«Bidaian zehar aldaketarik ez duzu sumatzen, baina luzera eragina dute»

Imanol Garcia Landa 2016ko uzt. 27a, 08:00

Azken hilabeteak batetik bestera pasa ditu ilustratzaile amezketarrak, bere lana dela eta; Erroma eta Brasilgo lurretan ibili da, besteak beste, bertako argitaletxe eta erakusketak bisitatuz eta hitzaldietan parte hartuz.

Azken hilabeteetan munduan barrena ibili da, batetik bestera, Maite Gurrutxaga (Amezketa, 1983) ilustratzailea. Bere esperientzia eta bizipenen berri eman dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri. Eta aste honetan bertan jakin berri du Ilustrazioen Latin-amerikar katalogorako aukeratua izan dela ere.

Erroman izan zinen, bertako euskal etxeak, Associacione Culturale Euskarak gonbidatuta. Nolatan?

Orain dela hilabete batzuk nirekin harremanetan jarri eta bertara gonbidatu ninduten. Bidaiak helburu desberdinak zituen; batetik, bertan mahai inguru bat egitea, horretarako bertako Cecilia Campironi ilustratzaile italiarra eta Associacione Culturale Euskarako Viviana elkartu ginen, Giufá izeneko liburu denda batean, Habiak komikiari buruz hitz egiteko. Eta baita Libe argitaletxeak formatu digitalean argitaratu zuen Alderik alde bozeto liburua aurkezteko ere. Liburu hau aurretik Edo! argitaletxeak argitaratu zuen 2012an. Habiak komikia, berriz, Txalapartak argitaratu zuen 2013an. Lanbideaz eta ilustrazioaren munduaz ere hitz egin genuen, Cecilia ilustratzailea da esan bezala, eta geure esperientziez hitz egiteko aukera eman zigun horrek.

Zer lan egiten du Libe argitaletxeak?

Libe argitaletxea liburuak formatu digitalean argitaratzen dituen argitaletxe erromatarra da, eta euskal literaturako lanak argitaratzen dituzte italieraz. ACEren helburua euskara zabaltzea izan da Italian, eta orain, Libe argitaletxeak ere bide eta lan hori egiten du.

Zer moduzko esperientzia izan da Erromakoa? Zer ekarri duzu bertatik?

Oso esperientzia polita izan da. Bertatik ekartzen dudan gauzarik handiena, bertan ezagutu dudan jendea izan da, Viviana, Cecilia eta Federica; etxean bezala sentiarazi ninduten, eta beste Erroma bat ezagutzen lagundu zidaten.

Libe Edizione argitaletxeak digitalean argitaratu du 'Alderik alde' liburua. Zer suposatzen du horrek?

Poz handia eman zidan. Alderik alde liburua, liburu berezia da, nire bozeto liburuetan aurki daitezkeen marrazkiak baitaude argitaratuak bertan. Bozeto liburuak pertsonalak izaten dira, norberarentzako egindakoak, eta Edo! argitaletxeak marrazki hauek argitaratzeko aukera eman zidan 2012an. Liburua dagoeneko ezin da aurkitu formatu fisikoan, agortu egin zelako. Horregatik iruditu zitzaigun polita izan zitekeela liburu hau Libe argitaletxearekin argitaratzea.

Ondoren, Rio de Janeiron izan zinen, Galtzagorri Elkartea, Etxepare Euskal Institutua eta Oepli-ri esker. Nolatan sortu zitzaizun aukera?

Brasilgo Haur eta Gazte Liburuaren Fundazio Nazionalak antolatzen duen saloia da Rio de Janeiron urtero antolatzen dutena. Fundazio hau IBBY internazionalaren parte da (International Board on Books for Young people), OEPLI eta Galtzagorriren moduan. Aurten, Espainia eta bertako lau hizkuntza ofizialetako lanak izan dira ikusgai bertan. Espainian aurkitzen diren lau hizkuntza ofizialekin osatutako 300 liburuko erakusketa bat egon da bertan, eta zenbait autore izan gara bertara gonbidatuak, Espainiatik, Galiziatik, Kataluniatik eta Euskal Herritik. Bertan, haur eta gazteekin marrazteko, hitzaldiak eman eta gure lanbideei buruz hitz egiteko, elkarrizketak izateko... aukera izan dugu.

Zer egin duzu Brasilen? Eta zein ezberdintasun izan dira Italiakoarekin?

Brasilen Salao FNLIJ do Livro para Crianças e Jovens izeneko azokan izan nintzen. Rion egon garen egunetan, egunero pasa gara bertatik, Saloian parte hartzeko eta bertako umeei gure lana eta baita lanbideak ere helarazteko. Rioko bidaia zentzu horretan oso interesgarria izan da, bertako haur eta gazteen mundua pixka bat ezagutzen lagundu digu, baita bertan aurkitu ditugun antolatzaileen bidez ere, bertako egoera sozialarekin murgilduta aurkitu ditugulako. Beraiekin gure kulturaz eta hizkuntzaz hitz egitea ere polita izan da; eta baita bertakoek euskarazko liburuak ikusi eta begirada bat bota ahal izatea ere.

Desberdina izan da bidaia Italiakoarekin alderatuta, baina biak izan dira oso interesgarriak.

Horrelako bidaiak egiteak zer suposatzen du zuretzako? Besteak beste kontaktuak izateko balioko du edota zure liburuak beste hizkuntza batean argitaratzeko...

Bidaia guztiak ez dira berdinak izaten. Helburuak gutxi gorabehera bai, gehienetan antzekoak izaten dira, geure lanaz hitz egitea, lanbideaz hitz egitea edota lanbidea erakustea, gure lan metodoak erakustea, gure liburuez hitz egitea... Baina bidaia guztiak desberdin ateratzen dira, entzule edo parte hartzaileak zein adin duten, non egiten diren mahai inguruak edo hitzaldiak, etab. Esperientzia guztiak desberdinak bihurtzen dituzte. Horregatik izaten dira beti interesgarriak, beti direlako desberdinak. Askotan bidaian bertan aldaketa handirik ez duzu sumatzen, baina luzera, eragina izaten dute zure lanean eta baita zugan ere.

Donostian, Lugaritzen erakusketa bat izan duzu berriki, 'Batzuen batzuk' izenekoa. Literatur lehiaketa baterako oinarri izan dira zure ilustrazioak. Nola joan da erakusketa?

Oso gustura geratu naiz erakusketarekin. Espazio txikia da Lugaritzekoa, nire ilustrazio eta lan egiteko dudan formatuarentzako egokia. Bertan denetik ikus zitekeen, argitaletxeentzako egindako liburuetarako ilustrazioen originalak, baina baita nire bozeto liburuak edota ilustrazio pertsonalak ere, lan egiten dudan espazioan izaten ditudan objektuak, lan egiteko erabiltzen ditudan materialak... Nire unibertsoa azaltzea zen pixka bat asmoa.

Esan bezala, batera eta bestera ibili zara. Orain zein proiektutan zaude murgilduta? 

Orain lan desberdinak ditut esku artean. Iban Gurrutxaga gitarra jotzaile eta anaiarekin abuztuaren 6rako musika-marrazki saio bat prestatzen ari naiz. Alkizan aurkitzen den Urmara museoan eskainiko dugu, abuztuaren 6an 18:30ean. Ondoren, 19:30ean, sortzaile desberdinen lanekin antolatu den erakusketa baten inaugurazioa ere izango da.

Eta liburuen munduan, oraintxe bertan Mexikorako liburu baterako ilustrazioak ari naiz egiten, beste zenbait lanen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!