Altunak ere lortu du final laurdenetako ligaxkarako txartela

Asier Imaz 2015ko urr. 12a, 10:08

Amezketarrak 22-13 irabazi zion atzo Aritz Lasari Lekunberrin; ondorioz, Lau t'erdiko final laurdenetan izango da

Ez zen espero zitekeen partida izan atzokoa. Lekunberriko pilotalekua lepo bete zen, eta horrek erakusten zuen partidak ikusmina sortu zuela. 22-13 nagusitu zen amezketarra. Eta markagailuari begiratuta partida parekatuagoa izan zela iruditu arren, atzo nagusi Altuna gaztea izan zen. Sakeei etekin handia ateratzea lortu zuen, eta urretxuarra hasieratik deseroso egotea lortu zuen.

Lasak egin zuen partidako lehen tantoa, baina ondoren amezketarrak 15 tanto egin zituen jarraian. 3-17 jarri zen aurretik Altuna, baina Lasak ez zuen etsi. Saralegik partida amaitu ondoren adierazi bezala "zauriturik dagoen pilotaria oso arriskutsua da" eta amezketarrak partida ia amaitua zuela zirudienean, 12-17an jarri ziren. Baina, berriro ere huts egin zuen urretxuarrak eta 12-18. Azkenean, 22 tantora iritsi arte, bere lana egiten jarraitu zuen amezketarrak eta txalo zaparrada batekin agurtu zuten publikotik.

Honenbestez, Lau t'erdiko txapelketako final laurdenetako ligaxkan sartzea lortu du Altunak. Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Iñaki Artola izango ditu aurrez-aurre bere multzoan. Eta lehen partida, hain zuzen ere, alegiarraren aurkakoa izango du. Atano III.an jokatuko dute eskualdeko bi pilotariek ligaxkako lehen partida ostiralean. Iazko bigarren mailako finaleko irudia errepikatuko da. Bi pilotari gazteak berriro ere elkarren aurka, pilotaleku berean. Baina, oraingoan urtebete beranduago eta profesional bezala partida mordo bat gehiago jokatuta. Iazkoan Artola izan zen garaile, eta ziurrenik horregatik faborito bezala alegiarra aterako da, baina zer gertatuko ote da lehen partida horretan? Gauzak ez daude hain argi.

ERREAKZIOAK

Jokin Altuna

 
Ekaitz Saralegi
 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!