Angula zaharrez birpopulatu dute Asteasuko erreka

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 24a, 16:46
Uraren Euskal Agentziak eta Foru Aldundiak sustatu dute proiektua

Azken hogeita bost urteetan ibai-aingiraren populazioak gainbehera jasan du, eta espezie horren egoera eta ibaiaren egoera ekologikoa hobetzeko helburuarekin angulak askatuko dituzte Asteasuko errekan.
Proiektua Uraren Euskal Agentziak sustatu eta finantzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Ekimena AZTI zentro teknologikoak jarriko du martxan.
Oria ibaiaren marearen mugan duen arrain-pasagune batean harrapatuko dituzte angula zaharrak, Uraren Agentziak jakinarazi duenez. Ondoren, uretan gora garraiatuko dituzte Asteasuko errekaraino. Ur Agentziaren arabera, Asteasuko erreka «kalitate handiko habitata» da aingirak garatzeko, eta horregatik aukeratu dute erreka hau.
2011tik abian da proiektua
Aipatu bezala, azken urte luzeetan aingiraren populazioak gainbehera egin du, eta espeziaren egoera hobetzeko asmoz, 2011z geroztik, AZTIko espezialistak Oria ibaian esperientzia pilotu bat egiten ari dira. Ekimen horietako bat «birpopulatzeko hiru formula aztertzea» izan da Uraren Euskal Agentziaren arabera.
Lehenengo saioa 2011ko ekainean egin zen Orbeldin, eta orduan 2.400 angula zahar eta aingira basati baino gehiago eraman zituzten ibaian gora, Uraren Euskal Agentziak emandako datuen arabera. Agentziak azaldu duenagatik orain arteko egindako saiakerek «emaitza oparoak» eman dituzte: «angulek bizirik iraun dute, eta nabarmen hazi dira».
Interes zientifiko «handia»
Uraren Euskal Agentziak azaldu duenez, ibai-aingira «espezie berezia da ikuspegi biologikotik», eta interes zientifiko «handia» du eta arrantza-tradizio «handia» dago banaketa eremuko toki askotan. Aingira ia Europa osoan eta Afrikako iparraldean bizi da. Gehienbat, ur gezatan hazten da. Azken hamarkadetan, aingiraren populazioek «gainbehera handia» jasan dute Europan. Ur Agentziak hainbat faktore aipatzen ditu gainbehera horren arrazoi moduan: «habitatak galtzea eta aldatzea, kutsadura, ibaietan alde batetik bestera joateko oztopoak, gehiegizko arrantza, aldaketa ozeanografikoak, gaixotasunak eta bizkarroiak».
Gauzak honela, gainbehera honekin amaitzeko asmoz, eta aingiren birpopulazioa lortzeko asmoz Asteasuko erreka bilakatuko da proiektu honen hurrengo geltoki eta aztergunea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!