Ogia ardatz hartuta antolatu dute Euskal Jaia Anoetan

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 9a, 09:21

Larunbat arratsaldean egingo dira lehen ekimenak eta igandean egun osoz izango da festa.

Asteburu honetan ospatuko dute zortzigarren aldiz Euskal Jaia Anoetan. Urriko bigarren igandean antolatzen dute jaia eta dagoeneko ohitura bilakatu da.
«Jai honekin, gure nortasun eta naziotasuna aldarrikatzeaz gainera, bertako eta inguruetako nekazari eta artisauei gure babesa adierazi nahi diegu. Horretarako egitarau zabal eta parte hartzailea prestatu dugu, haiek protagonista nagusiak izanik». Horrela nabarmendu du, Euskal Jai Batzordeko kide Jon Otegik.
Urte osoan egiten dute lan batzordean parte hartzen duten sei-zazpi lagunek. Urtez urte gai bat aukeratu eta horren inguruko lanketa egiten da. «Gero jai eguna gerturatu ahala, urtean zehar landutakoari forma ematen zaio eta herritar ugarik parte hartzen dute bileretan. Aurten, dezente jende bildu da, 20 bat lagun».

Artoa, txerria, arkumea... janaren inguruko gaiak aukeratu izan dituzte Euskal Jairako aurreko urteetan. Aurten, adibidez, ogiaren bueltan ibiliko dira. Bihar, 17:00etan, gari ereitea egingo dute herri baratzetan hutsik geratu den sail batean eta hurrengo egunean ogia egiteko prozesua erakutsiko dute. «Goizean zehar, Eguzkileire izeneko ogigilea Amezketatik etorriko da gurera, labea edukiko du plazan eta prozesu guztia nolakoa den erakutsiko du».

20tik gora postu izango dira igande goizean Anoetako plazan. Herriko baserritar eta artisauak izango dira eta era guztietako elikagai eta pitxiak jarriko dira salgai.

Txorizo pintxoak jarriko dituzte dastatzeko eta ardoa ere izango da eztarria bustitzeko. Horrekin batera, Anoetako ikastolakoek postua jarriko dute eta ikas-bidaiarako dirua aterako pintxoak salduko dituzte. Ondoren etorriko da herri bazkaria eta 200 bat lagun biltzeko esperantzan dira antolatzaileak. Dultzaineroek alaituko dute bazkaria frontoian.

Elizako zimiterioan garai bateko baserriko tresnak erakutsiko dituzte larunbat arratsaldean eta igande goizean zehar garai bateko Anoetako argazkiak erakutsiko dituzte toki berean. Aurten 400 urte betetzen dira Anoeta Tolosatik banatu zela. Bide batez, herriko adinekoen testigantzak jasoz osatutako bideoa ere erakutsiko dute igande goizean.

Jai giroa arratsaldean

Arratsaldean 17:30ean, desafioa antolatu dute: «herriko zortzi gazte, lau neska eta lau mutil, arituko dira lasto fardo bati tiraka 20 minutuko txandan, giza probarako erabiltzen den egitura baliatuz. Aurrez aurre, zaldia izango dute 800 kilo harriari tiraka. Zeinek plaza gehiago egin lehiatuko dira. Zer edo zer berezia egin nahi genuen eta ikuskizuna sortuko dela uste dugu», dio Otegik.

Giroa alaitzeko, 19:00etatik aurrera, talogileak izango dira plazan eta erromeria jarriko dute Izer eta Alabierrek. Eguna amaitzeko, 23:30tik aurrera, Joxe Replay taldeak kontzertua eskainiko dute.

Euskal Jai Batzordekoek herritar guztiei dei egiten diete asteburuan etxeko balkoian ikurrina jar dezaten, «jasaten dugun inposizioari erantzuteko». Bide batez, baserritar arropak janztera eta erosketak egiteko norberak bere poltsa eramatera animatzen dituzte herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!