«Pozgarriena denbora luze eta gogor horretan maila eman izana da»

Asier Imaz 2016ko ira. 29a, 11:00
Jokin Altuna behean, ezkerretik bigarrena, lau t'erdiko txapelketaren aurkezpen ekitaldian

Udarako protagonista nagusia izan da Jokin Altuna amezketarra; txapela gehien janzteaz gain, zortzi finaletatik seitan egotea lortu du Aspeko pilotariak.

Lau t'erdiko txapelketa atzo aurkeztu zuten. Jokin Altuna (Amezketa, 1996) zerrendaburuetako bat izango da, Irujoren lekuan. Uda honetako protagonista nagusia, bigarren asteburuan sartuko da txapelketan, final laurdenetako ligaxkan. Urrutikoetxea egungo txapeldunaren aurka jokatuko du Altuna III.ak lehen partida hori.


Uda ahaztezina izan da zuretzat.
Ederra atera zait, bai. Gustura nago. Balorazioa egiteko garaian finalak begiratzen dira, eta horietan egon naiz. Baina niretzat pozgarriena, denbora luze eta gogor horretan maila eman izana da. Nik uste baino askoz hobeto ibili naiz, eta horrek izugarrizko poza ematen dit.


Uda, ordea, albiste ilun batekin hasi zen.
Irujoren albistea golpe gogorra izan zen guztiontzat, eta batez ere berarentzat. Enpresako pilotaria da, eta horrez gain, txikitan nire idoloa zen, eta orain ere bai. Beraren kontra izugarrizko ilusioarekin jokatzean nuen. Behatzeko kontuak zirela pentsatzen genuen denok, eta bien bitartean bihotza zen. Golpe gogorra izan da. Ea zer gertatzen den.


Hutsune handi hori betetzeko, enpresak zurekin kontatu duela dirudi.
Iker Irribarriak eta biok partida piloa jokatu ditugu. Ia denak estelarrak. Irujok izugarrizko pisua zuen, bi edo hiru egunez behin partida bat jokatuz. Hori zer den ezagutzeko aukera izan dugu. Bere maila ematea oso zaila da. Berak urteetan eduki duen presio hori, guk uda batean eduki dugu. Egia esan pilotaz gozatu egiten duzu, baina oso gogorra da. Batzuetan, gauez etxera itzuli eta hurrengo egunean berriro jokatzera joan behar izaten duzu. Zati batzuetan nekatuta sentitu naiz, baina nik uste pilotari guztiok nahi duguna horixe dela. Beraz, ez nago kexatzeko.


Eta Altuna III.ari martxa hori gustatu egiten zaio.
Egia esaten baldin badizut, oso gustura sentitzen naiz. Oraindik gazteak gara, eta pilotan uda gogorra izaten da. Parranda egiteko aukera handirik ez da izaten. Baina nik nahi dudana horixe da. Txikitatik hori lortzeko ibili naiz borrokan, eta izugarrizko ilusioa egiten dit uda horrela pasatzeak: erabat pilotan zentratuta. Oso gauza polita da. Ea hurrengo urteetan ere horrelako udarak egiten ditugun.


Zortzi finaletatik seitan egon zara. Lau irabazi dituzu eta bi galdu. 34 partida baina gehiago…
Zenbaki horiek hobetzea zaila izango da. Baina pilotariok saiatu behar dugu ateratzen garen guztietan ahal dugun guztia ematen. Ez txapelketetan bakarrik, beste partidetan ere bai. Txapelketak gehigarri bat dira, eta polita da zure izena hor ikustea. Baina lehen esan dudan bezala, gustura nago udako partidetan eman dudan mailarekin; txapelketakoa izan edo ez izan.


Uda honetan markatuta geratu zaizun momentu bat?
Zabaletarekin bi txapela eta Rezustarekin bat irabazteak ilusio handia egin dit. Baina egia esatea nahi baldin baduzu, niretzat bereziena Abel Barriolarekin Bilbon irabazitakoa izan da, Bost t'erdiko Txapelketan. Debutatu nuenetik kidetasun berezia sentitu dut Abelekin. Kantxa barruan izugarrizko pilotaria da, eta kanpoan pertsona bezala handia da. Izugarri laguntzen dit Abelek, eta horrez gain, berarekin txapelketarik jokatu gabea nengoen. Beti hitz egiten genuen, ea elkarrekin noiz izango genuen aukera bat. Azkenean iritsi zen, eta izugarrizko ilusioa egin zidan berarekin irabazteak.


Betirako geratuko zaizun oroitzapena.
Espero dut Abel ni baino lehen erretiratzea, hemendik urte batzuetara. Niretzat idolo bat izan da. Profesionala kantxa barruan eta kanpoan. Horrelako pilotari batekin jokatzeko aukera izatea plazer bat da.


Altuna III-Zabaleta. Belarrira ondo sartzen da.
Berarekin jokatzea izugarria da. Pilotari asko ematen dio, eta nire ustez, ikasten ari da, huts gutxiago egiten. Uda honetan maila izugarrian ibili da. Opariak apenas egiten ditu, aldiz, lana eta sufritzen ongi daki. Sinatuko nuke berarekin txapelketa jokatzea.


Uda gutxietsi gabe, benetako garaia orain iritsi dela esan daiteke.
Udak izaten du eromen ukitu bat. Prestatzeko denborarik ez duzu izaten. Jokatu, eskuak errekuperatu, eta berriro jokatzera. Egia da, udak gero urte guztian zure lekua zein izango den dezente markatzeko ere balio izaten duela: lehen mailan edo bigarrengoan. Baina txapelketa garaia iristen denean, pilotariok beste modu batera hartzen ditugu. Ongi prestatuta iritsi nahi izaten duzu. Orain lau t'erdikoa jokatzen hasiko gara. Ilusio handia egiten didan txapelketa da. Maila ona ematen saiatuko naiz, eta ahalik eta urrutien iristen. Jokatzeko eta txapelketa on bat egiteko gogoz nago.


Zoritxarrez, Iñaki Artolaren hutsunea izango du txapelketak.
Pena handia da. Iñaki lagun handia dut. Uda guztia arazoekin zebilen, operatu edo ez operatu. Azkenean operatu egin da. Gaztea da, eta ez du presarik izan behar. Orain garrantzitsuena ondo errekuperatzea izango da. Binakakoa hor izango du, eta gero ere, lau t'erdikoak jokatzeko aukera izango du. Pilotari handia da, eta badakit nik edukiko dudan aurkaririk gogorrenetakoa bera izango dela.


Zoriona, Erasun eta Peñarekin etorri da eskualdera. Bi gehiago profesionaletan.
Orain dela urte batzuk lehortea zegoela ematen zuen eskualde honetan. Azken 3-4 urteetan, dezente igo dira. Niretzat oso pozgarria da: txikitan elkarrekin ibili eta gero debutatzea. Peñarekin ez dut horrenbeste jokatu, baina Erasunekin bai. Erabat elkarrekin ibili izan gara, baita aurkari bezala ere. Lagun handia dut, eta poz handia eman dit. Ea biei ondo joaten zaien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!