat, baina horrez gain, hamaika momentu zaili buelta ematea lortu dute, eta horrek egiten ditu pilotari handi.

Lasa edo Elezkano II.a izango da zure aurkaria.
Biak dira oso arriskutsuak. Danel errematatzaileagoa da, eta Haritz luzeagoa izan arren, gantxoarekin min handia egiten duena da. Bat edo bestea, zaila izango da.

 

LAU T’ERDIKO TXAPELKETA
Eskualdeko ordezkariak: Mikel Olaetxea (Lizartza); Iñaki Artola (Alegia) eta Jokin Altuna (Amezketa).
Tolosako Beotibar Final hamaseirenetako partidak jokatuko dira larunbatean, 18:00etan. Mikel Olaetxearen eta Irribarriaren arteko partida, eta Arretxe II eta Ezkurdiaren artekoa. Gorka-Tolosa eta Jaka-Irustaren arteko partidak osatuko du Tolosako jaialdia.  :
Final zortzirenak: Olaetxea eta Irribarriaren arteko partidako irabazleak Iñaki Artolaren aurka jokatuko du. Haritz Lasa eta Elezkano II.aren arteko partidako irabazleak, Jokin Altunaren aurka jokatuko du.

Erlazionatuak

Hatz txikia eta tenplea

Jexux Murua 2015 urr 01 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!