«Cross country maila goreneko lehen hiru postuetan amaitzea dut buruan»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko urt. 7a, 13:01

Espainiako txapelketan bigarren izan da enduro modalitatean eta txapeldun cross country-an Josu Artola gidari amezketarra. Euskadiko txapelketan ere postu berdinetan sailkatu da modalitate bakoitzean. Orain arteko emaitzarik onenak lortu ditu azken denboraldian.

Gustura nabari zaio 2015ean osatu duen denboraldiarekin Josu Artolari (Amezketa, 1988). Datorren denboraldirako helburuak garbi, merezitako atsedena du txapelketetan otsailaren erdira arte. Bere pasioa motoa da eta afizioa moto lasterketetan lehiatzea.

Gogoan duzu lehen aldiz noiz ibili zinen motoan?
Ez dakit, hamahiru bat urte izango nituen lehen aldiz moto bat hartu nuenean.

Noiz hasi zinen lasterketetan parte hartzen?
Lasterketetan parte hartzen duela sei urte hasi nintzen, 21 urterekin. Motorra hemeretzi urterekin erosi nuen eta handik bi urtera edo egin nuen nire lehen lasterketa.

Nola erabaki zenuen horrelako probetan parte hartzen hastea?
Hasiera batean kuadrillakoekin hasi nintzen ibiltzen. Nahiko ondo moldatzen nintzela ikusi nuen eta lasterketa batera joatea bururatu zitzaidan. Aldatz-en zen proba eta podiumean sailkatu nintzen. Handik aurrera, lasterketetara joateko tentazioa piztu zitzaidan eta txapelketa osoetan parte hartzen hasi nintzen ondoren.

Zurekin hasi ziren kuadrillakoek jarraitzen al dute?
Haiek nirekin batera lehiatzen hasi ziren eta bi urtez edo horretan aritu ziren. Gero ikusi zuten entrenatu egin behar zela eta asko ibili beharra zegoela hor jarraitzeko; bestela lasterketetan asko sufritzen dela. Azkenean, bi ordu eta erdiko proba irauteko ibili egin beharra dago eta bi urteren ondoren, kuadrillako beste hirurek utzi egin zuten.

Fisikoki gogorra bada, entrenamendu gogorrak egin beharko dituzu. Prestakuntza finkorik baduzu?
Ez dut errutina berezirik jarraitzen. Azkenean, zortzi orduz lana egin eta baserrian bizi naizenez, etxera iristerakoan beti dago zereginen bat. Denbora dudanean ibiltzen naiz motoan, bizikletan edo korrika. Fisikoki kirol gogorra da baina motoan ibiltzea ere beharrezkoa da, teknika lantzeko.


Hemen inguruan entrenatzeko epistarik bada?
Guk normalean moto-kroseko pistan entrenatzen dugu eta bestela mendian. Gertuen dugun moto-kroseko zirkuitua Bergaran dago eta gainera, hileko azken asteburuetan irekitzen dute. Beraz, ez dugu aukera asko entrenatzeko. Bestela Nafarroara edo Burgosera (Espainia) mugitu behar izaten dugu.

Cross Country-an txapeldun eta enduro-an txapeldunordea zara Espainiako txapelketan eta Euskadikoan. Orain arteko emaitzarik onenak lortu dituzu 2015ean.
Konpetizioko lehen hiru urteak junior kategorian izaten dira. Junior mailako azken bi urteetan ere Euskadiko txapeldun izan nintzen. Ondoren, senior mailara pasatzen zara. 2015ekoa hirugarren urtea nuen senior kategorian. Lehen bi urteetan podiumean izan naiz eta azken denboraldian emaitzak hobetu ahal izan ditut. Oso gustura nago azken denboraldian egindakoarekin.

Senior mailan bi kategoria daude.
Bai. Hala ere Euskadiko txapelketan senior mailako kategoria zailenean lehiatu naiz. Espainiakoan, ordea, B kategorian hartu dut parte eta egia esan pena pixka bat dut, bukatutakoan ikusi baitut senior A kategorian podiumerako aukerak banituelako.

Datorren denboraldirako helbururik baduzu?
Hurrengo denboraldirako cross country-an maila gorenean lehiatzea dut buruan. Euskadiko txapelketan, beti bezala, senior maila gorenean parte hartuko dut enduro-an eta cross country-an. Espainia mailan, ordea, cross country-an bakarrik hartuko dut parte baina senior A mailan. Podiumeko postuetarako sailkapena lortu nahi dut.

Orain arte zenbat moto izan dituzu?
Kroseko Yamaha bat, enduroko Husqvarna bat eta hiru urte desberdinetako hiru KTM izan ditut. Orain, Husqvarna batekin nabil.

Gastu ekonomiko handia izango du horrelako txapelketa batean parte hartzeak.
Gastu ikaragarria da bai. Horregatik elkartu ginen lau-bost lagun Espainiako txapelketarako eta Zatika Motorrak-ek asko lagundu digu. Denon artean ordaintzen ditugu bidaien eta hotelen gastuak. Horretaz gain, eskerrak eman behar dizkiet Olaberriako Gasogas-i, Oteiza Goikoari eta Hi Tech-i denboraldian zehar emandako babesagatik.

Prestakuntza teknikoak ere pisua izango du emaitzetan.
Orain dela bi urtera arte motoa erosten nuen eta ez nuen batere prestatzen. Denborarekin ikusten duzu behar duzula eta azkenean, esekidura prestatzen hasi nintzen. Motoaren mantentzea nik egiten dut normalean.

Zein modalitate duzu gustukoen eta non sentitzen zara erosoen?
Gustukoena cross country dut eta emaitza onenak ere modalitate horretan lortu izan ditut. Nire izaerari erreparatuta, erresistentzia handia dudala esan daiteke eta modalitate horretako lasterketak gogorrak eta luzeak dira.

Zerbait berria probatzeko asmorik baduzu?
Aurten bi aldiko motorrarekin aritu naiz eta hurrengo denboraldirako begiratzen ari naiz lau aldiko motorrarekin hastea pentsatzen ari naiz. Probatu dut lau aldiko motorra baina gutxiegi oraingoz. Hala ere, hori da asmoa. Azkenean, kontsumo txikiagoa du motor horrek eta lasterketa luzea denez hobea da hori. Oso ibilbide azkarretarako ere motor hobea da.

Zer da motoa zuretzat?
Nik motoan ibili gabe bi aste pasatzen baditut zerbaiten falta sumatzen dut. Adrenalina askatzen laguntzen dit eta behar-beharrezkoa dut motoan ibiltzea.

Hamahiru urterekin ibiltzen hasi zinenean ez zen berdina izango...
Lehenengo motoa erosi nuenean ere errepidean baino gusturago ibiltzen nintzen mendian. Lanean hasi eta mendiko motoa ekartzeko aukera izan nuenean, aurreneko gauza izan zen motoa erostea.

Jendea ezagutzeko parada emango dizu txapelketetan ibiltzeak.
Bai eta gainera, hemengo gidarien artean oso giro ona dugu. Batek motoan zerbait berria probatzen duenean gure artean komentatzen dugu eta elkarri laguntzen diogu.

Lasterketarako laguntza beharra edo konpainia izaten duzue?
Normalean beti eramaten dugu norbait gurekin. Enduro modalitatean depositua betetzeko denbora izaten da, baina cross country modalitatean bi ordu t'erdiko lasterketak izaten dira Espainiakoan eta Euskadikoan bi ordukoak. Lasterketa hasi eta ordubetera edo, depositua bete behar izaten da. Bakarren bat beti izaten dugu horretan laguntzeko.

Etxetik kanpora denbora dezente pasa behar izaten duzue txapelketetan, ezta?
Enduroan lehiatuz gero behintzat, ostegunean irteten gara lasterketa dagoen lekura. Ostiralean ibilbidea aztertu eta asteburuan lasterketa izaten da. Igandean bertan bueltako bidaia egin eta astelehenean lanera joan behar izaten dut. Gogorra da azkenean.

Kuadrillako lagunekin animatu zinen lehen lasterketan parte hartzera. Motoetarako zaletasuna dago Amezketan?
Gu hasi ginenean kuadrillako bik erosi zuten motoa eta hortik ekin genion zaletasun honi.

Afizio polita da. Astebururo kuadrillako zortzi lagun elkartu, motoan buelta bat eman, nonbait bazkaldu bitartean gertatutakoen inguruan hitz egin eta arratsaldean beste buelta txiki bat ematea izaten da gure plana. Dibertimendua da guretzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!