XXVII. Joxan Tolosa Txapelketako finalak erabakita

Tolosaldeko Ataria 2016ko abu. 22a, 09:50

Astez aste joan dira partidak jokatzen eta pasa den asteburuan erabakita geratu dira nortzuk jokatuko dituzten finalak Amezketako XXVII. Joxan Tolosa Txapelketan: Mata-Apezetxea, Etxeberria-Alberdi eta Santxo-Perez. Herriko festak tarteko, finaleko partidak irailaren 4ean jokatuko dira.

 

Kadeteen mailako lehen partidan Matak lortu zuen finalerako txartela, Egiguren 12 tantoan utziz. Oso ondo jokatu zuen, eta meritu handiarekin eskuratu zuen garaipena. Bigarren partida Alberdi eta Apezetxearen artekoa izan zen, eta Apezetxea goizuetarra izan zen garaile nagusitasun handia erakutsiz eta Alberdiren markagailua 2an utziz.

Gazteen mailan, Aizpurua-Etxeberria eta Antso-Alberdi partidak izan ziren jokoan. Finalera pasa direnak, Etxeberria eta Alberdi izan dira. Lehen partidan Aizpuruak gehiago jokatzen duen inpresioa eman bazuen ere, Etxeberriak bere sasoi eta grinarekin lortu zuen garaipena, partida 9-18 amaituz. Bigarren partidan, aldiz, Alberdik partidari hasiera bizia eman zion amaierarako lanak erraztuz, eta Antso 9 tantotan utziz.

Nagusien mailan Santxok 18 Errandoneak 12 bukatu zen lehen partida. Partida gogorra eta borrokatua jokatu zuten biek ala biek, 11nako berdinketara bitartean. Bigarren zatian, ordea, Santxoren esperientzia ikusi ahal izan zen. Bigarren partidan Perezek 18 eta Zubizarretak 14 izan zen azken emaitza. Izugarrizko ikuskizuna eman zuten bi pilotariek, benetan bikaina izan zen bataren joa eta bestearen defentsa eta erasoa. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!