Anoetako Udalak iaz jarri zuen martxan atez ateko hondakinen bilketa sistema. Udalaren esanetan, «etengabe» saiatu dira sistema hori «herritarren premia eta lehentasunetara» egokitzen. Bide horretan hainbat «hobekuntza» egin dituzte , eta horren harira «etxez etxeko» ekimen berri bat ere jarri dute martxan.
Sistema herritarren beharretara egokitzeko, esate baterako, «ontziak kalera ateratzeko ordutegiak zabaldu» dituzte, eta organikoa «edonoiz» jaitsi ahal izateko auzo konposterako guneak jarri dituzte.
Gainera, herritarren iritzia jasotzeko bide ezberdinak ere zabaldu ditu udalak: «galdetegiak egin ditugu, eta auzoz auzoko bilerak, eta baita herri-batzarrak ere».
Udalaren esanetan, bertan bildutako iritziak «oso kontuan» izan dituzte, aurrera begira «aldaketak eta hobekuntzak» proposatzeko.
Etxez etxeko ekimena
Orain arte, hondakin sistemaren inguruan jasotako iritzien ondorioz egindako aldaketen berri herritarrei eman diete, baina informazio-orrien edo hedabideen bitartez.
Baina, orain «urrats bat gehiago» eman nahi dute. Iritziak biltzen jarraitzeko eta anoetarrei bilketa sisteman egindako «hobekuntzen» berri emateko.
Gauzak honela, «etxez etxeko» ekimen berri bat jarriko dute martxan datozen asteetan. Hain zuzen ere, Anoetako udal teknikari bat joango da herriko etxebizitza «guztietara» bi helbururekin. Batetik, atez ateko sistema «egoki eta gustura» erabiltzen dutenei, azkeneko «berrikuntzen» berri emango die, eta era berean, teknikariak beraien «proposamenak» jasoko ditu.
Bestetik, atez ateko sistema erabiltzeko «arazoren bat» duten herritarrei, teknikariak «beren ezintasunen berri» galdetuko die, eta behin informazio horrekin «hobekuntza edo aldaketa berriak» non eta nola egin erabakiko dute.
Ekimen hau herriari eta herritarrei «mesede» egiteko sortu dutela azpimarratu dute udaletik, eta horregatik «herritar guztiei» ekimen honetan parte hartzeko eskatu nahi die. Izan ere, guztien ekarpenarekin lortuko baitute azkenean Anoeta «benetan txukun» edukitzea eta aurrera egiten jarraitzea.